Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Hilabete eskasa markak hausteko

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Oharkabean pasatu da datua, baina urrian marka historiko batera iritsi zen Hego Euskal Herriko lan merkatua: Gizarte Segurantzak 1.268.640 afiliatu izan zituen batez beste lau lurraldeetan. Beste hitz batzuetan, inoiz baino langile gehiago daudela Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, legezko baldintzetan behintzat. Aurreko marka 2008ko uztailekoa da, Lehman Brothersen eta AEBetako beste inbertsio bankuetan ezkutatutako zikinkeriak gainezka egiteko oso gutxi falta zen garaikoa.

Krisiaren leherketak hamarnaka mila lanpostu desagerrarazi zituen. Afiliatuen kopuruak 2014ko urtarrilean jo zuen behea: ordutik hona, 160.102 afiliazio berreskuratu ditu Gizarte Segurantzak. Hau da, 11 urte baino gehiago behar izan dira hasierako lekura itzultzeko.

Leku berberera? Ez. Gizarte Segurantzako datuen arabera, 2008ko uztailean baino 59 langile gehiago daude orain, baina 44.412 langabe gehiago ere bai Lanbideko eta Nafar Lan Sareko bulegoetan. Langabezia tasa hiru puntu handiagoa da gaur egun.

Lan merkatu hotzagoa

Baina kuantitiboki ez ezik, kualitatiboki ere badira aldeak 2008ko uztaileko eta 2019ko urriko datuen artean: prekaritate handiagoko garaiak dira hauek. Aldea ikusteko, datu bakar batek balio du: 48.000 kontratu gehiago sinatu dira aurten. Orduan kontratu laburrak ez ziren falta, baina egun bateko kontratuak eta aste batekoak salbuespena izateari utzi diote gaur egun.

Gainera, langileen marka historikoa hilabete txarrean iritsi da, langabe kopurua handitu egin baitzen joan den urrian (+3.128). Hilabete bitxia da udazken beteko lehenengoa: udan kalean utzitako hezkuntzako langileak (eskoletakoak, akademietakoak...) lanera itzuli ohi dira, eta lanik gabe geratzen dira udan turismoarekin lotuta dauden zerbitzuetako asko, baita besteen oporrak ordezkatu dituztenak ere. Alde horretatik, gorabehera handiko hilabetea izan ohi da. 2015etik 2018ra jaitsi egin zen langabeen kopurua, baina handitu egin zen aurreko urteetan.

Ikusi beharko da zer gertatuko den datozen hilabeteetan, baina urriko datuak eta aurreko hilabeteetako gehienek iradokitzen dute lan merkatua hozten ari dela. Duela urtebete baino 8.400 langabe erregistratu gutxiago daude orain, baina urte batetik besterako aldeak gero eta txikiagoak dira, eta urrutiago geratzen ari dira 2015-2018 epean aldea 15.000tik gorakoa izan zen hilabete gehienetan. Alde batetik, normala da, krisi hasieran galdutako enpleguaren zati bat jada berreskuratu delako, baina oso berri txarra izango litzateke langabeziak behea jotzea oraindik biztanle aktiboen %9 lanik gabe daudenean.

Hori gertatuko al da? Ezetz diote iragarleek. Bai patronalek, baita Iruñeko eta Gasteizko gobernuek ere, esan dute ekonomia gai izango dela hurrengo urtean lanpostuak sortzeko.

Iragarpenak egiten azkena Europako Batzordea izan da, eta ekarpen interesgarriak egin ditu. Ifrentzua da ekonomiaren pattalaldiari amaiera garbirik ez diola ikusten, eta, atzeraldirik espero ez duen arren, hazkunde apaleko urteak datozela. Aurkia, berriz, hazkunde tasa apalekin ere euroguneko ekonomiak gai izango direla langabe kopurua txikitzeko, orain arte baino motelago bada ere. Auzitan dago enplegua sortzeko %2tik gorako hazkundea behar dela dioen tesia. Alemanian, esaterako, langabezia nahiko egonkor dago %3tik gertuko mailan ekonomia atzeraldi teknikoan egon arren; Italian langabezia %10ean geratzea espero du Bruselak, hazkundea hutsaren parekoa izan arren. Euskal Herritik gertuago, Espainian puntu erdi jaitsiko omen da 2020an zein 2021ean, eta Frantzian puntu erdia bi urtean.

Kaleratze iragarpenak

Baina estatistika eta iragarpen horiek guztiek ezer gutxi esango diete enplegua galtzear daudenei. Eta, alde horretatik, asteak berri txarrak eman ditu. Batetik, Siemens Gamesak iragarri du 109 langile botako dituela Zamudioko, Sarrigurengo eta Madrilgo bulegoetan, eta beste 500 beste herrialde batzuetan. Enpresak irabaziak bikoiztu ditu,sektoreak etorkizun oparoa du, lehiakideak gutxitzen ari dira, baina gero eta alemaniarragoa den konpainia horrek errentagarritasuna handitzea du lehentasun.

Egoera are larriagoa da Igorreko Araluceko 141 langileentzat. Haren jabeak, Igorreko bertako Batz kooperatibak, enpresa ixtea erabaki du, eta ertzainak bidali zituen ostiralean lantokia husteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.