Getxon hildako gaztetxoaren ama: «Beste aldera begiratu zuten»

Sare sozialetan berreskuratu du 2017. urtean semearen pairamenduen harira idatzi zuen testu bat. Gogor kritikatu du eskolaren jarrera

arantxa iraola
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Astelehen goizean Getxon (Bizkaia) hilotz agertu zen 13 urteko mutilaren amak hitza hartu du. Sare sozial batean mintzatu da: «Ni abisuak ematen ari nintzen, haiek beste aldera begiratu zuten, orain ez daitezela etorri ergelkeriekin». Hezkuntza Sailak kasuari buruz esandakoen harira idatzi du mezua; izan ere, ostegunean Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek baieztatu zuen ordurako hainbat mezuren bidez bolo-bolo zebilena: eskola jazarpena salatu zuen gaztetxoak. Bere buruaz beste egin zuen, eta pairamendu horrek erabakian zer-nolako eragina izan duen aztertu behar da orain. Amak atzo, Facebook sare sozialean hitza hartzearekin batera, 2017an semearen egoeraren berri emateko idatzi zuen testu bat berreskuratu zuen.

Hor jartzen duenaren arabera,sufrimendu itzela eragin zioten mutikoari Erandioko Jado eskolan. Aspalditik, gainera; testuan aipatzen denez, «zazpi urte baziren» ja orduan erasoak hasi zirela. Ez nolanahikoak: «Zure semeari hortz bat apurtzen diote, eta esaten dizute erori egin dela! Gelan jotzen dute, eta esaten dizute ezinezkoa dela, zer eta lekukoak dituen arte! Zure semea odoletan ateratzen da gela aldaketa batean hartu dituen kolpeen ondorioz, eta arazoa da beste haur bat bolada txar bat igarotzen ari dela!». Halakoak zerrendatuta daude testuan. Eta kritika gogorrak ere bai eskolaren jardunaren eta Hezkuntza Saileko ikuskatzaileen erabakien kontra. Onartzen du «irakasleren bat» badagoela zentroan ikasleen gaineko «kezka» duena, baina, oro har, neurri egokirik ez du ikusi inoiz. «Umeen kontuak dira», adierazi diete usuen, amaren arabera.

Hain zuzen ere, administrazioak berak onartu du deus ezohikorik ez zutela ikusi kasu honetan. Uriartek asteon eman dituen argibideen arabera, salaketa jaso orduko martxan jarri zuten halako kasuetarako prestatutako protokoloa, nahiz eta ez zuten jazarpenari buruzko «frogarik» sumatu. «Esku hartu zen», nabarmendu du sailburuak.

Gaztetxoa beste ikastetxe batera aldatu zuten, eta bestean ez zioten arazorik nabaritu. Ertzaintza ari da kasua ikertzen, eta eskolaren ingurukoei ere lekukotasuna hartzekoa die. Jado eskolak esan du lagunduko duela ikerketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.