inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Alemana eta Korrika Nafarroan

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Sakanan barrena elurrak traba egin dio Korrikaren furgonetari, baina bultza egin diote gogotik, eta, elurra garbitzeko makinari esker, atzerapen txikiarekin egin ditu Iruñera bitarteko kilometroak.

Han, jendetzak heldu dio lekukoari, tarteka-marteka elurrak zuritzen zuen hiriburu zaharrean. Tipi-tapa, tipi-tapa, hegoalderantz abiatu dira, mendiek eta lautadak elkar laztantzen duten lur eremu zabaletara. Han nonbait zeharkatuko zuen eremu mistoaren eta ez-euskaldunaren arteko muga artifiziala. Hizkuntz eskubideen laborategi bat den lurralde horretan, badakite zer den urraketen aurka amore ez ematea. Badakite zer den, euskaraz ikasi ahal izateko, seme-alabak egunero bidaltzea dozenaka kilometroko autobus bidaiak egitera.

Horregatik, Korrika irrikaz hartzen dute Nafarroan. Aurten, asteburua lagun, jendetza handiak pilatu dira kale eta errepideetan. Akaso alemaniar jatorrizkorik ere egongo zen tartean, eta, hala balitz, ahoa bete hortz geratuko zen inork azaldu balio, gobernuaren aginduz, herrialdeko lan eskaintza publikoetan merezimendu handiagoa duela alemana jakiteak bertako korrikalariek aldarrikatzen duten lingua navarrorum-a ezagutzeak baino. Tamalez, kaleko maitasun grinatsua oraindik ez baita agintarien bulegoetara iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.