Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala

ZENBAT BURU, HAINBAT FABORITO

Bertsotan, hain bat-bateko jarduna izanik, inoiz ezin da jakin bertsolari bakoitzak nolako eguna izango duen, baina izan dira txapelerako hautagaiak argiago ikusten ziren urteak. Gaur, edozeinen buru gainean irudika daiteke, eta buruz burukorako ere, konbinazio gehienek ematen dute posible.

Gaur kantatuko duten zortzi bertsolariak, asteartean , Barakaldoko (Bizkaia) BECen bertan egindako finalaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Txapelketa den heinean, lehia ere badenez BECeko finala, txapela lortzeko hautagaiez eta buruz burukoaz pronostikoak egiteko egunak izan dira aurrekoak. Eta hango eta hemengo porretan, izen dantza handia ibili da, inoiz baino handiagoa, seguru asko. Izan daiteke Amets Arzallus faborito, txapelduna delako, eta horregatik bakarrik merezi duelako hainbeste. Martxan den trenera igo beharko du, eta hori traba bat izan daitekeela uste du zenbaitek. Baina bertsotarako erraztasun ikaragarria duela ez ezik, gazte-gaztetatik Arzallusek zerbait erakutsi izan badu, hori izan da egun handietan ez dela kikiltzen, oholtzan egoteko sen berezia duela. Gainera, finalera ondo iristeko egin beharreko lanak eginda datorrela dio, «poztasun horrekin». Ideietan zorrotz eta kantuan bizi aritzen den bertsolaria da.

Izan daiteke Maialen Lujanbio ere faborito. Ez sei txapelketa nagusitan parte hartu eta seietan finalera iritsi delako, hiru buruz burukotan kantatutakoa delako edo 2009an txapela irabazi zuelako. Horregatik baino gehiago, datu horietara iristeko bidean utzi dituen ale gogoangarriengatik izan daiteke faborito. «Epeltasuna» emaitza gisa, horixe ez duela nahi kontatu du. Alabaina, inoiz gutxitan amaitzen ditu saioak bere arrastoa utzi gabe. Irungo argia piztu zenekoa izango du jendeak batez ere gogoan, edo «Mercadona, merkea eta ona» hitz jokoa. Baina buruari pixka bat eraginda, segituan datoz sua «bi begiradek sortzen dutena» gisa definitu zuenekoa, argazkilari baten rolean egindako bakarkakoa, Himalaiatik idatzitako gutuna edo giltzurrun transplante baten harira Andoni Egañarekin egindako bertsoaldia.

Aitor Mendiluzek bosgarren finala du gaurkoa, eta laugarrena ordura arteko onena egin zuen. Durangoko finalaurrekoan bezala aritzen bada ofiziotako ariketetan, txapelerako lehian behar du, ia ezinbestean. «Bertsotan egitera» joaten dela esaten du beti, eta jendeak estimatzen dio txapelketan ere herriko edozein jaialditan bezala aritzea, batez ere jarrera eta erritmo aldetik. «Lehia ez ote dugu/ sustatzen gehiegi?» puntuari hurrengo puntuan «txapelketan galdetzen al didazu neri?» erantzun zion. Hori baita Mendiluzeren zigilua: entzun eta erantzun.

Euskal Herriko txapelketan ibilbide gorabeheratsuagoa izan du Igor Elortzak, baina, Mendiluzek bezala, finalik onena aurrekoan egin zuen. Hirugarren geratu zen. Aurten erakutsi du gutxienez orduan bezain ondo dagoela, eta, gainera, gora datorrela. Egundoko txisparekin aritu zen Donibane Lohizunen, umore tonuan ere asmatuz, eta egokitutako roletan pare-parean joz. Bakarkako ariketan du bere buruarekin zorra, dioenez, aurten egindako biak txukunak baino gehiago izan diren arren, bera gustura geratu gabe ere.

Txapelerako faboritoen artean, inoiz baino ozenago dabil Sustrai Colinaren izena ere. 35 urte ditu, eta bosgarren finala dagoeneko.«Nik hau egin nahi dut, eta hau egingo dut», esaten dio bere buruari. Azaldu du nolako bertsolaria izan nahi duen, asko pentsatuta eta horretarako bere buruari baliabideak emateko lan handia eginda iritsi dela finalera. «Libre eta konplexurik gabe» kantatu nahi du gaur. Bastidan baino «tenple hobean» eta Amurrion baino «gose handiagoz» igotzen bada oholtzara, bertsotan asko egingo duela badaki berak ere.

Finalaurrekoetan, inork baino hobeto lortu du Aitor Sarriegik publikoarengana iristea. Kartzelako bi lanetan, batez ere, eta nekez egongo da hori baino txapel ederragorik. «Bertso ukigarriak» egitea gustatzen zaio, jendeak erraz identifikatzeko moduko elementu eta pertsonaiak sartzea bertsoetan, zorrotz beti. Azken txapelketa du, eta «saio biribil» baten bila doa. Iruñeko finalaurrekoa irabazi egin zuen, eta finala irabaziko balu ere, harritu inor ez litzateke egingo.

Erregulartasuna eta segurtasuna aipatzen dira beti Beñat Gaztelumendiri buruz. Pentsa, bi finalaurrekoetan puntuazio berbera lortu zuen. Esana du, ordea, finala ez dela segurura jotzeko plaza, gehiago arriskatzeko jarrerarekin joango dela Barakaldora. «Geruzak kentzeko» egin du lan: beldurrik gabe kantatu nahi du, esaten duena «barruko emozioetatik» ekarrita; hau da, gai baten aurrean ideologikoki zer pentsatzen duen bakarrik ez, gai horrek zer sentiarazten dion ere kontuan hartuta egin nahi du bertsotan.

Unai Agirrek poz hartu zuenfinalerako sailkatu zela jakindakoan, eta poz hartu zuen publikoak ere, merezi zuela iritzita. Ziurrenik, gainerako finalistek ere poz hartuko zuten, ofiziotarako lagun ona izaten delako normalean. Euskal Herriko Txapelketan lehen finala izan arren, Gipuzkoakoetan badu eskarmentua. «Jolaserako» eramango du mingaina, hala ulertzen duelako bertsoa ere. Galtzeko gutxien, seguru asko, berak izango du, eta, aldi berean, irabazteko gehien ere bai.

Formatu berbera

Inazio Usarralde, Maite Berriozabal, Joana Itzaina eta Saroi Jauregi aurkezleen esanetara arituko dira bertsolariak. 20:00ak aldera amaituko dituzte lan puntuagarriak. Orduan jakingo da Sebastian Lizasok zeini jarriko dion txapela.Lehiari lotutako morboa berekin dakar txapelketak, baina kirol lehiarekin zerikusi gutxi du bertsoetakoak. Eta irabazten duenak irabazi, ziurrenik, poz hartuko du publikoak gaur ere. Eta hunkituko da buruz burukoan bigarren geratu denak txapeldunari besarkada emandakoan. Eta gogor joko dio txalo zortzigarrenari ere.

Urrirako bukatu ziren sarrerak, eta 14.600 lagunek baino gehiagok beteko dute aretoa.Azken finaletan ohiko bihurtu den bezala, nazioarteko ordezkaritza bat ere izango da BECen, Mintzola terraza jarriko baitu Bertsozale Elkarteakahozkotasunaren ikertzaile, aditu eta inprobisatzaileei txapelketa ezagutarazteko eta haiekiko harremanak estutzeko.

Formatua orain lau urteko berbera izango du finalak. Goizean, hamabosna bertso puntuagarri bota beharko dituzte bertsolariek; arratsaldean, hamarna. Puntu gehien duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, eta han beste hamaikana bertso kantatu beharko dituzte. Bertsozale Elkarteak nabarmendu du aretora ezin izango direla sartu kristalezko edukiontziak, latak, plastikozko botila handiak, hozkailuak, bonbonak eta halakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.