Horiaren azpiko koloreak

Edith Uranga Orioko arraunlariak eta Rafa Gonzalez Txabarri Orioko arraun elkarteko prestatzaile fisikoak etxean ikusiko dute gaurko derbia. Sailkapenean gertu dauden eta «estilo ezberdinak» dituzten bi talderen arteko partida«lehiatua» espero dute.

Rafa Gonzalez Txabarri Athleticen elkastikoarekin, eta Edith Uranga Uranga Realekoarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
Orio
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Entrenamendu arratsalde lasaia da Orioko Arraunetxen. Gaztetxoak ari dira uretaratzen arratsaldeko lehendabiziko orduetan, eta nesken talde nagusia izango da eguneko azken lan saioa egingo duten ontzietako bat. Hasi dira apurka-apurka taldeko kideak bertaratzen. Jertsearen azpitik Realeko kamiseta jantzita azaldu da hitzordura Edith Uranga arraunlaria (Orio, Gipuzkoa, 2001): Nerea Eizagirreren izena eta hamar zenbakia daramatza bizkarrean. Patxi Frances nesken taldeko entrenatzailea igaro da ondotik, eta zera esan dio bere arraunlariari: «Edith, erakutsi ondo kamiseta hori argazkietan, e!». Frances ere realzale petoa baita.

Mirotz-en bigarren entrenatzaile eta arraun elkarteko prestatzaile fisikoRafa Gonzalez Txabarri (Orio, Gipuzkoa, 1966), aldiz, athleticzale sutsua da. Laktato testak egiten ari zaizkie zenbait arraunlariri. Lan horiek amaitu bezain pronto, Athleticen kamiseta zuri-gorria jantzi, eta uretaratzen ari den haurren ontzi baten parean egin dituzte argazkietako batzuk bi protagonistek. «Aupa Athletic!», esan dute ontzitik. Berehala erantzuna ontzitik bertatik: «Aupa Reala!». Frances berriro agertu da, eta txantxetan mintzatu zaio bere laguntzaileari: «Nola izan daiteke oriotar bat athleticzalea?».

Etxean ikusiko dute Urangak eta Gonzalez de Txabarrik derbia. «Bazkidea ez banaiz ere, modu batera edo bestea, partida guztietara edo ia guztietara joatea lortzen dut. Taldekide batekin joaten naiz. Azkeneko partida guztietan izan naiz», esan du Urangak. «Ezinezkoa zait partidak ikustera joatea. San Mamesera joatearen falta sumatzen dut. Gainera, edukiera murrizketekin are eta zailagoa izan da sarrerak lortzea. Pentsa zer polita zatekeen Real Madrilen eta Bartzelonaren aurkako garaipenak harmailan ikustea», dio Gonzalez Txabarrik.

Athleticzale baino realzale gehiago dago Orio herrian eta Orio arraun elkartean, baina Gonzalez Txabarrik dio badirela «baten batzuk»: «Duela urte batzuk, Orioko athleticzaleak bildu ziren, eta jende dezente elkartu ginen. Nire adinekoak eta zaharragoak diren oriotar asko Athleticekoak dira, inguruko jokalari batzuk Athleticen aritu zirelako: Argote, Iribar abizeneko bat... Garai hartan, Realak ez zeukan orain Gipuzkoa osoa biltzeko daukan indarra eta gaitasuna. Athletic zen orduko talde indartsua. Nire alabak ere Athleticekoak dira». Urangaren etxean txuri-urdinak dira, ia guztiak: «Txikitatik gara realzaleak. Egia da aita athleticzalea dela, baina kontra egiteagatik-edo izango da».

Derbia aztertzen hasita, neurketa «parekatua» espero dute biek ala biek. «Bi joko estilo oso desberdinen arteko partida izango da». Baietz egin du buruarekin Gonzalez Txabarrik. «Realak baloia edukitzea maite du; Athleticek, ordea, joko askoz ere fisikoagoa dauka», erantsi du prestatzaileak.

Alde txikia

Bi taldeentzat liga hasiera oso ezberdina izan bada ere, sailkapenean elkarren ondoan daude orain: lau puntu gehiago ditu Gipuzkoako taldeak. «Esan daiteke orain arte biek asmatu dutela. Ligako garai ezberdinetan, baina biek asmatu dute. Partida polita izango da», hausnartu du Urangak. «Hasierako partidek eta amaierakoek berdin-berdin balio dute. Hiru puntu dira. Eta derbi honek ere hiru puntu balio du: uste dut jokalariek oso garbi dutela hori». Uranga ados dago esandakoarekin: «Hutsetik hasiko dira bi taldeak, eta irabazteko premia antzekoa da. Pikea gehiago da zaleen artekoa».

Horren harira, Gonzalez de Txabarrik dio lastima izan zela Mallorcaren aurkako porrota: «Puntu bakarrera jartzeko aukera genuen, baina kale egin genuen. Orain, oso partida zaila dugu. Taldeak daukan jokatzeko modua eta izaera dela eta, fisikoki bikain eta partidan bete-betean sartuta egon behar dute jokalariek. Erakutsi dute partida jakin batzuetan min handia egiteko gaitasuna dutela, baina jarraitutasun handiagoa falta zaie». Mallorcaren aurka galdu ostean, prestatzaileak uste du «errieta handia» egingo zietela jokalariei, eta Realaren aurka atera nahiko dutela izan dezaketen arantza hori.

Oriotarra izanik, berdin dio athelticzale edo realzale izan, bada pertsona bat guztiak biltzen dituena: Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea. «Taldearen egunerokoari asko erreparatzen diot. Betidanik gustatu zait futbola, eta taldearekin lotura duten eguneroko albisteen berri izatea gustatzen zait. Are gehiago Imanol etxekoa izanik», dio arraunlariak. «Imanol laguna dut. Athleticzale izateak ez du esan nahi Realari ezer txarrik opa diodanik. Duten estiloa eta filosofia gustatzen zaizkit, eta Imanol laguna dudanez, are eta gehiago».

Bakoitzak bere modura, baina biek sufritzen dute euren taldearekin. «Nik asko sufritzen dut», esan du Urangak. Barre egin du hori entzutean Gonzalez Txabarrik.Baina Urangak jarraitu egin du: «Jokalariek ahal dutena egiten dute, baina nik asko sufritzen dut. Gaizto jartzen naiz batzuetan». Prestatzailea mintzatu da ondoren: «Nik nire erara ere sufritzen dut, eta gustatzen zait sortzen zaidan tentsio hori», gehitu du prestatzaileak.

Kirol arlotik partida aztertzen hasita, bai Urangak eta bai GonzalezTxabarrik argi dute osteguneko Europa ligako neurketak eragina izan dezakeela Realean. «Fisikoki nabarituko dute jokalariek osteguneko partidaren zama hori. Bidaia ere kontuan hartu behar. Fisikoki eta buruz atseden hartzeko tarte gutxi dago. Hala ere, uste dut Reala iazongi ohitu zela egutegi eta egoera horietara», hausnartu du Urangak. Horren hariari jarraitu dio GonzalezTxabarrik: «Athletic Kopan dago, eta Reala Europa ligan. Ligara ez ezik, bi txapelketa horietara ere bideratu behar dituzteindarrak. Dena den, iruditzen zait Realak prestakuntza berezia daramala, denboraldi hasieratik bi txapelketa jokatzen ari baita. Athletic, ordea, ez. Gainera, Valentziaren aurkako Kopako itzulerakoa ez da orain, martxoko lehen astean baizik».

Entrenatzaile lanetan

Adnan Januzajren baja baieztatuta dauka Imanolek, eta Porturekin ordezkatuko duela uste du Urangak. «Portuk oso partida ona egingo du». Imanolek zelairatu dezakeen hamaikakoa egin du oriotarrak: «Portu, Oiartzabal eta Sorloth aurrean; Merino, Silva eta Rafinha zelai erdian; Zaldua, Aritz, Le Normand eta Aihen jarriko ditu Imanolek Remirorekin batera, nire ustez». Berehalakoan osatu du Urangak hamaikakoa, eta harrituta geratu da haren prestatzailea. «Denak dakizkizu, e! Latza!». Gonzalez Txabarrik ez luke Mallorcaren aurka zelairatutako atzealdea errepikatuko: «Dani Vivian bai, mantenduko nuke: asko gustatzen zait, gaztea izan arren heldutasun handia duelako. Haren alboan uste dut Iñigo Martinez eta Yuri sartuko dituela Marcelinok. Lastima da Nico Williamsek ezin jokatzea, Athletici falta zitzaiona ematen dio-eta jokalari horrek. Defentsak zabaltzeko jokalari aproposa da. Harribitxia da».

Talde batetik bestera nor eramango luketen galdetuta, Urangak ezdaki zer erantzun. Berehala bota du berea Gonzalez Txabarrik: «Imanol eramango nuke nik. Duen izaeragatik, ondo egokituko litzateke Athleticera. Jokalaririk ez nuke eramango Realetik, baina entrenatzailea bai».

Entrenamendua zuzentzera doala, urruntzen ari den bitartean, zera erantsi du Gonzalez Txabarrik: «Reala edo Athletic, baina lehendabizi, eta beti, Aupa Orio!». Kolore horia da nagusi, baina azpitik beste batzuk ere badituzte: zuri-gorria batak, txuri-urdina besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.