Noiz sortua: 2020-02-16 00:30:00

Anjel Mari Olalde. Araba Euskaraz-en koordinatzailea

«Euskara hizkuntza propiotzat sentituz gero, urratsak egingo ditugu herrigintzan»

Hamasei urte egin ditu Olaldek Araba Euskaraz-en koordinazio lanetan, eta Korrikaren arduraduna ere izan zen bi ediziotan. Azaldu du urteetan esan dela haurrengan dagoela euskararen etorkizuna, baina helduen hizkuntza ohituretan jarri du arreta.
JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko otsailak 16

Euskara eta hezkuntza uztartzen dituzten jardunetan ibili da luzaro Anjel Mari Olalde (Agurain, Araba, 1955). AEKn eta Arabako Ikastolen Federazioan aritu da lanean, Araba Euskaraz jaiaren koordinazioan. Haren ustez, euskarak badu erronka bat: jendeak euskaraz badakiela, baina euskal gizartearen konpromisoa beharrezkoa dela haren erabilera sustatu ahal izateko.

Araba Euskaraz-en koordinazio lanean zabiltza 2004az geroztik. Zer moduzko urteak izan dira?

Jada igaro dira hamasei urte orduz geroztik, eta, egia esanda, urte hauek gorabeheratsuak izan dira. Momentu honetan prozesu batean murgilduta gaude. Beharrezkoa da aldaketak sortzea euskara jendeari gerturatzeko. Garbi dago prozesuak luze joko duela, baina espero dugu urrats nabarmenak eta sendoak egitea.

Zergatik gorabeheratsuak?

Azken batean, gizartean dauden gabeziak ere islatzen dira halako jaietan. Egun, geroz eta zailagoa da jendea mugitzea, eta parte hartzea ere mugatuz doa. Horri aurre egiteko, gizartean nabaritu behar da euskararen garrantzia zein den, eta bide horretan eman behar ditugu pausoak. Jende berria sartu behar da; gazteak, adibidez.

Soilik gazteek dute ardura?

Gazteek, umeek, helduek, familiek. Denok inplikatuz gero, lortuko ditugu emaitzak euskararen ibilbidean. Itxaropentsu nago, baina zerbait gaizki egin dugun sentsazioa ere badaukat. Egun eroso bizi gara, eta beharrezkoa da erosotasun horretatik ateratzeko bideak jartzea.

Korrikaren antolakuntza lanetan ere aritutakoa zara.

Korrikaren arduraduna izan nintzen bederatzigarren eta hamargarren edizioetan. Korrika beti izan da inflexio puntu bat, eta, pertsonalki, betidanik sentitu izan dut barru-barrutik; lehen edizioa izan ezik, gainerako guztiak bizi izan ditut. Oraindik ere uste dut eusten diola bere xarmari. Euskal Herri osoa bederatzi egunez zeharkatzea eta herriz herri jendea inplikatzea lortu du. Ibilbide polita izan du, eta oraindik ere badu etorkizuna.

Zer ematen du arduradun izateak?

Batzordeetan egindako lana eta herriz herri aritzea da gehien asetzen duena. Jende eta batzorde horiek gabe ez dago Korrika bezalako ekimen bat antolatzerik. Arduraduna postu soil bat besterik ez da, benetako lana herrietan egiten baita. Jendeak ekimena bere sentitzen duen neurrian, are gehiago aberasten eta handitzen da. Korrikak herriari esker iraun du.

Bi urtetik behin antolatzen da. Nolakoa izaten da antolakuntza?

Batetik, aurreko urteko balorazioa egiten da, eta gero ikusi egin behar izaten da zer-nolako urratsak plantea daitezkeen ere. Baita zein mezu plazaratuko den, betiere gizartean dauden elementu ezberdinen norabidea kontuan hartuta. Gainera, azken urte hauetan bereziki, mezu horiek ez dira isolatuak izan, aurreko edizioen jarraipena baizik.

Baina jendeak barneratzen al du mezu hori?

Korrika ez da urtero errepikatzen den gauza bat, eta bere gauza politenetakoa da bi urtean behin antolatzen dela. Egoten da hor tartean denbora pentsatzeko, eta esango nuke jendeak ondo hartzen duela atseden hori. Nabaritzen da edizio bakoitzean zer mezu plazaratzen den.

Halere, euskararen egoera ez da berbera Euskal Herriko txoko guztietan.

Ez, eta hor erronka berezi bat dago. Urteetan esan izan da umeengan dagoela etorkizuna, eta haiek euskaraz jakin eta erabiliz gero, irabazita geneukala euskararen aldeko borroka. Baina uste dut helduen ezagutzan ez dugula behar beste urratsik egin. Haien euskararen erabileran badago arazo bat.

Erabileran?

Umeek euskaraz badakite, baina helduok euskara erabiltzen ez badugu, haurrek sentitzen dute umeen hizkuntza bat dela; beraz, helduak direnean, agian ez dute erabiliko. Horri buelta emateko modu bakarra da helduok erabiltzea. Konpromisoa hartu beharko genuke euskara erabiltzeko, eta, horrela, posible litzateke erronka berriei ere aurre egitea. Eremu euskaldunetan errazagoa izango da, baina eremu erdaldunetan ezin dugu hutsik egin.

Nola lortuko da hori?

Batetik, beti diot beharrezkoa dela jendea animatzea. Erabileran pausoak ematea beharrezkoa da, hanka sartzen bada ere. Ikasteko ez dago beste modurik: lotsa galdu behar da, eta benetan hitz egin. Horretarako, euskaldun guztion konpromisoa beharrezkoa da, eta denok onartu behar ditugu akatsak. Euskara perfekturik ez dago. Hemen, Araban, posible da hori lortzea.

Nolakoa da egoera Araban?

Oso desberdina da Aiaraldean, Arabako Lautadan eta Gasteizko zenbait tokitan, Arabako Errioxan eta Trebiñun. Halere, ezagutzari dagokionez, ezin da alderatu gaur egungo egoera duela hogei urtekoarekin. Baina lehen esan bezala, erabileran ez dugu behar besteko aurrerapausorik eman. Euskaraz badakigu, eta kaleko giroak ere islatzen du hori, baina hitz egiteko orduan ez daukagu konpromisorik.

Beraz, zertaz ohartu behar du jendeak?

Herritarrek sentitu behar dute euskara ekarpen bat legez. Aberastu egiten gaitu eta, aberastasun hori sentitzen den heinean, hizkuntza propio gisa sentituko dugu. Are gehiago, euskara hizkuntza propiotzat sentituz gero, urratsak egingo ditugu herrigintzan. Horrek bereizten gaitu, eta, aldi berean, aberastu. Eta aberasten du munduko kultura ere. Globalizazioaz askotan hitz egiten dugu, baina ezin dugu ahaztu hizkuntza txikiek hor nolako garrantzia duten. Ezin dugu galdu euskara bezalako hizkuntza batek duen indarra eta horrek munduko kulturari egiten dion ekarpena.

Nori dagokio ekarpen hori egitea? Instituzioak hor daude, herri mugimendua hor dago...

Tira, instituzioek badute zeregina, baina oso garbi daukat haiek ez dutela sustatzen herrigintzak bultzatzen ez duenik. Nolabait, oreka bilatu beharra dago. Baina nik beti gogoan daukat gauzak behe-behetik proposatzen direnean egin egiten direla; aldiz, ohitu egin gara, nolabait, gauzak eginda etortzera, eta, ondorioz, herrigintzan indarra galdu dugu. Nahi ala nahi ez, hori berreskuratu beharra dago.

Halere, zuk ez duzu euskara betidanik alboan izan, ezta?

Ez. Euskaldun berria naiz; txikitan gazteleraz hitz egiten nuen. Gogoan dut txikiak ginenean herrian, Agurainen, bazeudela euskaraz hitz egiten zuten batzuk; haiek euskaldunak etiketa zuten. Garai hartako oroitzapen oso politak ditut.

Nolatan hasi zinen euskara ikasten?

Seminarioan egon nintzen, Gasteizen. Garai hartan mugimendua zegoen, batik bat politikagintzan. Momentu horretan hasi nintzen euskarara hurbiltzen, baina hasieran fundamentu gutxirekin. Gerora sentitu nuen hurbilago, eta baita hizkuntza propio bezala sentitu ere. Hizkuntza aberatsa da, eta kontzientzia bermatzeko ere baliagarria suertatu zitzaidan. Gainera, Arabatik atera eta ibili nintzen Euskal Herriko lurraldeetan barna. Guztia ezagutu ahala, nire buruak sentitu zuen euskara ikasteko beharra, baina era natural batean.

Ezkioko (Gipuzkoa) baserri batean ere egon zinen euskara ikasten.

1981ean egon nintzen bertan. Ez neukan lanik, eta erabaki nuen bertara joatea. Baserrikoak ere hurbilekoak nituen. Gainera, ordurako banuen oinarri bat euskaraz, eta han ere saiatzen ziren ahalik eta garbien hitz egiten. Bizimodua ere bestelakoa zen, nik ez nekizkien baserriko lanak, eta aitzurrarekin lanean aritzea ere esperientzia polita izan zen.

Ba al daukazu anekdotarik?

Baserritik irten eta ja euskalduna sentitzen nintzen, harik eta Ondarroara [Bizkaia] iritsi nintzen arte. Mundua gainera erori zitzaidan: ez nuen ezer ulertzen, eta oso gaizki sentitu nintzen. Ondarroatik Donapaleura [Nafarroa Beherea] joan nintzen, eta han ere sentsazio bera. Pentsatu nuen ja inoiz ez nuela ikasiko euskara. Baina, tira, banekien bestelako urratsak egin behar nituela eta, beraz, esperientzia horiek ere baliagarriak izan ziren.

Baina, azkenean, euskara irakasle ere aritu zinen.

Ezkion egon eta gero hasi nintzen euskara eskolak ematen. AEKn sartu nintzen, eta Agurainen ere sortu zen talde bat. Liberatu bat zegoen, eta hasi ginen pixka bat berari laguntzen eta euskara eskolak ematen.

Eta horrela, gaur arte; euskara beti alboan.

Horrela da, bai. AEKn ibili nintzen eta 2004an sartu nintzen Araba Euskarazen. Euskararen inguruan mugitu naiz gaur arte, eta orain ikusiko da ea datorren urte amaieran erretiratzen naizen ala ez. Geroko asmo garbirik ez daukat, eta ez dut horretan pentsatu nahi.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 905 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.972 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Diputatuak saioren hasieran, minutu bateko isilunean. / ©Mariscal, EFE

Alarma egoera luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak

Berria

EAJk iragarri du bilera horretan egongo dela. EH Bildu, berriz, ez da joango. Konfinamenduan apirilaren 26ra arte luzatu dute Hegoaldean.

Gasteizko farmazia bat. / ©Endika Portillo, Foku

Egun beltzenetan bigarrena izan da atzokoa, hildako kopuruari dagokionez

Ekhi Erremundegi Beloki - Ane Eslava

Gutxienez 59 pertsona hil dira Euskal Herrian azken 24 orduetan koronabirusak jota. 900 hildakoen langa gainditu da. 462 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean.

350 diputatutik 43 joan dira Espainiako Kogresura ©mariscal / EFE

EAJk atea ireki dio Sanchezek proposatutako itunean parte hartzeari; EH Bildu ez da joango

Irati Urdalleta Lete

Apirilaren 26ra arte luzatu dute alarma egoera, eta Sanchezek aurreratu du uste duela hamabost egun barru berriro alarma dekretua luzatu beharko duela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna