Euskal presoak

32 urte, bost hilabete eta hemezortzi egun

Jakes Esnal eta Ion Parot baldintzapean aske uztea onartu ondoren, Unai Parot da Lapurdiko azken presoa. Aurki Euskal Herriratuko dute.

Ion Parot, haren ama Antonia Nabarroren ehorzketan, 2018an. I.MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
1990eko apirilaren 4an atxilotu zituzten Jakes Esnal eta Ion Parot. Horiekin batera atxilotu zuten Frederic Haranburu Xistor—2020ko azaroan gelditu zen aske, baldintzapean—, eta egun batzuk lehenago Unai Parot atxilotu zuten Espainia hegoaldean —berriki jakin da Euskal Herriko presondegi batera hurbilduko dutela—. Beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zieten. «Ezustea» eragin zuen garaian, lehen aldia baitzen frantziar nazionalitatea zuten militante batzuek halako ardurak hartzen zituztela erakunde armatuan. Geroztik, ikur ere bilakatu dira: Argala komandoaren ibilbideagatik, baina baita epaitegietan izan dituzten gorabeherengatik ere. Ion Kepa Parot eta Esnalen askatzearekin, Unai Parot da preso geldituko den bakarra. Lapurdiko azken presoa da.

Unai Paroti denera 5.000 urte inguruko kartzela zigorra ezarri zioten hogei sententziatan baino gehiagotan. Ion Paroti, Esnali eta Haranbururi 1997ko maiatzean eta ekainean egin zieten epaiketa, Parisen. «Auzi berezia» izan zela oroitu izan du Maritxu Paulus-Basurko abokatuak BERRIAri egindako adierazpenetan: halako akusaziopean frantziar nazionalitateko lehenak izateaz gain, leporatutako ekintzak Espainiako Estatuan egindakoak eta espainiar herritartasuna zutenen aurkakoak ziren; eta hango biktimak lehen aldiz agertu ziren Parisko epaiketa batean, lekukotasuna emateko. Gainera, Argala komandoaren jarduera osoa epaitu zuten, 12 urtekoa —ETAk 1978an jarri zuen martxan—. Epaimahaiak ez zuen onartu Unai Parot saioetan egotea lekuko. «Parisko auzi haren iturburua Unaik atxiloaldiko torturen ondorioz egindako adierazpenak ziren», Basurkoren erranetan.

Ororen buru, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zieten Ion Parot, Esnal eta Haranbururi, Parisen, bete beharreko gutxieneko urte kopuru batekin: Parotek kartzelaldiaren hamabosgarren urtetik aitzina zuen aukera baldintzapean aske geratzea eskatzen hasteko: 2005etik. Beste biek, berriz, 2008tik. Bi eskaera egin ditu orotara Esnalek, eta beste sei Ion Parotek. Aldi bakoitzean, argudio ezberdinak eman izan dituzte epaitegiek baldintzapeko askapenari uko egiteko, Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean azken urteetan egin diren urratsei muzin eginez: gisa bereko ekintzak berriz egiteko arriskua dutela, ETAk ez dituela arma guziak itzuli... Beste biderik ere entseatu izan dute, hala nola zigorraren kommutazio eskaera: 2015ean eta 2017an egin zituzten eskaerak. Lehenak ezezko erantzuna ukan zuen; bigarrena ez dute sekula erantzun.

Azken urteetan, lehen instantziako epaitegiek bi euskal presoak libratzearen alde egin izan dute, baina erabakien kontrako helegitea eman izan du sistematikoki terrorismoaren kontrako Frantziako Fiskaltzak, eta bigarren instantziako epaitegiek ministerio publikoaren alde egin izan dute aldi oro. Behin baino gehiagotan salatu dute egitura horren jarrera gatazkaren konponbidearen alde engaiatutako eragileek.

Egin duten azken eskaera onartuta, Euskal Herrirako bidea hartuko dute aurki bi euskal presoek, baina ez dira osoki libre izanen: etxean segituko dute zigorra betetzen. Eskumuturreko elektronikoa eraman beharko dute, eta beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte. Hala izan zen Haranbururen kasuan ere: eskumutur elektronikoa eraman du hemezortzi hilabetez, eta zenbait neurri bete beharko ditu zortzi urtez. Orain, Unai Parot da Argala komandoa osatu zuten Ipar Euskal Herriko kideetarik preso segitzen duen bakarra. Hura askatuta gaindituko da auziaren parte hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.