Arrotz

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Euskarak bere lurraldean bertan daukan egoera edonor haserretu, etsitu zein zoratzekoa da. Ni haserretu egiten naiz. Inguru euskalduneko D ereduko 2.batxilergoko talde ezberdinetako dozena erdi bat ikaslek eta betiko euskaldunak direnekirain hitzaren ordez lirain idatzi dute eta iraindu-ren ordez liraindu. 2.batxilergoan egon arren, ez dituzte irain/lirain, iraindu/lirainduezberdintzen. Eta irakaskide baten maila bereko ikasleakabereidatzi du behin eta berriro agure-ren ordez.

Argi dago, batzuen etsipen zein desesperaziorako, gure ikasleek, eta gure ikasleak ez direnek, ez dute euskaraz ezer irakurtzen, eta, txarragoa dena, ez dute euskaraz ezer irakurri gura. Nik eurek aukeratutako liburu bakarra irakurri ezean suspentsoa agindu nien, baina azkenean baten bat beti aprobatu behar (Masterrak ez eze beste titulu guztiak ere zelan ematen diren aztertzeko kontua).Eta euskaldunok idazle zein artista bikainak dauzkagu,pazientzia handikoak ere bai, euren herrian arrotz izatea ere duintasun itzelaz daramatenak.

Garbiñe Ubedak, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, bere kargua hartu berritan egunkari honi eskainitako elkarrizketan (maiatzaren 29an) salatzen zuen gure gizarte guztiz erdaldun honetan euskaraz irakurtzea sekulako ahalegineko ekintza dela. Eta gizarte hau gero eta erdaldunagoa da, oraintsu arte euskaldunak izan diren inguruetan ere euskara erabiltzeari utzi zaio. Gure azken mintegi batzarrean komentatu zen ikasleek ez dutela euskararik erabiltzen. Niri gertatu zait1. DBHko klasean, inguruan betidanik erabiltzen den eta hiztegi guztietan datorren hitz baten azalpenean, klaseko batek bakarrik ezagutzea hitza, eta beste batek italiera dirudiela esatea, eta, jakina, bitartean itzelezko arazoak euskaraz hitz egiteko, irakurtzeko zein idazteko. Niri pena itzel-itzela ematen dit heriotza mota honek (Jose Manuel Odriozolak ekainaren 24ko artikuluan egunkari honetan ederto azaldu zuen heriotza motari buruz ari naiz). Eta sasoi baten ez moduan irakasle batzuk (batzuk eta ez denak), ikasleekin hobeto konektatzeko edo, gaztelaniara pasatzen dira. Badaude hala egin ezean ez dagoela konektatzerik pentsatzen dutenak (halaxe adierazi didate), eta gure aita zena gogora ekartzen didate, berak ere bere euskara guztiz ederra (gure amarena berdin) seme-alabenganako komunikaziorako gaztelaniarekin ordezkatu zenekoari buruz arrazoi horixe bera eman zidalako, zeren gure gurasoek euren guraso eta mundu zaharreko guztiekin beti euskaraz jarraitu zuten arren, gure neba gazteenengana ez zen euskara heldu, eta Bizkaian, gure herrian behintzat, etxe askotan gertatu zen hori. Aitak esan zidan beste modu batera komunikazioa ezinezkoa zela, beraz, egoerak sakatu zuela horretara, Garbiñe Ubedak zein Joxe Manuel Odriozolak ederto azaltzen duten egoerak, euskalduna bere herrian bertan arrotzena izanda, guztiz baztertuta eta akabatuta dagoenekoa.

Azken aurreko kolpea (azkena ez dudalako kontatuko) Osakidetzatik etorri da. Nire NANa utzi diodan arren, izenarekin ez moduan, abizenak idazteko orduan itzelezko nahastea eta urduritasuna sortu zaio langileari. Ea r batekin edo birekin idatzi behar diren galdetu dit. Nik, amaren kardiologoarekin erabili dugun gaztelania natural-naturalean eta bera lasaitu guran, rr-z idazten direla esan diot, r batekin idaztearena (bikoitzarako txapeltxoaz) Sabino Aranaren garaian edo zela. Baina langileak, minduta (eta ni batua baino zaharragoa naizela igarrita edo?), zera adierazi dit, berak batuaz ikasi zuela eta euskara batuan ez dagoela rr idazterik. Ez diot ezer erantzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.