Koronabirusa

EBZk interesak ordainduko dizkie bankuei, maileguak eman ditzaten

Euroguneko ekonomia %3,8 txikitu da 2020ko lehen hiruhilekoan, inoizko erorialdirik handiena

Christine Lagarde, martxoan egindako agerraldi batean. ARMANDO BABANI / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Eurogunea bere historiako krisirik bortitzenean eta bizkorrenean dago. Hala egiaztatu dute estatistika erakundeek atzo argitaratutako datuek; eurogunean, esaterako, barne produktu gordina %3,8 jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan, erorialdirik handiena 1995ean Eurostat datuak biltzen hasi zenetik. Larrialdia ikusita, Europako Banku Zentralak larrialdiko neurriak hartzea erabaki du. Horien artean dago bankuei interes negatiboak eskatzea beren likidezia maileguen truke. Hau da, EBZk ordainduko dizkiela interesak bankuei, eta ez alderantziz.

Zehazki, PELTRO pandemia garaiko likidezia programa bereziaren bitartez, EBZk %0,25eko interesa emango die epe labur baterako dirua nahi duten bankuei. Ekainaren 1etik, aurrera, %1eko interes negatiboa izango du TLTRO epe luzeko maileguen programaren maileguek —soilik herritarrei eta enpresei kredituak emateko baliatzen badute—. Neurri horien helburua da bankuek ez izatea aitzakiarik kredituak ukatzeko.

Frankfurten egindako agerraldian, Christine Lagarde EBZko presidenteak berretsi zuen «beharrezkoa den guztia» egingo dutela jarduera ekonomikoari laguntzeko. Tresnarik gabe geratu direla diotenei mezua bidali zien Lagardek, esanez «guztiz malguak» izango direla har ditzaketen neurriekin. Malgutasun horren adibidea da EBZ aztertzen ari dela kalifikazio agentziek zabor gisa jotzen duten zorra erostea; Italiara begirako neurria da.

Koronabirusaren krisiaren aurka EBZk hartu duen neurri nagusia da 750.000 milioi euroren zorra erosiko duela zor merkatuetan PEP programaren bidez, eta diru hori inbertitzen jarraituko duela krisia atzean utzi arte. Kopuru hori motz geratzen bada, «EBZ prest dago PEP handitzeko, beharrezkoa den kopurua, eta beharrezkoa den epean».

Adierazpen horrek badu garrantzia, banku zentralak onartu duelako ez dakiela krisiak noiz arte iraungo duen, ezta zer sakona izango den. Bere azken iragarpenek diote euroguneko ekonomia %5 eta %12 artean txikituko dela aurten. %5, baldin eta udatik aurrera jarduera ekonomikoak berriro abiada hartzen badu, eta hortik gora beldurrak kontsumoa eta inbertsioak gerarazten baditu. Berehalako suspertzerik ez du inondik inora espero.

Bigarrenean, %15 behera

Erorikoaren neurria hobeto ikusiko da hiru hilabete barru, 2020ko bigarren hiruhilekoaren datu makroekonomikoak iristen hasten direnean —EBZk, adibidez, %15ekoa espero du—. Baina lehen hiruhileko datuetan hasi dira kalteak ikusten, euroguneko gobernu guztiek herritarren konfinamendua ezarri zutelako martxoko azken bizpahiru asteetan. Eurogune osoan %3,8 txikitu da barne produktu gordina, baina datu kaskarragoak dituzte herrialde handiek. Horrela, Frantziakoa %5,8 txikitu da, Espainiakoa %5,2, eta Italiakoa, berriz, %4,7. Alemaniak %6 ingurukoa espero du.

AEBetan bigunagoa izan da BPGaren uzkurtzea —%1,2—, baina hara beranduago iritsi zen COVID-19a, eta beranduago hartu zituen neurriak. Baina bada Europaren alde egiten duen datu bat: kontinente zaharrean asko ugaritu dira langileak kaleratu gabe enplegua gutxitzeko programak —aldi baterako erregulazioak Hegoaldean, eta langabezia partziala Iparraldean—; AEBetan, berriz, kaleratze gordinak nagusitu dira: krisia hasi zenetik 30 milioi lagunek eskatu dute langabezia saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.