Donostiako 54. Jazzaldia

Askotariko doinuen jazzaldia

Joan Baezekin hasiko da Donostiako 54. Jazzaldia, gaur. 120 kontzertu inguru izango dira igandera bitartean. John Zornek jasoko du Jazzaldia saria

Joan Baez musikari eta konpositorea. VALENTIN FLAURAUD / EFE.
Miren Garate.
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Miguel Martin zuzendariaren esanetan, «ezaguna, esanguratsua eta publikoko belaunaldiezberdinetara iristeko gai den artista batekin» hastea izaten da Donostiako Jazzaldiaren helburuetako bat urtero. Eta jazzik egiten ez duen arren, bazeuden aski motibo Joan Baez abeslari eta konpositorea gonbidatzeko: batetik, baldintza horiek guztiak betetzen dituela; eta, bestetik, 60 urteko ibilbidearen ostean, igandean emango duela azken kontzertua, Madrilen. Artista ikusteko azken aukeretako bat izango da, beraz, gaurkoa. Agertoki Berdean ariko da, Zurriolako hondartzan, 20:45ean hasita, eta izen handiko beste artista batek hartuko dio lekukoa jarraian, jaialdiaren hasierako emanaldi horretan: Jamie Cullum musikari ingelesak.

Igandera bitartean, 120 kontzertu izango dira jazzaldiaren barruan. Ohi bezala, Trinitate plaza izango da gune nagusia, eta Donny McCaslinek eta Maria Schneiderrek estreinatuko dute agertoki hori, bihar. Lehen zatian, McCaslin izango da protagonista, boskote baten buru, eta, bigarrenean, Maria Schneiderrek zuzenduko du Ensemble Denada. Amaieran, elkarrekin joko dute Sue (Or in a Season of Crime), hau da, Schneiderrek David Bowie musikariarentzat 2014an idatzitako abestia. Hain zuzen, hari esker irabazi zuen Bowiek Grammy saria, eta pieza hori izan zen Blackstar lanaren ernamuina ere. Schneiderrek gomendatu zion Bowieri Donny McCaslin kontratatzeko Blackstar grabatzeko. Jazzaldian ariko diren artista askok eta askok aurretik ezagutzen dute jazzaldia, baina orain arte izan gabekoa da Scheneider.

Gune horretan, Unspeakable Garbage taldea ariko da etzi, Mostly Other People Do the Killing taldeko baxu jotzaile Moppa Elliotten talde berria dena. Orain urte erdi eskas sortu zuten, eta Europan zuzenenekorik egin gabeak dira oraindik. Trinitate plazan jo aurretik, Victoria Eugenian izango dira bihar, eta huraxe izango da aurtengo proposamenik berritzaileenetako bat.

Emakumeek izango duten presentzia nabarmendu zuten antolatzaileek jaialdiaren aurkezpenean. «Ez da bilatutako zerbait izan, eta oso pozik gaude hain modu naturalean atera delako», adierazi du Martinek, gogoratuz jazzaren arloan gizonezkoen presentzia handiagoa izan dela historikoki. Hain zuzen, bi emakume izango dira protagonista nagusi asteburuan Trinitate plazan, eta bi saioetarako sarrerak amaituta daude jada. Larunbatean, Diana Krall piano jotzaile eta abeslariaren txanda izango da. Azken bi hamarkadetako jazzeko ezinbesteko izenetako bat da, eta Donostian Joe Lovano izango du artista gonbidatutzat, munduko saxofoi jotzailerik garrantzitsuenetako bat.

Azken egunean, igandean, Silvia Perez Cruz abeslari kataluniarrak beteko du plaza. Berrikuntzarako eta aurrez inork zapaldu gabeko bideetatik ibiltzeko duen grina dira haren ezaugarrietako batzuk. Askotariko estiloetan aritzeko gaitasuna du, eta arrasto propioa uzten du beti. Toquinho izango du ondoan gitarrarekin, eta Javier Colina kontrabaxuarekin.

Jazzaldia gaztetzeko ahaleginetan ari dira azken urteotan antolatzaileak, eta iragarri dute ildo horretan sakontzeko asmoa dutela aurrera begira ere. Hala ere, beti-betiko musikariak ere ez dituzte baztertu. Larunbatean, Krallen saioaren aurretik, Houston Person ariko da, 84 urte dituen saxo tenor beteranorik handienetako bat. 75 disko grabatu ditu bere izenarekin, eta beste asko Don Ellis, Cedar Walton, Etta Jones, Lena Horne, Horace Silver eta beste hainbat artistarekin elkarlanean. Halaber, gaur betetzen ditu 80 urte Charles McPhersonek, eta igandean Perez Cruzenekin batera aritzeaz gain, Victoria Eugenian ere izango da hura entzuteko aukera, larunbatean. Orain hiru urte ere izan zen Donostian; Kursaaleko terrazetan aritu zen.

Zornen beste maratoi bat

Aurtengo «apustu estetikoa», berriz, John Zorn saxofoi jotzaile estatubatuarra da, Martinen esanetan. 2013an, Masada Maratoiarekin, arrakasta handia lortu zuen jazzaldian; eta, aurten, Bagatelles Marathon izeneko ikuskizun bikoitza dakar. Larunbatean izango da emanaldiaren erdia, eta igandean beste erdia. Musika maratoi horretan, hamalau taldek hartuko dute parte, eta musikariak, berriz, 30etik gora izango dira. «Zornen proposamena jaialdiaren ildo editorialaren adibidea da, duela urte batzuk estilorik garaikideenen aldeko apustua egitea erabaki baikenuen». Zornekin batera ariko diren horietako asko abangoardiako musikaren izen handiak dira; besteak beste, Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen eta Trevor Dunn. 1994tik ematen duten Donostiako Jazzaldia saria ere Zornek jasoko du aurten. Oholtza gainean izango da, prentsaurrekorik eta halakorik gabe, eta auskalo argazkirik izango den, normalean ez baitu uzten jotzen ari den bitartean argazkiak ateratzea.

Joe Jackson da aurtengo egitarauan nabarmentzen den beste izenetako bat. New wave deitutako estiloko kide garrantzitsuenetako bat da, Elvis Costello eta David Byrnerekin batera. Genero batetik bestera ibili da 1979an lehen agerraldia egin zuenetik, eta bost aldiz izendatu dute Grammy sarietarako. Aurtengo urtarrilean argitaratu zuen orain arteko azken diskoa, hogeita batgarrena. Four Decade Tour bira egiten ari da agertokietan daramatzan berrogei urteak ospatzeko, eta bira horren barruan egingo du Donostiako geldialdia.

Japoniako jazzari ere emango dio tarte bat 54. jazzaldiak. Ziklo bat programatu du, eta Japoniako bost bakarlarik edo taldek parte hartuko dute. Pianoa eta gitarra bakarlariak entzun ahal izango dira kontzertu guztietan, eta hamabi emanaldi egingo dituzte guztira. Ai Kuwabara eta Eri Yamamoto izango dira artista horietako bi.

32 euskal talde

Euskal taldeei dagokienez, 32 artistak hartuko dute parte jaialdian. Horietatik lau antolakuntzak programatu ditu zuzenean: San Martin-Lluis Coloma Duo; Nogen; Goshu Ondo: Eri Yamamoto Trio + Easo Abesbatza; eta Jaime Stinus-Xavi Vidal. Urtarriletik apirilera bitartean egindako hautatze prozesuan aukeratu zituzten beste hamar: Reunion Big Band, Hot Potato Blues Band, Xahu, Organizing, Amaika Rude Sound (The Ska and the Abstract Truth), Fredi Pelaez Trio, Nacho Soto (Experiment 64), No-Land Trio, Ekhilore Quintet eta Juan Jose Cabillas with Strings. Joan den urtean diskoa atera zuten Jon Urrutia Trio, Lurpekariak, Javier Lopez Jaso-Marcelo Escrich Quartet, Broken Brothers Brass Band eta Elkano Browning Cream ere izango dira jazzaldian, bai eta Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituko Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, RO eta Anai ere. Musikene Euskal Herriko goi musika ikastegiak proposatutako The Funk&Risketeers, Xvr Estevez Sextet eta Nasim Quartet taldeek osatzen dute euskal taldeen egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.