Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Errefuxiatuen krisia

Gerra, atzetik segika

Milaka ukrainar iristen ari dira egunero Przemysleko tren geltokira, Ukrainako mugatik gertu; Ludmila Savenko Odesatik heldu da ihesi, eta Jana Khavevitx, berriz, Minsketik, laguntzera.
<b>Erregistroa. </b>Ukrainatik Przemyslera heldu berri diren iheslariak izena ematen.
Erregistroa. Ukrainatik Przemyslera heldu berri diren iheslariak izena ematen. AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi - Berriemaile berezia

2022ko martxoak 6 - Przemysl

Przemysleko tren geltokia Poloniako sarrerarik garrantzitsuena bilakatu da Ukrainako errefuxiatuentzat. Milaka iheslari iristen dira egunero, eta ehun bat boluntario dauzkate zain. Ludmila Savenko ailegatu berria da Odesatik, eta izena emateko mahaira joateko esan dio boluntario batek, errusieraz. Ez daki ingelesez, baina ez du hori oztopo izatea nahi galderei erantzuteko, eta Google orojakilera jo du. Duela hiru egun atera zen Odesatik, 8 urteko alabarekin. «Kostaldean Errusiako lau ontzi handi eta txalupa misildunak ikusi genituen, eta itxura zeukan erasoari ekingo ziotela. Telebistaz Odesa jopuntuan zutela entzun genuen, eta alde egin genuen berehala».

Odesa Itsaso Beltzeko kostan dago, Krimeako penintsulatik mendebaldera. Ukrainako hiririk handienetan hirugarrena da —milioi bat biztanle—. Errusiera da hizkuntza nagusia, eta errusiar etniakoak dira herritarren %29. Errusiazaleen eta nazionalisten artean liskar gogorrak piztu izan dira —larriena 2014ko maiatzaren 2an: 46 errusiazale hil zituzten sute batean—.

Kherson hiria erori ostean, estrategikoa da orain errusiarrentzat. Hura hartuko balute, kolpe gogorra litzateke Ukrainarentzat, Itsaso Beltzerako sarbidea itxita geratuko bailitzaioke. «Hiria hartzeko lanean hasi dira miliziak. Bai alde bateko, eta bai besteko. Gizon asko daude frontean militarrekin batera, baina Errusiak indar handiagoa duela esango nuke, eta ez dakit ezer onik aterako den hemendik. Ni ez nago ez batzuekin eta ez besteekin. Nik ez dut gerrarik nahi alabarentzat, ez inorentzat».

Savenkok bi egun luze egin ditu trenean. «Lehenik, autobus bat hartu genuen, eta gero, trena. Poloniara gindoazela esan ziguten, baina ni edozein lekutara joateko prest nengoen». Maleta pare bat besterik ez du ekarri. «Beharrezkoak soilik» hartuta atera zen etxetik. «Arropa, bereziki. Hortzetako pasta, xaboia-eta ez nituen hartu adibidez, banekielako hemen emango zizkidatela». Nekea nabari zaio, eta begirada tristea du. Senideak gogoratu ditu. «Zaharrak dira, eta han geratzea erabaki dute. Nik gurekin etortzea nahi nuen, baina aitak ez zuen nahi izan».

Izena emateko zain bi ordu egin ditu Savenkok, eta geltokiko gela batean sartu da ondoren, oheak dauden gunera. Ostatu hartu du, eta umea etzanarazi du. «Oso nekatuta dago». Hantxe itxaroteko esan diote, familia batek jasoko duela. Izan daiteke ordu gutxira edo bi egunera. «Tarte batean Polonian geratuko naizela esan didate, baina ez dakit non, eta noiz arte».

Polonian, ordea, ez du geratu nahi. «Kanadara-edo» joan nahiko luke senarrarekin. «Arrantzalea da, eta orain Alaskan dago, baina ahalegin guztiak egingo ditugu ahal bezain laster elkartzeko. Urrutira joan nahi dut, hau dena atzean uzteko».

Alabak irribarre egin dio, eta, nekatuta dagoen arren, ez dauka lotarako itxurarik. «Ez daki zer gertatzen ari den, ez daki arriskua zer den; ez daki jendea hiltzen ari direla». Bidean zirela ikusi dituzte errusiar eta ukrainar soldaduak. «Urduri egin dut bidaia osoa, irudipena bainuen gerra atzetik segika genuela, bazetorrela».

Oso eskertua dago eman dioten laguntzagatik. «Esker ona besterik ez dut jende honentzat. Iritsi bezain laster eman digute te bero bat, eta jatekoa. Trenean horrenbeste denbora egin eta gero, eskertzen da atseden hartzeko leku bat».

Hortzetako pasta eskatu dio boluntarioetako bati. «Bi egun daramatzat hortzak garbitu gabe». Alabak lotarako gogorik ez duela ikusita, altxatu eta komunera joan dira. Agurtu, eta jendetzaren erdian galdu dira ama-alabak.

Tren geltokian kosta egiten da batetik bestera ibiltzea, jende oldearen artean. Errefuxiatuak, boluntarioak, poliziak, militarrak, kazetariak, suhiltzaileak eta medikuak, denak batera eta bestera ari dira. Boluntarioek txaleko bat daramate, eta atzean jarrita dauzkate zer hizkuntzatan hitz egiten duten, inork beharko balitu ere. Ingelesez, alemanez, polonieraz, ukraineraz edota errusieraz hitz egiten dute haietako batzuek. Jana Khavevitx Minsketik (Bielorrusia) iritsi da laguntzera. Bielorrusieraz, errusieraz, polonieraz mintzatzen da, eta ukraineraz eta ingelesez moldatzen da. Geratu gabe dabil ahal duena egiten. «Jendea galduta iristen da, zaharrak batez ere, eta haiekin nabil. Lehenik, zerbait jan eta edan dezatela, eta, gero, ohera eramaten ditut. Atseden hartzen duten bitartean, izen-abizenak galdetzen dizkiet, nongoak diren, agiririk baduten, eta erregistratu egiten ditut».

Gerra zenean ez zuen bi aldiz pentsatu. Lagundu beharra sentitu zuen. Artea ikasten du Poznango Unibertsitatean (Polonia), eta «denbora» dauka laguntzeko. «Gutxienez» aste pare bat egingo ditu tren geltokian, «hau pixka bat lasaitzen den arte». Gizon edadetu bat dauka ondoan, eta zopa bero bat hartzen ari da. Ez du hitz egin nahi, ez du irudirik hartzea nahi. «Ez dakit zergatik dagoen horrenbeste jende begira», itzuli du ukraineratik Khavevitxek.

Haserre dago gizona, eta ez da gutxiagorako, argazki eta telebista kamerak hurbil-hurbil jartzen baitira sufrimendu eta neke aurpegiak hartzeko. Mikrofonoak ere ahoraino sartzen dira, albisteen fokuaren erdian egoteak dakarren premia asetzeko, iritsi berriari galdetu gabe. Nahiz eta, gerra orotan gertatu ohi den bezala, inor gutxi gogoratuko den haietaz, fokuak itzaltzen direnean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, atzo, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean. ©NELL REDMOND / EFE

Txinak ustez espioitzarako erabili dituen globoetako bat eraitsi dute AEBek

Ander Perez Zala

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Pentagonoak beste globo bat detektatu du Latinoamerikan

Peruko bozak aurreratzeko testua, blokeatuta
AEBetako Defentsa idazkaria eta Filipinetako Defentsa ministroa, ostegunean. ©EFE
Montanan atzeman zuten globoa. ©BERRIA

AEBek Txinaren bigarren globo bat atzeman dute Latinoamerikan

Julen Otaegi Leonet

Pentagonoak Montanan atzeman zuen atzo ustezko lehen globo espioia; gaurko ordu txikietan, beste bat, Latinoamerikan. Ez du zehaztu non. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinara egitekoa zen bidaia bertan behera utzi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.