Badago nora begiratu

Portugalen, Ipar Irlandan, Argentinan, Txilen eta Hegoafrikan dauden oroimen etxeak eredutzat hartu dituzte Memoria Garakoek Gasteizko zentroa irudikatzeko. Espazio «dinamikoa» sortu nahi dutela diote.

Memoria eta Giza Eskubideen Museoa, Txilen. SEBASTIAN SILVA / EFE.
Edurne Begiristain.
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Europan, Hego Amerikan, Afrikan... badira munduan estatuaren errepresioaren alderik ilunenak gogoan dituzten zentroak, indarkeriaren biktimak gogoratzeko sortutakoak, guda eta gatazketan desagerrarazitako pertsonak oroitzen dituztenak eta haien borroka nabarmentzen dutenak. Memoria Gara plataformakoek eredu gisa hartu dituzte horietako batzuk Gasteizko San Frantzisko elizan sortu nahi duten Memoria eta Giza Eskubideen Zentroa irudikatzeko.

Europako bi museori erreparatu diete: Portugalgo Do Aljube: Resistencia e Liberdade museoari eta Ipar Irlandako Kilmainham Gaol -i. Biak ala biak kartzelak izan ziren, eta memoria espazio bilakatu zituzten duela urte batzuk. Portugalen diktaduraren aurkako borrokaren ikur bilakatu dute kartzela, eta museo historikoa egin dute erresisentziaren biktimei ahotsa emateko. Dublinen eraikitako zentroak, berriz, Ipar Irlandako historiaren pasarte esanguratsuenak biltzen ditu.

Hegoafrikan, bestalde, ugariak dira biktimen memoriaren alde sortutako zentroak, gehientsuenak apartheid garaian kartzelak izandakoak dira. Horietatik bat «oso interesgarria» dela diote Memoria Gune-ko kideek: Lurmutur Hirian dagoen Distric Six Museum. Apartheid garaian eliza izan zen, eta hura berreskuratu ostean, arrazakeriaren aurkako jarduerak antolatzen dituen museo bat da egun.

Hegoameriketan ere badira memoriaguneak, besteak beste, Argentinan eta Txilen. Argentinako Olimpo eta ESMA Escuela Mecanica de la Armada zentroak atxilotze eta tortura zentroak izan ziren diktadura garaian, eta giza eskubideen aldeko mugimenduei esker, gaur egun, memoria eta giza eskubideen zentroak dira. Txileko Villa Grimaldi, Londres 38 eta Memoria eta Giza Eskubideen museoak ere eredutzat hartu dituzte plataformakoek.

Gasteizko sarraskia erdian

Adibide horiek oinarri hartuta, Gasteizko sarraskia erdigunean jarriko duen gune bat sortu nahi dute San Frantzisko elizan. Ekinbidekoek azaldu dutenez, 1976ko gertakariak «historikoki» kokatzeko elementuak bilduko lituzkete bertan, memoria eta historia uztartuta. Gertakariak testuinguruan jartzea da asmoa, Josu Santamarinak azaldu duenez. «Martxoaren 3ko jazoerak historikoki kokatu nahi ditugu, azalduta zergatik izan zen eliza babeslekua, zer sarraski eragin zuen polizia frankistak bertan, zer lelo zeuden garai hartan, nolakoa zen langile mugimendua,...». Ondare ikuspuntu batetik, berriz, elizaren «balio arkitektonikoa» azpimarratzeko asmoa ere badute. Izan ere, eraikina gurtzarako ez ezik, langileen asanbladetarako espazioa ere izateko diseinatu zuen Luis Peña Gantxegi arkitektoak.

Foko nagusia martxoaren 3ko gertakarietan jartzea nahi badute ere, bestelako giza eskubideen urraketek ere tokia izango lukete Gasteizko memoriagunean. Toki «dinamikoa» sortu nahi dutela azaldu dute Memoria Gara-ko kideek. «Ez dugu nahi toki estatiko bat izatea», dio Lander Garciak. 1976ko jazoerei ez ezik, giza eskubideen inguruan egon litezkeen bestelako jarduerei ere irekita egongo litzateke San Frantzisko eliza. «Gizarte mugimenduek eta kultur eragileek bertan tokia izan beharko lukete, adibidez, giza eskubideen inguruko erakusketak, hitzaldiak edo tailerrak egiteko», azaldu du Santamarinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.