Gorka Azkarate.
IRITZIA

Mila zatitan birrinduta

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Saioa amaitu berritan analisia idazteko zailtasunetan aurkitu dut neure burua txapelketa honetan estreinakoz. Ez da gutxiagorako, Baionako finalaurreko honek sekulako astindua eman baitigu bertsozaleoi. Hasi eta buka goi mailako jardunean aritu ziren oholtzara igo ziren sei bertsolariak, nor beretik. Ez da erraza bertsoaldi onenen aukeraketa egitea, asko izan baitziren nabarmentzeko moduko uneak. Ofizioka zein bakarka.

Azken asteetako neke eta estuasunak kanporatu zituen Nerea Ibarzabalek puntuazioa entzun ahala; eztanda egin zuen Laugak, eta lanak izan zituen markinarrak malkoei eusten. Hasierako agurretik argi iragarri zuen bere asmoa, eta sekulako lana egin zuen ondotik. Kristalezko sabaiari zuzen begiratu eta mila zatitan birrindu zuen bertso kolpez. Horretarako eguna zen. Goi mailan aritu zen kantuan une oro, bertsoaldiak eskatzen zuen erregistroa modu egokian aukeratuz. Ofiziotan sumatu genuen atzo bereziki dirdiratsu, kantukidearekin elkar hartu eta elkarrizketa emankorra osatzeko ahaleginean etengabe, punta-puntako bertsolariek soilik egin dezaketen moduan. Ideia aldetik oso argi, bertsotan irudiak marrazteko bere abileziaren zenbait perla ere oparitu zizkigun tarteka. Bakarkako eder batekin borobildu zuen bere jarduna, eta merezita ariko da kantuan Iruñeko finalean. Txapelketa hasi aurretik askoren kinieletan zegoen bertsolaria, eta oholtzan bete egin ditu kinielak.

Sustrai Colinak behetik gorako saioa egin zuen, eta, azkenean, Ibarzabalengandik oso puntu gutxira amaitu. Saioko bere lehenengo ariketan epel samar sumatu genuen, baina poliki-poliki berotzen joan zen eta bakarkako lan txundigarri bezain ustekabeko batekin berretsi zuen finalerako bere txartela. Beldurra ematen du Iruñean noraino hel daitekeen irudikatzeak. Beñat Gaztelumendi izan zen atzo hirugarren. Ale ederrak oparitu zizkigun añorgarrak. Nabarmentzekoa, besteak beste, Ibarzabalekin zortziko nagusian ondu zuen bertsoaldia, euskaraz ikasteko zailtasunak dauzkaten Seaskako bi ikasleren larrutik. Finalean kantatuko du beste behin ere Gaztelumendik, eta oso kontuan hartzeko bertsolaria izango da.

Hipotesi posibleenak betetzen badira, Julio Soto izango da aurten finalaren atarian geratuko den zortzigarren bertsolaria. Esker txarreko postua, baina ez gaitzala itsutu puntu eta postuen dantza eroak: sekulako txapelketa egin du iruindarrak, bere inoizko onena ziur aski, bere bertso ibilbidean heldutasun oparora heldu den garai honetan. Bakarkako lanetan espezialista izan da betidanik, baina aurten ofiziotan aritu da bereziki maila gorenean. Txapelketa hau mimo handiz prestatu duela bistakoa da, eta bertsozaleok lan horren emaitzaz gozatzeko zortea izan dugu. Eskerrik asko, Julio!

Unai Agirre eta Eñaut Martikorena bestelako helburuekin oholtzaratu ziren atzo, baina eman zuten biek ala biek eurenetik. Unai Agirrek Unai Agirreren antz handiagoa izan zuen atzo lehenengo itzulian baino. Ez du orain bost urteko balentria errepikatzerik izan, baina luze egongo ginateke bera bertsotan entzuten. Martikorenari dagokionez, argi dago txapelketa honetako sentsazioetako bat izan dela. Txapelketa bateko eskema eta patroi itxuraz zurrunak puskatzen dituen bertsolari bat da hernaniarra. Bere estiloari leial, ezusteko kolpeen bila aritu zen saio osoan zehar. Lortu zuenetan, plaza lehertu zuen. Etorkizunean zeresan handia emango duen bertsolaria, zalantza izpirik gabe.

Azken lerroak idazten ari naizen honetan, oraindik ere bizi izandakoari buelta ematen saiatzen ari naiz. Dagoeneko inor gutxi geratzen da inguruan. Abiadura ikaragarrian hustu dute Lauga. Kanpoko txosnatik ekarritako talo bat luzatu dit antolakuntza taldeak. Zer gehiago eskatu daiteke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.