Albistea entzun

HIZPIDEAK

Bizitza bat

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2020ko abenduak 20 - @mmuxika

Donostiako Parte Zaharra eguerdian. Nola hustu den turistarik ez dagoenetik. Garai bateko jendetzaren artean oharkabeago igarotzen zirelako edo, inoiz baino eskale gehiago dagoela iruditu zaio hiriburura aspaldian joan ez denari. Penagarria ere egin zaio zein ikusezin diren haien aurretik igarotzen direnentzat, eta zenbateraino mespretxagarri askorentzat.

Mutil gazte pare bat daude Konstituzio plazako arkupeetan lo zakuaren babesean, eta haietako bat altxa egin da dirua eskatzera, arratsaldearekin jende gehixeago mugitzen ari dela ikusita. Adingabea ez bada, hortxe-hortxe igaroa izango du heldutzat jotzen den adinaren langa. Begi handi eta ederrek ezkutatu ezin duten tristuraz eta lotsaz begiratu du, hitzik esan gabe. Iritsi berria dirudi. Migrazioaren dolua gainditu gabea da behintzat, agerikoa denez. Galdera asko sortu zaizkio begi haiei begiz eutsi ezin dienari, baina ez dio ezer galdetu eta aurrera jarraitu du bere bizitzarekin.

Atzean utzi duenak, ordea, ez du bizitzarik. Berria eraiki beharra dauka, utziak baititu aurreko bizitzan lagunak eta senideak; hizkuntza, ohitura eta bizitzeko modua. Dena zaio arrotz, eta zaila egiten zaio bizitza eraikitzen lagunduko dioten pertsonak topatzea mespretxuzko begiraden eta jarreren artean. Begi triste horiei eutsi, eta aurreiritzirik gabe begiratzen ikasi behar luke bizitza bat duenak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...