Sei kontzertuk inauguratuko dute 82. Musika Hamabostaldia, etzi

Doako emanaldiak egingo dituzte Donostiako zenbait tokitan. Zikloak ere orduan abiatuko dira

Inaugurazio egunaren aurkezpena, atzo, Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Etzi inauguratuko dute Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. Orduan hasiko dira, batetik, Organo Zikloa —Ataunen (Gipuzkoa), Donostian eta Usurbilen (Gipuzkoa)—; eta, bestetik, Kursaaleko auditoriumeko kontzertuak: Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak joko du, Gustavo Gimenok zuzenduta eta Yuja Wang pianista bakarlariarekin. Egitarauko saio horiez gain, doako sei emanaldi antolatu dituzte Donostiako zenbait tokitan: udaletxean, Kursaalean, Karmeldarren elizan, San Bizente elizan eta Miramar jauregian.

Eguerdian, Maria Jose Barandiaran pianistak eta Iagoba Fanlo biolontxelo jotzaileak Beltran Pagola konpositorearen Sonata para cantos vascos eta Brahmsen 1. Sonata emango dituzte udaletxeko batzar aretoan. Kursaaleko atarian, berriz, Kup taldeak joko du, Gabriel Baltesek zuzenduta.

Arratsaldean, Esteban Urzelaik zuzendutako gizon koru bat ariko da Ander Simal eta Amaia Zipitria pianistekin, Karmeliten elizan, 17:30ean. Ánima izeneko saio bat emango dute, Euskal Herriko eta nazioarteko konpositoreen obrak nahastuta.

Ondoren, 18:00etan, Jose Ignazio Ansorena txistulari eta danbolin jotzailea eta Joserra Senperena pianista ariko dira udaletxeko batzar aretoan. Euskal danbolinaren aroak aurkeztuko dute, musika tresna hori entzuleei sakon erakusteko asmoz.

Euskal Herriko Gazte Abesbatzak San Bizente elizan abestuko du, 19:30ean. Aitor Biainek eta Basilio Astulezek zuzenduko dute, eta hainbat euskal kantu emango dituzte errepertorioan. Oier Etxaburu pianistak lagunduko die.

Inaugurazio eguneko azken ekitaldia Itsas urradurak izango da, Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak emango duten kontzertua. 20:00etan izango da, Miramar jauregian. Donejakue bidearen urtea dela eta, kostaldeko erromes ibilbideari lotutako kantuak interpretatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.