Urmuga, mugen gainetik

Euskal Herriko mendebaldetik hasi eta ekialdera egingo du aurten ere Urmuga egitasmoak, 19 etapako ibilbide batean; mendia eta musika batuko ditu bidean. Besteak beste, Gorka eta Nerea Urbizu, Olatz Salvador, Dupla, Anari, Niko Etxart eta Chill Mafia taldeek parte hartuko dute kontzertuetan.

Urmuga, mugen gainetik.
jone arruabarrena
Bilbo
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Urmuga gauza asko dira, baina ezaugarri berezi bat dauka: bidaia bat da». Horrela aurkeztu zuen egitasmoa Felipe Uriarte mendigoizale eta Urmugako antolatzaileak, atzo. Bidaia horretan, hemeretzi egunez oinez zeharkatuko dute ekinbideko parte hartzaileek Euskal Herria. Baina ohartarazi du: ez da bidaia fisiko bat soilik, baita barne bidaia bat ere. «Zatituta bizi garen herri honetatik, osorik eta elkarturik bizi izan zen herri batera, eta etorkizunean ere berriz elkartuko den herri horretara bidaia bat da», azaldu du.

[youtube]https://youtu.be/3AnF_-yKjEM[/youtube]

Garobel mendilerroan barrena abiatuko da Urmuga egitasmoa, uztailaren 13an, eta, hemeretzi egunez, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du, uztailaren 31n Hiru Erregeen Mahaian bukatu arte. Espedizioan, mendizaleak eta musikariak elkartuko dira. Izan ere, mendizaletasuna eta musika batzen dituen egitasmo bat da Urmuga.

Iaz egin zuten lehen aldiz ekinbidea, eta, izandako arrakastaren ondoren, aurten berriz egingo dute. Urmuga Euskal Herria josten duen ertz luze bat da: Garobel Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahairaino doana, eta hortik hartu du egitasmoak izena.

Aniztasun gehiago

Ibilbideak irauten duen egunetan, hainbat kontzertu izango dira: formatu handiko sei kontzertu eta formatu txikiko beste sei. Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari izango dira kontzertuetan, eta Et Incarnatus orkestraren hamabost bat partaidez osatutako hezurdura izango dute oinarrian. Besteak beste, honako musikari hauek parte hartuko dute: Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma), Idoia Asurmendi... Lehen kontzertua Tologorrin egingo dute, eta azkena, Izaban. Edozeinek parte hartu ahalko du proiektuan, betiere antolatzaileek jarritako baldintzak betez: segurtasun neurriak eta naturarekiko eta besteekiko errespetua mantentzea beharrezkoa izango da.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten artisten zerrenda zabaldu nahi izan dute, eta estilo ezberdinetako musikariak batu. Artista gazteei garrantzi berezia eman diete, bi helburu argirekin: talentu gazteen ikusgaitasuna sustatzea eta publiko gaztea erakartzea. Urmugako antolatzaile Migel Zeberiok adierazi duenez, «mendi inguruan inoiz ibili ez direnak» naturara hurbiltzeko aitzakia gisa erabili nahi dituzte kontzertuak, baita adin guztietakoak musikara hurbiltzeko ere.

Horrez gain, gazteak proiektura erakartzeko, Urmuga mendi zeharkaldi ikastaroa jarri dute martxan. Ikastaroa 14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta ibilaldian zehar norberaren eta aterpe libreen zaintzari, elikadurari eta segurtasunari buruzko eduki teorikoak azalduko dizkiete gazteei bi mendi gidarik. Aste bakoitzeko txanda bat osatuko da, eta txanda horietako bakoitzean, gehienez, hamalau lagun onartuko dituzte, Euskal Herriko probintzia bakoitzeko bina.

Auzolana ardatz

Urmuga zaindu dezagun egitasmoa ere martxan jarri dute aurten. Natura zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan dute antolatzaileek egitasmo horrekin, eta Aramaioko (Araba) lurretan dagoen pago zahar batek gorpuztuko du ideia. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, pago horrek 250 urte inguru dituela kalkulatu dute adituek, eta, herriko udalarekin batera, horrelako zuhaitzak babesteko elkarlanean dabil Urmuga.

Antolatzaileek azaldu dutenez, auzolana da proiektuaren ardatz nagusietako bat. «Ekitaldi handia da Urmuga, logistikoki konplikatua, baina zoragarria. Jende askoren lanari esker aurrera ateratzen dena», adierazi du Migel Zeberiok. Gainera, azaldu du «lanerako prest» dagoen talde horren barruan, asko herri txikietako biztanleak direla: «Herri txikietan bizi den jende asko dago Urmugaren zain, horiek hiriburuetako kulturaren zirkuitutik kanpo geratzen baitira».

Felipe Uriartek gehitu du mendizaleak eta mendizale ez direnak, guztiak daudela gonbidatuta. Ibilaldi «xamurrak» izango omen dira, eta bakoitzak egunerako behar dituen elikagaiak eta bestelako objektuak baino ez ditu eraman beharko. «Dutxatu ondoren kontzertuetarako arropa dotorea jantzi nahi duena lasai egon daiteke. Autobus batek eramango du geldialdi batetik bestera bidaiarien ekipajea».

Izan ere, pandemia muga handia izan da kultur egitasmo askorentzat, baina Urmugak Euskal Herria zeharkatzen duen ertza erabili du hark ezarritako mugak zein beste asko eraisteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.