75. Musika Hamabostaldia

Hamabostaldiaren lehen notak, su festekin

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Itsasoari lotuta hasiko dute, bihar, Donostiako 75. Musika Hamabostaldia. Xarxa Teatrek Manchako kanala inauguratzeko egin zuen Veles e vents ikuskizunarekin hasiko da jaialdia. «Nahikoa apokaliptikoa izango da emanaldia, indar handikoa», azaldu du Jose Antonio Etxenike zuzendari laguntzaileak. Musika eta dantzarekin batera, argiak eta suak botako dituzte. Kursaaleko terrazan egingo dute Veles e vents. Hango auditoriumeko kontzertuen zikloa ere bihar hasiko da, eta Donostiako Orfeoiak, Orfeoi Txikiak eta Okzitaniako Tolosako Orkestrak elkarrekin interpretatuko dute Hector Berlioz autorearen Faustoren kondenazioa.

Hasiera ekitaldi nagusia baino lehen, hainbat emanaldi izango dira Donostiako auzoetan. Bertako abeslari eta musikariek parte hartuko dute, eta horri garrantzi berezia eman dio Etxenikek. Musikene eskolako ikasleek sortutako Perkuten Duo taldeak perkusio instrumentuekin emanaldiak egingo ditu Sagastieder eta Urdaneta kaleetan. Dantzaz konpainiak, berriz, Hamabostaldirako espresuki prestatu duen emanaldia egingo du udaletxeko terrazan, 19:30etik aurrera. Fernando Saenz de Ugartek azaldu du konpositore klasikoen «musika gorpuztuko» dutela. «Mozart eta Hegelen konposizioen dantzak ikusiko dira». Gaineratu du ikasle atzerritarrekin egingo duten azkenengo emanaldia izango dela. Hamabostaldiaren aitzakian elkartu dira Juan Mari Beltran, Andoni Salamero eta Kukai dantza taldea. Elkarrekin osatu dute Hots-larretan ikuskizuna. «Hotsak elkartu ditugu; tradizioan daudenak eta ez daudenak erabili ditugu», azaldu du Beltranek. San Telmo museoko klaustroan izango da emanaldia.

Ospitaleetara bisita

Arkaitz Mendoza piano jotzaileak eta Ekaitz Gonzalez eta Harkaitz Cano idazleek, bestalde, Chopinek idatzitako nokturno sorta interpretatuko dute Nocturnizando emanaldian. Urtero legez, erietxe eta zahar etxeetan kontzertuak emango dituzte. Voce Vivace eta Arte Giove taldeek Aieteko Alai-Etxean eta Miramongo zaharren egoitzan emango dituzte kontzertuak. Monteverdi, Haendel, Mozart, Delibes, Bizet, Soutullo eta Vert konpositoreen obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Bi taldeetako partaideak Donostiako Orfeoiko kideak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.