Itxaro Borda. Idazlea

«Gogoetaren eta kritikaren paralisi bat izan da kasik 50 urtetan»

Euskal Herriko gatazka ardatz hartuta, `Susmaezinak' eleberria argitaratu du Itxaro Bordak joan den irailean. Kontakizunari «osotasun» bat emateko xedez, gatazkaren bi aldeetako biktimei eman die hitza.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Joana Ibargarai -

2019ko azaroak 17
Felix, Patxi, Marian eta Pierre ETAko Erauntsi komandoko lau kide dira, eta haien inguruan aitzinatzen da Susmaezinak eleberriaren (Alberdania) trama. Ez dira, ordea, liburuko protagonista bakarrak; haiek egindako atentatuen biktimen ikuspegiak eta bizipenak ere agertzen baitira bertan. 1980ko hamarkadako «garai gogorrenez» ari da Borda, gatazkaren bi aldeak tartekatuz.

Zein zenuen hastapeneko helburua?

Aspalditik pentsatzen nuen horrelako thriller gisako nobela bat idaztea, euskal gatazka ardatz. Idazten abiatu naiz duela bi urte.

Iruditu zitzaidan zerbait falta nuela: komando horrek egiten zituen atentatuen ondorioz hil eta zaurituen figurak, hain zuzen ere. Kapitulu batzuk dira, eta, liburua bururatzean, horrelako osotasun bat ematen dute. Biktimen lekua euskal gatazkaren barnean: leku hori baimentzen du, leku hori hor da.

Azken bi urte hauetan, testuinguru berezi honetan.

Bai, bake prozesu unilateral horren denboran. Ez da nobela honetako pertsonaiek irudikatzen zuten garaipenaren giroa; ez da independentziaren helburua lortu; ez da ezer lortu, azken finean, borroka armatuaren bidez. Beraz, testuinguru horretan idatzi dut, eta halako kontraste bat egiten du, atzokoak eta gaurkoak.

Batzuetan zaila da sinestea 80ko hamarkadan zer irudipen zebilen euskal sozietatean borroka armatuaren inguruan. Gaurkoarekiko kontrastea hor dugu nobela guztian, eta, beharbada, kontraste horrek irekitzen ditu halako artekak edo arrakalak, biktimen istorioak ere kontakizunean kokatzeko.

Horretan sentitzen zenuen hutsune bat?

Ene lanetan sentitzen nuen hutsune bat, bai. Liburua egiten ahalko nuen bakarrik komandoko pertsonaien ikuspegitik, baina iruditzen zitzaidan —bereziki, erran duzun bezala, testuingurua aldatua baita 30 urtetik hona— zerbait eskas zela, narratzailearen diskurtsoan, nobela osoa eta osoagoa egiteko: aldea eta ifrentzua batera, makilaren bi puntak bezala.

Nola egin duzu makilaren bi puntez idazteko?

Zaila izan zait hastapenean. Demagun: guardia zibil baten edo armadako jeneral baten izpirituan sartzea. Errazago zitzaidan guardia zibil baten ama baten edo atentatu batean hil mutiko gazte baten ama baten ikuspegitik idaztea. Azkenean, ohartu naiz idazle naizen aldeko egiteko bat dela ere lehen etsaiak deitzen genituen pertsonaien baitan sartzea eta haiek ene kontakizunera integratzea.

Enpatia kasik automatikoa dugu ETAko kideekin. Enpatia horrek jarraitzen du presoekin eta errefuxiatuekin, baina zailago suertatu zait enpatia hori hedatzea beste aldera ere. Emozio bat sentiaraztea gureak ez diren pertsonaientzat ere.

Fikzioa egin duzu gertakari eta data konkretuak baliatuz.

Dena fikzioa da, nahiz eta gibelean edonork ezagutzen ahal dituen gertakariak egon, bai alde batekoak eta bai bestekoak. Nahasketa horren bidez, ene xedeetatik bat izan da erakusten saiatzea jende arruntak, gazte arruntak, fedea zuten gazteak, nola bilakatzen ziren hiltzaile, azken batean.

Gainera, Erauntsi komandoko lau kideak dira familia giristinoetakoak. Ikusgarria da Iparraldeko jendarte horrek nola onartu zuen biolentzia politiko hori gauza zuzen eta bidezko bat bezala. Eta badu gaurkotasun bat. Orain ikusten ditugu arabiar gazteak, hor ere fedearen izanean konbertituak, borrokara joaten eta masa hilketak eragiten.

Konparagarria da?

Bi borroka motak ezin dira konparatu, baina hiltzea justifikatzen duten mekanismo intelektualak berdinak direla uste dut.

Egoera ezberdina da. Historia, sozietatea, erailketen neurria ezberdinak dira, baina, lehen, gure belaunaldietako gazteek borroka armatura egiten zuten urrats hori; belaunaldi berrietako gazte zenbaitek—izanik arabiarrak edo ez— egiten dute motibazio berdinekin. Azken batean, Bataclaneko atentatuak edo Sirian gertatu diren sarraskiak obratzeko. Mekanismo horrek beti arranguratu nau, egiazki. Ikusi ditut hainbat eta hainbat gazte, ene belaunaldikoak, edo IKn [Iparretarrak] edo ETAn sartuak, nobelan bezala, nik deus jakin gabe. Bazen halako misterio bat, misterio bat konbertitze erradikal horren inguruan: zer pasatzen zen jende horien buruetan?

Erauntsi komandoko kideak Ipar Euskal Herrian bizi dira, eta mugaz bestaldera doaz atentatuen egitera, Hegoaldera edo Espainiara, «heriotza ereitera». Duten alde bikoitza azpimarratuduzu; etxeratu eta ingurukoek ez dute ezer susmatzen.

Bai, aita familiako, senar plantako, langile... Amarekin harreman azkarra duten bi seme ere badira. Laborari bat ere bada, traktorearekin iraultzen ari delarik bizkarreko minez. Jende arruntak dira komandotik kanpo. Bizitza bikoitza eramaten dute. Horretako erraten dut thriller baten antzekoa dela eleberri hau.

Beraz, muga pasatzearena zentzu zabalagoan uler daiteke.

Bai, hori bera. Pertsonalitateetan ere transgresioak egiten dituzte, beren etikan eta beren sinesteetan. Muga biziki erraz pasatzen dute. Muga erreala eta muga metaforikoa.

Nola eraiki dituzu pertsonaiak?

Lau pertsonaiak arketipikoak dira: bada laborari munduko bat, bada langabetu bat, bada lanean ari den bat eta bada emazte bat. Gure jendartearen atal bat irudikatzen du bakoitzak. Pertsonaia horiek badute zati bat asmatua eta beste zati bat errealitate bati atxikiagoa, lekukotasunaren isla bat bezala. Baina fikziozkoak dira, ez du nehork bere burua horretan kausituko.

Ene ideia zen, halaber, gertakari latz horiek nobela batean sartzea, beren krudeltasunarekin, ahal bezain laster, ohiduraz ematen baitugu belaunaldi edo belaunaldi erdi bat gertatutakoa literaturara pasatzeko.

Zergatik denbora hori?

Uste dut badugula halako beldur bat iragan hurbil horretan gertatuari buruz, errespetu bat ere jende batzuk oraindik bizi direlako, lekukoak, eta abar... Gure herria, gainera, ttipia da... Denek elkar ezagutzen dugu eta bada halako isiltasun bat; eta, bereziki, borroka armatuaren aitzakian gertatu zaigunaz hitz egiteko ezintasuna.

Eleberriaren hastapenean, idazleak Carmenekin duen elkarrizketan, horrelako eleberri baten publikatzeko «lanjerra» aipatzen du. Hori da?

Hori da, bai, hori da lanjerra: nobela batek jendea mintzea. Gertatu sufrikarioari sufrikario gehiago gehitzea, hori izan liteke lanjerretarik bat. Baina luzara, horrela pentsatzen jarraitzen badugu, literaturaren heriotza ezagutuko genuke, eta ez bakarrik hemen.

Hor ez duzu mindu?

Beharbada bai, beharbada ez, ez dakit, ageriko.

Irakurri duten jendeak gazte belaunaldikoak dira eta horiek ongi hartzen dute. Ez naiz oraindik mintzatu ene belaunaldiko irakurleekin; hori ere gertatuko da.

Komandoko gizon horiek harreman berezia dute sexuarekin. Zer erakutsi nahi zenuen hortik?

Sexua bizia da, bizitzaren sinboloa. Beraz, alde batetik, badute botere eta sexu gose bat, erakusteko nor non den eta nork manatzen duen; eta, bestetik, beharbada, badute heriotzarekiko hurbiltasun sentimendu bat. Badakite edonoiz atxilotuak izaten ahal direla, erailak ere bai, eta, beraz, iduri du ahamen bikoitzak ematen dituztela bizitasun horren dastatzeko. Egia da ere, bestaldetik, badela halako matxismo bat. Baina denbora horietan hala zen. Ez dakit aldatu denetz; espero dut baietz.

Bizi ginen gizon mundu batean, eta euskal mundua gizon mundua zen.

Hain zuzen, Marianekin duten harreman hori...

Teknikoki, atentatuen egiteko, autoak gidatzeko, konfiantza itsua egiten diote. Gidari trebea da. Baina komandotik kanpo, berriz emazte bilakatzen delarik, orduan hasten da genero aldetik ezberdintze bat. Komandoan direlarik, denak berdin dira; behartuak dira bata bestearengan konfiantza ukaitera, hil dituzten jendeei edo egin dituzten atentatuei ez pentsatzera. Ukamen prozesu batean daude: beren buruei ez diete egin dutena onartzen.

Ordenei obeditzen baitiete?

Ez hori bakarrik. Norberaren etikaren kontra joaten den zerbait egiten delarik, batzuetan, memoriak edo pentsamenduak halako harresi bat altxatzen du, eta bi munduak arrunt bereizten dira. Bien artean bada muga bat. Marian ere, komandotik kanpo dagoelarik, berriz emazte bilakatzen da: kozina egin behar du, potxola deitzen diote... hain loriosa ez dena. Ez dakit hala zen egiazki: fikzioa da. Baina susmoak dira... Gai hori aipatuz, egin izan da tesi bat, ETAn ibili emazteak elkarrizketatuz... Marianek, agian, bere burua tesi horretako lekuko gisa ikusiko luke.

Itzaleko gudariak... Leku bat eman nahi zenien, beraz?

Bai, bistan dena. Gizonezkoz osatu komando hiltzailea da, baina, halere, emazte horren parte hartzeak emazteen zeregina sinbolizatzen du, borroka luze horretan. Biktimen aldetik ere, emazteen zeregina nabarmen utzi dut; ama, alargun, emazte eta ahizpa edo arrebak kausitzen dira nobelan zehar. Ez dut sekulan ulertu nola ez diren bi aldeetako emazteak batu borroka horri beste norabide bat emateko. Hori ere fikzioa izan liteke.

Amaren eta emaztearen figura beti hor da, baina periferian; beha da, mindurik. Alta, pisu eta eragin handia du. Zer rol jokatu du borroka horretan?

Gudariaren sosegua izan da. Uste dut soldaduak eta erakunde armatuetako kideak ezin direla gerlara joan amen, emazteen, arreben oniritzirik gabe. Oniritzia ez da errana; bada zerbait harremanean erakusten diena moralak debekatzen dituen gauzak egiten ahal dituztela. Seme kuttunaren sindromea.

Liburuko gizonezko pertsonaiek pentsatzen dute borroka armatua gizonezkoentzat dela, «aitak semeari» pasatzen dion zerbait dela.

Mitoa da.

Eleberriaren bukaeran, Felix preso da, eta «bere baitan preso». Zergatik horrela bukatu?

Ezin dio erran zer egin duen bisitaz etortzen zaion emazteari. Bizitza osoan horrela ari izan da, halako kartzela mental bat osatuz, geriza bat, geruza bat, eta hortik ezin da atera. Eta presondegian sartzen denean ere ez du deus erraten, ezin duelakoan. Logika horretan eraiki du istorio bat, bere buruari kontatu diona, partekatzen ahal ez duena. Eta hor ere, emaztearen zeregina... Martina hor da, haurrak hor dira.

Komandoko lau kideen kasuan familia hor izanen da, sostengua hor izanen da, baina nehork ezingo du deus kontatu. Felix kartzelatik ateratzen denean, segur naiz bere buruan ez dela ezer aldatu. Bizi osorako Erauntsi komandoko kide egongo da... Biziki zaila baita aldatzea, pentsamendua aldatzea, hiltzeraino sinetsi duzularik zerbaitetan.

Erraten duzu literaturak ezin duela «deus konpondu». Zer du bere rola?

Ez du deus konpondu, ez eta konpontzen ere. Baina, batzuetan, bakarretan, gogoeta ahalmena ziztatzen du, akuilatzen, pentsamendua berak uste ez duen bideetara eramanez... Literaturaren funtsetatik bat hori izaten ahal da; pentsamenduaren desbideratzea eta bideratzea.

«Gaiak birziklatzea» eta «zerotik abiatzea» aipatu duzu... Zer da orain zerotik abiatzea?

Zerotik abiatuko gara, euskal mugimendua —erran nahi du gutariko bakoitza— bere izenean eragin den sufrikario horren guztiaren zama onartzen hasten denean, Euskal Herritik kanpo etsaitzat geneuzkanen aldera, eta bai Euskal Herrian bertan, gizarte osoan.

Uste dut gogoetaren eta kritikaren paralisi bat izan dela kasik 50 urtetan. Oinarrietatik eraikitzen hasi beharko dugu eta borroka armatuaren historia hori ezberdin ikusi. Euskal gizarteak ezin du igurikatu, behar du egunero bizi. Behar du bere euskalduntasunean gozatu, edo, bederen, ez sufritu. Hori da lehen urratsetarik bat. Ni alde horretarik banoa. Historia idaztea, idazle bakoitzak bere bidetik, eta herritar bakoitzak ere gauzak erratea berehala, ez hemendik hiru belaunaldiren buruan.

Ziklo berria da bizitzen ari garena 2011az geroztik, ez gara konturatzen zer aldaketa izan den. Beti gelditzen gara duela 30 urteko giro horretan ba gina bezala. Uste dut badugula halako harresi ttipi bat gure begien aitzinean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna