KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Ez zen ezer gertatu

Lau noten opera-ren emanaldia, igandean, Donostian. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun

'Lau noten opera'

Zikloa: Musika garaikideko zikloa. Egilea: Tom Johnson. Negrita:Solistak: Miren Urbieta-Vega (sopranoa), Marife Nogales (mezzosopranoa), Beñat Egiarte (tenorra), Fernando Latorre (baritonoa), Pedro Llarena (baxua). Eszena zuzendaria: Ekaitz Unai Gonzalez. Musika zuzendaria: Arkaitz Mendoza.Pianoa: Pedro Jose Rodriguez.Lekua: Tabakalerako Patioa.Eguna: Abuztuak 25.

Musika garaikideko zikloaren azken-aurreko kontzertuan Tom Johnsonen Lau noten opera lehen aldiz euskaraz entzuteko aukera izan zen, Tabakalera eta Musika Hamabostaldia batu dituen ekoizpen berrian. 1973an konposatua, obra hau osatzen duten lau noten —re, mi, la, si— konbinazio amaigabeetan garatzen den testua operaren eta solisten munduaren mania eta handikeriez trufatzen dela esan daiteke. Baina 60 minutuan ez da, egiaz, ezer gertatzen, aria eta errezitatibo guztiek soilik euren buruari eta obrari berari egiten baitiete erreferentzia.

Ekaitz Unai Gonzalezek proposatutako eszenaren kontzepzioak meta-jolas horren gonbita onartu eta parodia hedatu eta azpimarratzeko erabili zuen. Hala, Tabakalerako Patioaren oholtzan mugimendua eta kolorea izan ziren nagusi, bai eszenografia, jantziak eta atrezzoa osatzen zuten elementuetan, bai solisten interpretazioan, jauziak eta conga barne. Dinamismo hori, baina, gehiegizkotzat har zitekeen momentu batzuetan, imintzioek arreta desbideratzeko arriskua handitzen baitzuten, baritonoaren lehen arian, esaterako. Edonola ere, eszenak berak musikaren minimalismoarekin eragindako kontrastea dibertigarria suertatu zen une oro, eta esketx itxura hartu zuten hainbat pasartek bete-betean asmatu zuten publikoak zuen ikusmira barre-algara bihurtzen.

Etxeko solista taldeak, operaren osotasunaren zama bere gain hartu ez ezik, sublimatu ere egin zuen. Miren Urbieta-Vegak, Marife Nogalesek, Beñat Egiartek, Fernando Latorrek, eta baita Pedro Llarenak ere (azken hau parte-hartze motz bezain dramatikoan), partiturak aurkezten zituen zailtasun eta bidegurutzeak nota altuz gainditu zituzten. Pedro Jose Rodriguezek pianoan eta Arkaitz Mendozak zuzendaritzan eskaini zuten zehaztasuna eta konplizitatea lagun, denen artean histeriarik gabeko komedia eraiki zuten. Halaber, ezer kontatzen ez zuen testua modu argian ahoskatzeko esfortzua nabaria eta eskertzekoa izan zen. Ez zen, bada, ezer gertatu. Barreak baino ez. Eta errepikapenak. Eta isiluneak. Musika baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.