ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Maskararik gabe, noiz?

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Maskarak edo musukoak COVID-19aren ikurra bihurtu dira. Izurriaren hasieratik sortu dute eztabaida, bereziki eraginkortasunaren, derrigortasunaren eta eskuragarritasunaren inguruan. Txertaketak aurrera egin ahala, indartu egin da galdera: noiz arte eraman beharko dugu maskara? Ba al dago ebidentzia zientifiko nahikorik maskara kendu eta neurri batzuk malgutzen hasteko?

Gaixotasun infekziosoen prebentzio eta kontrolerako Europako eta AEBko zentroek (ECDC eta CDC, hurrenez hurren) baietz uste dute, eta egoera jakin batzuetan guztiz txertatutako pertsonek maskarak ken ditzaketela proposatu dute.

Txertoen bi dosiak, edo, dosi bakarrekoetan, hura jaso eta bi aste igaro ondoren jotzen da pertsona bat guztiz txertatutzat. Izan ere, immunitate-sistemak denbora behar du SARS-CoV-2arekiko antigorputzak eta zelula immunitario bereziak sortzeko. Denbora hori igarota, gorputzak badu immunitatea, eta, beraz, gai da infekzioa gerarazteko, gaitzik sortu gabe, edo, sortzekotan, arina izan dadin.

Horrez gain, populazioaren zati handi bat txertatuta dagoen lekuetan (Israel, Erresuma Batua…), ikusi dute txertoek transmisioa ere murrizten dutela neurri handi batean. Hain zuzen, guztiz txertatutako pertsonetan, infektatuz gero, birusa ezin da hainbeste erreplikatu, eta, beraz, zailagoa da ingurukoei kutsatzea.

Hori guztia aintzat hartuta, ECDCk eta CDCk zehaztu dute guztiz txertatutako pertsonek noiz kendu ditzaketen maskarak eta besteengandik gertu egon, bai txertatuta dauden beste pertsonekin, bai txertatu gabekoekin.

Oro har, guztiz txertatutako pertsonak elkartzen direnean, maskarak kendu eta elkarren artean distantziarik gorde gabe egon daitezke. Baita txertatu gabeko pertsonekin elkartzen direnean ere, azken horiek ez badute arrisku berezirik (adina, immunoeskasia, beste gaixotasunen bat…), eta bizikideak edo burbuila sozial berekoak badira. Horrenbestez, guztiz txertatuta egon arren, oraingoz ezingo dute maskararik kendu edo gertu egon, talde handietan edo ezezagunekin elkartuz gero.

Bestalde, txertatutako pertsonak COVID-19a duen beste baten kontaktu zuzena badira, arakatzaileak aztertuko du beharrezkoa den diagnostiko-probak egitea eta isolatzea. Ez bada arrisku berezirik egon, ez dute horren beharrik izango. Bidaietan ere, diagnostiko-proben eta berrogeialdien arauak berraztertzeko gomendatu die ECDCk gobernuei, kontuan izanda txertatutakoek ez dutela birusa lurraldean sartzeko arriskurik. AEBn, esaterako, guztiz txertatuta daudenek aske bidaiatu dezakete herrialde osoan.

Nolanahi ere, neurriak malgutzerako, txertaketaren hedapena eta egoera epidemiologikoa aintzat hartu behar direla ohartarazi du Europako zentroak. Hain zuzen, txertaketak ez dira erritmo berean eta irizpide berberekin egiten ari herrialde guztietan, eta askok oso intzidentzia altuak dituzte. Horrek zaildu egiten du malgutzeko erabakiak hartzea, nahiz eta, neurri batean, ez den bidezkoa guztiz txertatuta daudenekiko, ez badute ez gaixotzeko ez besteak kutsatzeko arriskurik.

Horrekin batera, ezin da ahaztu bereizketa sortzen ari dela txertatuta daudenen eta oraindik txertatu ez direnen artean. Gazteak izango dira txertoa jasotzen azkenak, infekzioa ez baita hain larria haietan, baina, era berean, gerta liteke haiek izatea azkenak maskara kentzen. Eta 18 urtetik beherakoetan, orain ari dira egiten txertoen saio klinikoak.

Desoreka hori nolabait konpontzeko aukera eman dezake maskararen erabateko derrigortasuna kentzeak, eta ez izatea nahitaezkoa arriskurik ez dagoenean, bereziki, aire librean eta bakarrik edo jende gutxirekin eta distantzia nahikoarekin egotean. Horretarako, hori bai, garbi utzi beharko litzateke noiz den beharrezkoa maskara eta noiz ez, eta konfiantza izan jendearen arduran. Orain arte, baina, administrazioek ez dituzte nahikoa landu bi irizpide horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.