Literatura

Estiloa, estiloa, estiloa

Urtemuga bikoitza du aurten Gesualdo Bufalino idazle italiarrak: hil honetan 25 urte izango dira zendu zela, eta orain 40 urte argitaratu zuen lehen eleberria, 'Diceria dell'untore'. Josu Zabaletak euskaratu zuen haren hirugarren eleberria, 'Gaueko gezurrak'.

Gesualdo Bufalino idazlea. BERRIA.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Sakonean, niretzat, publikatzeak ezpaltzea esan nahi du, mila ispilutan sakabanatzea, zeinak baitira irakurleen kontzientziak. Zatikatzeko manera bat da, tristura zital bat daukana eta orain artean saihestu nahirik ibili naizena. Era berean, batek, idazten duelarik, sakonean bere buruarentzat idazten du, eta men egin diezaieke bere bizio eta gehiegikeria apartenei, beldurrik izan gabe kritikarien juizioei eta irakurleen intrusioei, eta, beraz, inpunitate sentipen eder batekin».

Gesualdo Bufalinok idazten zuen bezalaxe hitz egiten zuen, kamera aurrean behintzat: etorri ugaria eta aberatsa, estilo jasoa eta hanpatua, eta irmotasun bat bere-berezkoa. Haatik, erresalbu handiz begiratzen zion idazlearen figura publikoari, eta, haren esanetatik uler daitekeen bezala, harreman gatazkatsua zuen bere lanak argitaratzearekin. Bizitzan berandu ekin zion bere ibilbide literario publikoari, besteren pertsuasio lanak hartaratuta, eta uzkurtasun handiz betiere, gogoz kontrara ia. Argitaratzen hasi, ordea, eta egundoko arrakasta izan zuen, berehalakoan Campiello saria eta klasikoaren estatusa eman zizkiona. Paradoxikoa bada ere, Bufalinoren berezko uzkurtasunak eta idazlanik argitaratu nahi ezak gehiago harrotu zuten haren idazle figura, eta, nahiz eta arrakastaren eztandak ez omen zion, beraren esanetan, bizimolde bakarti eta lasaia guztiz porrokatu, idazle handiaren itzalak hil artean pertsegitu zuen ezinbestez.

Gesualdo Bufalino 1920an jaio zen, Siziliako Comiso herrian. Gaztaroan sartu-irten labur bat egin zuen literatura munduan, pare bat egunkaritan poema sortaren bat argitaratuta, baina berehala baztertu zuen idazletza, eta bizitza osoa eman zuen herriko institutuan irakasle. 1978. urtean, jaioterriko argazki zaharren bilduma baterako hitzaurrea idatzi zuen, eta, hura irakurri eta miretsita nonbait, Sellerio argitaletxeko Elvira Sellerio eta Leonardo Sciascia idazlea eskuizkribu eske hasi zitzaizkion, harik eta Bufalinok, azkenean, Diceria dell'untore (Izurritsuaren esamesa) entregatu zuen arte, 1981ean, zeinak egundoko eztanda eragin baitzuen Italiako letretan. Berehalako klasiko bihurtu zen, aurrerantzeko lanak ere bezala, eta Bufalinok ibilbide oparoa eta laudatua izan zuen hurrengo hamabost urteetan. 1996an zendu zen, auto istripu batean.

Diceria dell'untore izenburu zaila da itzultzen, eta hizkuntzaz hizkuntza hainbat aldaera izan ditu: gaztelaniaz Perorata del apestado eman zuten, eta frantsesez, berriz, Le Semeur de peste. Obra bete-betea da, idazle zaildu baten lan umoa, eta ez arinki leitzekoa, gehienbat estiloa dela eta. Karga-karga egindako idazmolde bat darabil Bufalinok, dotorea bai, baina puztua eta bihurritua, eta aldika taxugabea, hautsia, ia behaztopaka bezala leitzen dena, kontatzen duen istorioan ere halakoxeak direnez pertsonaiak eta giroak, hautsiak eta bihurrituak. Eleberria, izan ere, tuberkulosiak jotakoentzako sendategi batean dago girotua, hain zuzen idazlearen beraren esperientzia hartuta oinarritzat, gaztetan bi urte eman baitzituen halako etxe batean. Giro horretako gainbeherak eta usteldurak kontatzen dira nobelan, suerte eta klase guztietako pertsonaia porrokatuak, esajerazio batean paseatzen direnak nobelan burutik burura. Horregatik, idazkera ere herrenka bezala doala dirudi, protagonistaren barne bakarrizketa punpeziatsua aldizka itolarrian etengo balitz bezala, arnasa berritzera. Halere, giza fortuna petralaren biktima ugarien artean, hara non bihurtzen den nobela maitasun istorio eder-eder bat, soila, klasikoa, putrefakzio guztiaren kontrastean datorrena eta, bestela ezinda, sendategiko izaki herratuen asturua konpartitzen duena.

Fantasmagoriak eta itzalak konjuratzean datza, neurri batean, Bufalinoren literatura, eta antzeratsu egiten du, desberdin bada ere, Gaueko gezurrak eleberrian. Preso hartutako lau iraultzaileren azken gaua kontatzen du; goiz-alban exekutatuko dituzten esperoan daude, eta nork bere iraganeko istorio bana kontatuz ematen dute gaua. Lauretako inork iraultzaileen burua salatzen badu, zeinari Aita eternoa esaten baitiote, guztiak geratuko dira aske, eta bestela denak hilko dira. Trama nagusi horrek, kontakizun guztientzako markoa ezartzeaz gainera, bizitasuna eta sakontasuna ematen dizkio nobelari, eta dilema etiko baten ertz askotarikoetan biltzen ditu istorio bakoitzaren hari-muturrak. Nobelaren idazmoldea ez da, itxura batean, aurrekoan bezain bihurritua, baina landu askoa dago halere, eta jasoa, erregistro ugaritan emana. Hitzaurrean, Josu Zabaleta itzultzaileak propio aipatzen ditu Bufalinoren «[...] prosaren jasotasuna, idazkeraren malgutasuna, erregistro oparotasuna, adjektiboen doitasuna». Hain zuzen ere, Zabaletak Itzulpenaren Euskadi Saria irabazi zuen lan horrekin, eta atentzioz irakurtzea besterik ez dago ikusteko zein ederki ematen dituen Bufalinoren prosaren bihurrikeriak, oztopoak oztopo, euskara dotore eta oparo batean.

Bufalinok fantasmagoriak eta itzalak konjuratzen ditu, bai, heriotzaren horizontean, berdin tuberkulosoen sendategi baten giro groteskotik edo heriotzara kondenatu batzuen hil-behar desesperatutik. «Heriotza sentimenduaren aurkikuntza egin berriaren oinazea sentitzen nuen, [...] erdiespen ezkutua eta pribilegio jeloskorra, aldi berean», dio egileak Zabaletaren hitzaurrean. Sentimendu horrek ekarri zuen bueltan literatura mundura, literaturazale ororen gozagarri, Diceria dell'untore idazteari ekin zionean, «hitzaren iruzurrak oinazearen egiarekin, erretorika errukiarekin ezkontzeko gai» izan zenean, hain justu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.