Noiz sortua: 2020-01-19 00:30:00

Migratzaileak. Balkanetako ibilbideak

Elurrak estalitako ibilbide gogorra

Bosnia-Herzegovinan 8.000 migratzaile inguru daude harrapatuta. Kroaziara gurutzatzen saiatzen dira mugaldeko basoetatik, baina Zagrebeko Poliziak bueltan bidaltzen ditu. Eraikin abandonatuetan aurre egiten diote negu hotzari.
<b>Bihac.</b> Migratzaile bat Vicjakeko kanpalekuaren inguruetan.
Bihac. Migratzaile bat Vicjakeko kanpalekuaren inguruetan. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ane Irazabal -

2020ko urtarrilak 19

Plaza txiki baten inguruan, hainbat mutil berriketan ari dira urduri. Pakistangoak, Afganistangoak eta Bangladeshkoak dira. Orain arte ez zuten elkar ezagutzen, baina Poliziak elkartu egin ditu Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan dagoen Velika Kladusa udalerrian. «Deportatu egin gaituzte», adierazi du Pakistango migratzaile batek. «Bosgarren aldia da Kroaziara zeharkatzen saiatzen naizela, baina Poliziak harrapatu egiten nau beti».

Gazteak iturri baten ondoan geratu dira ura edatera, eta errepideko ertzetik kanpalekura itzultzeko bideari ekin diote. Nekatuta daudela nabaritzen zaie, baina ez dute irribarrea galtzen: «Astebete iraun dugu basoetan ezkutatuta. Ez da erraza izan. Hotz handia egiten du, eta ez daukagu arropa egokirik. Bosniaren eta Kroaziaren arteko muga gauez pasatu genuen. Arazoa, ordea, Kroaziaren eta Esloveniaren arteko mugan dago. Poliziak kontrolak zorroztu ditu han», kontatu du Hossain bangladeshtarrak.

Bosnian harrapatuta dauden migratzaile askorentzat joko antzeko bat bihurtu da basoetatik muga zeharkatzea. Hori hala, The Game deitzen diote saiakerari. Halere, Velika Kladusara itzuli dituzten gazteek ez dakite joko horrekin jarraitzeko gai izango diren ala ez. «Kroaziako Poliziak harrapatzen gaituenean, jipoitu egiten gaitu. Motxilak, berokiak eta telefonoak ostu dizkigute», adierazi du Mujtaba afganiarrak.

Haren laguna, ordea, haratago doa: «Kroaziako Poliziaren disuasio estrategia berria da oinetakoak ostu, arropak kentzera behartu eta biluzik Bosniara bueltatzera derrigortzea. Neguan ez da erraza halako estrategia bati aurre egitea». Sarajevoko gobernuak ez du zehaztu salaketa horiek egia diren ala ez, baina deportazio eremuetan migratzaileei harrera eskaintzen dien funtzionario batek BERRIAri adierazi dio migratzaileak biluzik iristen ikusi dituela.

Muga itxia?

Bosnia-Herzegovina Balkanetako zirrikitu berria bihurtu da milaka asilo eskatzailerentzat. Kroaziara gurutzatzeko esperantzaz iristen dira. Izan ere, Hungariak hesia eraiki zuenetik, Europako Batasunera sartzeko ibilbide alternatiboaren etapa nagusia bihurtu da Bosnia. Mugaldeko Bihac hirian, negurako prest daudela azaldu dute udal arduradunek. Migratzaile familiak duela gutxi txukundutako eraikin batera eraman dituzte. Nour asilo eskatzaile siriar bat da, eta senarrarekin eta lau seme-alabekin bizi da harrera etxean: «Semerik zaharrena Alemanian bizi da: 2015ean iritsi zen Berlinera. Guk geroago hasi genuen bidaia, eta orain Bosnian gaude harrapatuta. Ume txikiekin arriskutsuegia da muga basoetatik zeharkatzea. Nahikoa sufritu dugu Egeo itsasoa gomazko ontzi batean zeharkatuta. Halere, ez dut ulertzen zergatik ez didaten baimena ematen semearekin elkartzeko. Ez al gaude denak Europan?».

Bestalde, migratzaile gazteak Bira izeneko antzinako hozkailu fabrika batean bizi dira. Gehienek familiarik gabe, bakarrik bidaiatu dute, eta adin txikiko asko daude. Umeei kontainerretan lo egiteko aukera eman diete. Nagusiagoek, berriz, kanpadendak jarri dituzte fabrikaren barruan. Amira Hadzimehmedovic IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko arduraduna da Biran: «Une honetan 2.100 gazte ditugu hemen. Ez da hotel bat, baina, behintzat, hotzetik babestuta daude. Osasun harrera eta laguntza psikologikoa eskaintzen dizkiegu; baita beren herrialdeetara bueltatzeko borondatezko itzulera programa ere».

Hadzimehmedovicek ez du hitz egin nahi Kroaziako Poliziaren indarkeriaren inguruan, baina adierazi du mugako zirrikitua ez dela uste bezain txikia. «Egia da hemen dauden gazte gehienak Kroaziatik behin baino gehiagotan deportatu dituztela, baina, estatistikei erreparatuz gero, aurten Bosniara iritsi diren 30.000 migratzaileetatik, 8.000 bakarrik geratzen dira. Horrek esan nahi du batzuk Serbiara bueltatu direla, baina argi dago beste askok muga gurutzatzea lortu dutela». Hadzimehmedovicek gogora ekarri du iragan udan Italian gertatu zitzaiona: «Triesten nengoen oporretan, eta, bat-batean, gure harrera zentroan egondako gazte pakistandar batekin topo egin nuen. Helmugara iristeko gai izan zen».

Edonola ere, Italiara gurutzatzea lortu duten iheslari gehienek trafikatzaileen zerbitzuak ordaindu dituzte. «Ez da erraza Kroazia eta Eslovenia oinez gurutzatzea harrapatua izan gabe. Errepide eta bidexka alternatiboak ezagutu behar dituzu. Trafikatzaileek apartamentu sekretuetan lo egiteko aukera eskaintzen diete migratzaileei, eta ibilgailuen barruan infiltratzen dituzte», azaldu du François Giddey Mugarik Gabeko Medikuen arduradunak. Italiara iristearen truke, 500-1000 euro bitarteko tarifa eskatzen dute trafikatzaileek. Prezioa aldatu egiten da zerbitzuaren arabera.

Etxe abandonatuak

Horregatik, agian, Sarajevoko gobernuak mugak hobeto kontrolatzeko deia jaso duela uste du Hadzimehmedovicek. 2018an, migratzaileak Bosniara iristen hasi zirenean, herritarrek eskuzabal jokatu zuten. Haiek ere errefuxiatuak izandakoak ziren Balkanetako gerran. Baina, azkenaldian, kanpotarren aurkako sentimendua zabaldu da mugaldeko udalerrietan. Hala, Bosniako Barne Ministerioak Vucjakeko kanpaleku inprobisatua hustu du, eta han bizi ziren 700 iheslariak Sarajevon eraikitako kanpaleku berrietara eraman dituzte. «Gobernuak mugaldetik aldendu nahi ditu migratzaileak», erantsi du Giddeyk.

Lekualdaketak kontrako erreakzioa bultzatu du, ordea. Migratzaile asko klandestinitatera pasatu dira, eta etxe abandonatuak okupatu dituzte. «Gehienek ez dute Sarajevora joan nahi. Haientzat atzera egitea bezala da. Harrapatuak izatearen beldurrez, mamu antzeko batzuk bihurtu dira», uste du Giddeyk. Mugarik Gabeko Medikuek osasun etxe ibiltaria daukate txoko ezkutuetan bizi direnei arreta eskaintzeko. «Azken asteetan, hazi egin dira hotzak eta hezetasunak eragindako gaixotasun infekziosoak: batez ere, gripea», ohartarazi du Giddeyk. «Ezin ditugu bakarrik utzi, ezin ditugu ahaztu». Izan ere, negua oso gogorra da Balkanetako txoko honetan. Azaroan eta abenduan zero azpiko tenperaturak erregistratu dituzte, eta migratzaileak basoetan hipotermiaz hiltzeko beldur dira gobernuz kanpoko erakundeak. «Turkiaren eta Greziaren arteko mugan hainbat hildako aurkitu dituzte, baita Italia eta Frantzia batzen dituzten Alpeetan ere», azaldu du Giddeyk. Bosniako mugan ez da halako ezbeharrik izan, «baina baso hauek ez dira turistikoak, hemendik ez dabil jende askorik», erantsi du.

Mohamed pakistandarra da, eta nekazari familia baten etxola abandonatuan bizi da beste hiru lagunekin. Mugaldeko basoetan egurra mozten dute sua egiteko. Etxolako paretak belztuta daude, eta barruan ke handia dago. «Nahiago dut lata erreen usaina, hotzez hil baino. Etxolak itogin asko ditu, eta hezetasuna hezurretaraino iristen zaigu». Halere, gazteek ez dute kemena galtzen. «Europara iristea lortu dugu, eta pozik gaude. Orain azken txanpa falta zaigu, hau da, Italiara heltzea». Mohamed eta haren lagunak komunitate batean biziko balira bezala antolatzen dira. Boluntarioek ematen dizkieten osagaiekin ogia egiten dute, eta bazkaria prestatzeko batzen dira. Gauean, berriz, logela berean lo egiten dute hotzetik babesteko.

Mohamed hamaikagarren saiakerarako prestatzen ari da. Azken aldian, mendiko oinetakoak ostu zizkion Kroaziako Poliziak. «Zapata egokiak izan arte ezin dut berriz ere jokatu, baina ez daukat presarik». Mohamedek badaki mugaldea zeharkatzea ez dela gomendagarria eremua elurtuta dagoenean. Igarobideko hainbat baso minaz josita daude. Balkanetako gerretan pertsonen aurkako lehergailuz bete zuten eremua, eta, Sarajevoko gobernuaren arabera, 80.000 mina daude oraindik aktibatuta. Mohamedek adierazi du ondo dakitela nondik gurutzatu behar duten: «Ez gara bidexka nagusitik aldentzen; gainera, boluntarioek mapa batzuk banatu dizkigute minak non dauden adierazteko». Lehergailuak dituzten basoak hesituta daude garezurraren zeinua daukaten kartel gorriekin, baina azken urteetako euriteek lurra higatu dute, eta mina batzuk tokiz aldatu direla ohartarazi du Mine Action Center erakundeak.

Balkanetako negua

Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugan ere, No Name Kitchen-eko ekintzaileak buru-belarri lanean ari dira. Elkarteak Velika Kladusan du egoitza, eta migratzaile deportatuei beharrezkoak diren arropak eta mantak banatzen dizkiete. «Bosniako Gobernuak ekintzaileen aurkako kanpaina gogortu du azkenaldian. Gure lana ez da atsegina. Askotan, mehatxatu egiten gaituzte, eta bisa turistikoa kenduko digutela esaten digute», salatu du Camilla gazte kolonbiarrak.

Ekintzailea Serbiatik iritsi berria da: «Balkanetako neguaren gogortasunak biziki erasaten die migratzaileei. Duela bi negu, Belgradeko eraikin abandonatuetan pilatu ziren milaka pertsona. Iaztik, berriz, Bosniaren eta Kroaziaren arteko muga honetan daude harrapatuta». Ekintzaile horren iritziz, mugaldeko Poliziak neguko ezbehar meteorologikoak erabili ohi ditu migratzaileen aurka: «Gazte asko oinutsik iristen dira, eta batzuek esan ohi dute Kroaziako Poliziak hankak erreka izoztuetan sartzera derrigortzen dituztela. Hori guztia, Europako Batasunak isilik jarraitzen duen bitartean. Kroaziak argi esan du ez duela migratzaile musulmanik nahi. Ez al da hori bazterkeria politika bat? Bruselak zergatik ez du diziplinazko prozedura bat abiarazten?».

Edonola ere, migratzaile gehienek ez dute esperantza galtzen. Vucjakeko kanpaleku hustuaren inguruan, Afganistango lau gaztek muga zeharkatzeko ibilbideari ekin diote. Arratsaldeko laurak dira, eta oraindik ez du ilundu. Mendia igotzen hasi dira, eta gaua basoaren erdian pasatuko dutela diote. Han kanpaleku antzeko bat dago, eta berokiak eta zakuak aurkituko dituzte. Bosgarren saialdia da guztientzat, baina oraingoan lortuko dutelakoan daude. «Hemengo mendiak oso txikiak dira Afganistangoekin alderatuz. Badakit zer den egunak hotzez pasatzea; erresistentzia gaitasun handia daukat». Pausoa arindu, eta basoaren iluntasunean murgildu dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 28an eguneratua, 18:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 23 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta sei gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 28.976 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.037 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Donostiako Kontxa hondartza, pasa den asteartean. ©Gorka Rubio, Foku

Hondartzen erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Jaurlaritzako Osasun Sailak

Berria

Osasun Sailak eskatu du hondartzak kirola egiteko, paseatzeko eta bainatzeko erabiltzea, baina ez hondarretan geldirik egoteko. Bizkaian, Areetan, Lagan, Laidan eta Ean hartu dute hondartza «dinamikoak» ezartzeko erabakia. Lapurdiko hondartzak, berriz, maiatzaren 16an ireki zituztenetik dira «dinamikoak».

Mari Luz Esteban eta Elixabete Garmendia. / ©GORKA RUBIO, FOKU

«Zahartzaroari ematen zaion tratamenduaren metafora da gertatu dena»

Maider Galardi F. Agirre

Koronabirusaren krisia piztu denetik, maiz hitz egin da adinekoen zaurgarritasunari buruz, eta, oraindik, kalera irteteko mugak dituzte adinekoek. Mari Luz Esteban antropologoak eta Elixabete Garmendia kazetariak, ordea, salatu dute adinkeria dagoela, eta beharrezkoa dela nagusiagoei ahots propioa ematea.

Eskubide Sozialen Gutunak deituta, gaur Iruñean eginko bizikleta martxa ©Jagoba Manterola (Foku)

Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioak iragarri ditu ekainaren 19rako

Jokin Sagarzazu

Herritarrak aktibatzea ezinbestekotzat jotzen dute, «aurreko krisien ondoren gertatutakoa» errepika ez dadin. Datozen egunetan emango dituzte zehaztapen gehiago mobilizazioaren inguruan. Hiriburuetan izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna