Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Macronen ahala ala kalearena?

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Kartak mahai gainean jarri ditu Frantziako Gobernuak. Aurkeztu du egin nahi duen pentsioen erreforma, eta praktikoki ziurtatuta dauzka erreforma onartzeko behar dituen botoak, Errepublikanoen (LR) proposamenak hitzez hitz bere egin dituelako: erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64 urtera atzeratzea —eta ez 65 urtera—, eta gutxieneko pentsioa handitzea. Azken hori eta beste goxoki batzuk ez dira nahikoak izan, ordea, erreformak langileen ordezkarien babesa eskuratzeko. Erreforma «brutala» salatu dute, gehiago lan egitera behartuko baititu ipar euskal herritarrak eta frantziarrak.

Gobernuak dio derrigorrezkoa dela, bestela pentsio sistemak urtero 12.000 milioiren defizita pilatuko duelako. Zuloa sortuko dela aitortu arren, sindikatuek diote ez dela hain handia, eta beste modu batera estal daitekeela.

Kartak mahai gainean daude, eta azken urteotako borroka sozial gogorrena hastera doa. Nork irabaziko du? Gaur-gaurkoz, ez dago batere garbi.

Aurrera egingo duela esateko bi faktore daude. Batetik dago aritmetika parlamentarioa; erreforma onartzeko gehiengoa badu, oraingoz, Emmanuel Macron-Elisabeth Borne bikoteak. Eskuinak urteak daramatza erretretaren adina atzeratu behar dela esanez, eta orain, aukera mahai gainean dagoela, ezin dio besterik gabe ezetz esan, Macronen jokoan sartzen ari dela badakien arren.

Bestetik dago Macron bera. Bere buruaz ziur dago, eta, Frantziako presidente guztiek bezala, historiara pasatu nahi du hark ere. Krisiez, pandemiez eta gerraz zipriztinduriko agintaldi batean, esandakoa bete zuen presidentearen gisara egin nahi du historiarako jauzia. Gutxi inporta zaio bere bi agintaldien jatorrizko bekatua: Marine Le Pen ez zelako irabazi zuen batean zein bestean, eta ez bere proposamenek gehiengo zabal bat erakarri zutelako. Erreformak agindu zituen Macronek —erreforma liberalak, uler bedi—, eta horien artean nagusia da pentsioena. Lehen saioan ez zuen lortu, protestak nolabait gainditu ondoren pandemia muturren aurrean agertu zitzaiolako, baina Macronentzat sekulako porrot pertsonala izango litzateke bigarrenean ez egitea. Ez du asko galtzeko, ez baita berriro hauteskundeetan lehiatuko.

Protesta handia espero da

Baina erreformak aurrera egingo ez duela esateko arrazoiak ere ez dira falta. Bata da sindikatuen batasuna: aspaldiko partez eskuz esku dabiltza zortzi sindikatu nagusiak, borrokalarienak (CGT, FO, Solidaires ) eta erreformistak (CFDT, CFTC, CGC...). Ostegunerako deitu dute lehen protesta egunera, eta handia izatea espero da. Inkestetan erretreta gibelatzearen aurka daudela diote hamar lagunetik zazpik —%7soilik daude alde—, eta gobernua ez da oso maitatua; formula ona da hori protesta indartsu baterako.

Baina egun bateko manifestazio handi batek ez du gobernua atzeraraziko. Gakoa izango da protesta mugimenduak irautea, bai kalean, bai sektore estrategiko batzuetan ere—garraio publikoak, findegiak...—. Hotza itzultzear dago, baina aste beroak izango dira Ipar Euskal Herrian eta Frantzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.