jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Bizitza delitu

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Carola Racketeri laguntza eman beharrean, haren ausardia eta gizatasuna txalotu beharrean, atxilotu egin dute. Mediterraneoan jasotako 40 migratzaile Lampedusan lehorreratzeko baimena ukatu zioten Italiako agintariek, baina erreskatatutakoen egoera ikusita, Sea Watch 3 erreskate ontzia porturatzea erabaki zuen. Sekulakoa da Racketeri leporatzen dioten delitu sorta —itsas patruilaren ontzia abordatzen saiatzea barne— eta sekulakoa da jaso dezakeen zigorra.

Racketeren mezuek eta ekintzek aurrez aurre izan dute Matteo Salvini Italiako Barne ministroa. Arrazoiak badaude Salvini larrutzeko, errua hari egozteko. Erruaren zati handiena, ordea, ez da Salvinirena, migratzaileei laguntza ukatu dien Europako agintariena baizik, Mediterraneoan laguntza ontziak jarri eta lagundu beharrean, zaintza ontzien alde egin zutenena; nori eta Libiari migratzaileen erreskateen ardura eman ziotenena. Haberik edo adreilurik jarri gabe Trumpena baino horma gaindiezinagoa eraiki dutenena.

Europako agintarientzat hildakoak ez dira hain hildako pobreziatik, jazarpenetik eta gerratik ihesi Mediterraneoak irensten baditu edo Afrikako basamorturen batean betirako galtzen badira. Europako agintariak aspaldi konturatu ziren jasan dezaketela noizean behin Alan Kurdi berriren baten argazkiak sortutako haserre eta harrabots igarokorra. Europako agintariek delitu bihurtu dute bizitzak salbatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.