METAL HOTSA DABIL KALEAN

Bizkaiko metalgintzaren itunaren aldeko azken grebak eta manifestazioak jendetsuak izan dira «langileak benetan haserretu direlako», sindikatuen arabera. 2008koa da sektoreko azken ituna, eta hura eragin mugatukoa izan zen. Gehiengo batek egindako azken akordioa 2003koa da. Alorreko 50.000 behargin baino gehiago itun berri bat eskatzen ari dira kalean, azken asteotan.

Metalgintzako langileen manifestazio bat, Bilbon, hil honetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Euskal negoziazio kolektiboaren orban handiena da metalgintza. Langile gehien aritzen den sektorea izaki, erreferente da industriako beharginen lan baldintzak ezartzeko; baina hori ez da hauspo nahikoa izan itun hori berritzeko, Bizkaian, azken zortzi urteetan. Horregatik, 50.000 langile baino gehiago metalgintzaren desarautzea ordenatu zain daude, nahiz eta askok enpresa ituna duten.

Eta hor dago arazoaren gakoetako bat: batzuk loturik daude 2008ko eragin mugatuko itunera; CCOO eta UGT sindikatuek FVEM patronalarekin egin zuten hura. Gutxi batzuk 2001eko eragin orokorrekoaren barruan daude; sindikatu abertzaleek egin zuten hura. Bata zein bestea baitaude ultraaktibitate mugagabean, epaitegiek horrela argitu ondoren—lan erreformaren urtebeteko ultraaktibitatearen gainetik daude hitzarmenok, baina orduko soldata mailarekin—; beste talde batek enpresa itunak ditu, eta beste batek, azpikontratatutako enpresen lan baldintzak. Kaos bat da.

Eta labirinto horren irteeraren bila dabiltza ELA, LAB, CCOO eta UGT, plataforma negoziatzaile bateratua eratu ondoren. Ohiz kanpoko batasun horretan daukate oinarria maiatzean eta ekainean egindako grebek —azkenak, joan den astean—. «Hau guztia ordenatu egin behar da», dio LABeko alorreko arduradun Eulate Zilozinaurrekotxeak. «Bada jendea 2003tik soldata igoerarik izan ez duena. Beste batzuek izan dute, enpresa ituna egin gabe ere. Enpresariaren nahiaren arabera ari dira sarri 2011ko edota 2003ko soldata mailak igotzen. Metaleko langileak pribilegiatuak direla? Mila euroko soldatak jasotzen dituztenak badira, eta hortik behera ere bai».

Metalgintza euskal negoziazio kolektiboaren arima izan da urte askoan, alorrak biltzen duen langile kopuru handia dela eta;LABek badaki horrek pisu handia duela negoziatzean. «Zenbat denbora daramagu itunik gabe? Oso esanguratsua da hori, ongi islatzen baitu zenbateko trabak jartzen ari diren hitzarmen hau egin ez dadin».

FVEMren deiaren zain

Eta orain zer? FVEM hitzordua jartzekoa da negoziazio mahaiak bilera egin dezan, baina gaur arte ez die egunik helarazi sindikatuei. Azken grebek eta manifestazioek arrasto handia utzi dute. «2018ko otsailean hasi ginen negoziatzen», azaldu du Zilozinaurrekotxeak; «patronalak zioen sindikatu gehiegi ginela eta plataforma bakarra nahi zuela. Hori bera egin dugu, oinarrizko eduki batzuk adostuta. Baina berdin zaie. Ez dute borondaterik. Orain arazoa da grebak daudela».

Izan ere, sindikatuek ez dute baztertu greba deialdi gehiago egitea, lanuzteek lortu duten «erantzun izugarria» ikusita. «Patronala konturatu da arazolarri bat duela, eta horregatik erabaki du piketeak erabiltzea», dio LABeko kideak. «Giroa berotuz joan da, eta agindu zehatzak eman dizkiete polizia-piketeei. Eta, hala ere, ekainaren 21eko manifestazioa, Bilbon, inoizko handiena izan da metalgintzan. Patronalak beste argazki bat bilatu du, martxa hori desitxuratzeko, eta, zoritxarrez, lortu du hein batean».

Ekainaren 20ko eta 21eko mobilizazioetan atxilotuak, zaurituak eta identifikatuak egon ziren. «Langile batzuk auzipetu egin dituzte», gogoratu du Zilozinaurrekotxeak. «Hori da patronalak nahi duen argazkia».

Eragin mugatuaren beldur

ELAko alorreko arduradun Mikel Etxebarriarentzat, «errealitate oso desberdinak» daude metalgintzan, azpikontratazio handia dagoelako, hasteko. «Edonola ere, grebak erakutsi duena da langileak benetan haserretu direla». ELAk badu kezka bat: CCOOk eta UGTk eragin mugatuko itun bat egingo ote duten, eta hori gerta ez dadin konpromisoa eskatu die haiei eta patronalari, «baina ez dute konpromisoa hartu nahi izan». 2008an eragin mugatuko ituna egin zuten hiru eragile horiek, eta orain ere ez dute ordezkaritzaren gehiengorik metalgintzan eragin orokorreko akordio bat egiteko. ELAk etaLABek badute; sektoreko lehen eta hirugarren indarrak dira.

Dena den, plataforma bateratua eratu dute sindikatuek oinarrizko eskaera batzuk babesteko. «Oinarrizko eskaera horiek ere ez ditu nahi FVEMk, eta horregatik hustu dira lantokiak eta bete dira kaleak». Eta ekinaldi horrek segida izango duela uste du Etxebarriak. Egunotan sindikatuek bilerak egingo dituzte, eta laster jakinaraz ditzakete mobilizazio gehiago, «greba deialdiak baztertu gabe, noski».

Finean, aberastasuna banatu dadila eskatzen ari dira sindikatuak, ELAko kideak dioenez, «2017ko eta 2018ko datu ekonomikoak ematen dituztenean oso onak direla esaten dutelako, eta 2019ko aurreikuspenak ere onak direla esan baitute». Egoera horrek eragin du haserrea langileen artean, sindikalistaren arabera: «Enpresak ondo daudela ikustea eta aldi berean lan ituna berritu nahi ez izatea urte mordoaren ondoren».

Enpresa itunak dituzten langileak kalera atera ote dira egunotan sektoreko bat eskatzeko? ELAko kideak dio baietz, behargin askok egin dutela bat mobilizazioekin. «Beti dago elkartasuna, noski, baina, gainera, nahiz eta enpresa itun bat eduki, egiten ari garen hainbat aldarrikapenek eragina dute haiengan ere; adibidez, subrogazioa».

Enpresa itunak dituztenak

Sindikatuen eskaeren artean zentraltasuna hartu du azpikontratuekin aritzen direnek kontratuz aldatzeko eskubidearen aldarrikapenak. Gero eta azpikontratazio gehiago dago enpresetan, eta subrogazioak beste errealitate bat ekarriko luke langile askorentzat, beste lan baldintza batzuk. «Enpresa itun batek ezin du jaso subrogaziorako eskubidea; sektorekoak, bai».

Datozen egunetan ikusiko da modurik ote dagoen aldeek akordio bat egin dezaten, baina erraza da aurreikustea uda beroa datorrela metalgintzan. CCOOko arloko arduradun Iker Gonzalok argi dio mobilizazioak ez direla amaituko berehala. «Plataforma bateratua ez zegoela, grebak daudela orain... aitzakiak dira», dio FVEMri erreparatuz; «uste zuten grebak ez zirela izango handiak, eta azkena, ekainaren 21ekoa, izugarria izan da».

Ertzaintzarekin izandako istiluen inguruan ere aho bilorik gabe hitz egin du Gonzalok: «Bi kontainer sutan azaldu ziren argazkian, baina azken egunean probokazio bakarra Ertzaintzarena izan zen, goizetik piketeei oldartzen, 60 urtetik gorako langileei bultzadak emanez, eta horrekin nahikoa ez, eta arratsaldeko martxa hasi orduko beltzak pilota jaurtitzeko eskopetekin jarri ziren aurrez aurre. 11.000 laguneko manifestazioa, eta istiluak bilatu nahian ibili ziren, baita martxa bera bitan zatituta ere une jakin batean. Zaurituak egon ziren, baita kazetari bat ere».

Ez da testuinguru hoberena akordiorako, baina Gonzalok dio patronala ez bada esertzen aurrera egingo dutela mobilizazioek. Haien deialdiaren zain dauden bitartean, CCOOko kideak dio «jarrera harroputza» duela FVEMk, eta sindikatuak ez daudela oporretan. «Hor dugu uztaila, eta gero iraila etorriko da; eta tentsioari eutsiko diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.