Euskal Herria Itzulia

Bakarrak jantzi, denek merezi

Daniel Martinezek irabazi du Itzulia, bukaera ikusgarrian. Ion Izagirre nagusitu da Arraten, erori arren, eta bigarren amaitu du nagusian, Aleksandr Vlasoven aurretik. Pello Bilbao bosgarren gelditu da

Erori arren, Ion Izagirrek irabazi zuen atzo Arraten. Irudian, ospatzen ageri da. Sailkapen nagusian bigarren egin zuen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Txapela kentzeko moduko ikuskizuna eskaini zuten atzo Itzulia irabazteko hautagaiek, Arratera bidean jokatu zen azken etapan. Egiazki, denei txapela jartzekoa izan zen, Krabelinetik aurrera ikusi zena gogoangarria izan baitzen. Benetako omenaldia egin zioten txirrindularitzari. Merezi izan zuen txapela Ion Izagirrek (Cofidis), indartsuena izan zelako, eta, azken igoeran erori arren, altxatu, aurkariak harrapatu, eta etapa irabazi zuelako; baita Pello Bilbaok ere (Bahrain), Krabelin suziria bezala jaitsi, eta une batez lider jarri zelako. Remco Evenepoelek (Quick Step) zeraman maillot horia, eta zain eta muin defendatu zuen. Haren ahalegina ere podiumaren gorenera igotzeko modukoa izan zen. Aleksandr Vlasov (Bora) eta Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) ere lasai asko izan zitezkeen Itzuliko garaile. Ordea, bakarrak irabaz zezakeen, eta Arraten, Daniel Felipe Martinezek (Ineos) ukitu zuen zerua.

Ikusi gehiago:Erreleboka. Amaia Agirre: 'Muga mugan'

Eromenaren erdian gailendu zen kolonbiarra. Zoratzekoak izan ziren azken 40 kilometroak. Erasoak, erorikoak, ezusteko berragertzeak eta susperraldiak... Denetarik gertatu zen Krabelinen Primoz Roglicek (Jumbo Visma) sua piztu eta gero. Etenik gabeak izan ziren gidoi aldaketak, eta, bukaera dramatikoan, Izagirre izan zen protagonista. Arraten izaniko erorikoak Itzulia irabazteko aukerarik gabe utzi zuen, baina txapeldun izaera erakutsi, eta etapa garaipena eta sailkapeneko bigarren postua eskuratu zituen. Ormaiztegikoari 11 segundora gelditu zitzaion koskarik garaiena; eta 16ra Vlasovi, podiumera igo zen besteari. Bertatik kanpo gelditu zen Evenepoel, laugarren, 21 segundora; eta haren atzetik bukatu zuen Bilbaok, 32ra. Seigarren izan zen etapan. Izagirrek Vlasov eta Martc Soler (UAE) izan zituen atzetik helmugan.

Tropela arratsaldeko ordu biak aldean jarri zen abian. Bertan ez zegoen Milan Vader (Jumbo Visma): oso eroriko gogorra izan zuen bezperan, eta larri eraman zuten Basurtuko ospitalera. Ostiral gauean «egonkor» zegoela esan zuen Jumbo Visma taldeak, eta koma induzituan zegoela jakin zen atzo.

Ihesaldia osatzeko eguneroko borroka piztu zen etaparen hastapenean. Elkorrietan Davide Formolo (UAE), Cristian Rodriguez (Total Energies) eta Tony Gallopin (Ag2r) aurreratu ziren, eta geroago, Xabier Mikel Azparren (Euskaltel-Euskadi) eta Nelson Oliveira (Movistar) batu zitzaizkien. Boskoteak bidea egiteko onespena izan zuen, eta sei minuturen aldearekin hasi zen Endoia igotzen. Formoloren erritmoak puntutik atera zuen Azparren. Donostiarrak ezin izan zuen lasterketa buruan iraun, eta harrapatu egin zuen atzetik zetorren zazpikote batek. Haien artean zegoen Igor Arrieta (Kern Pharma).

Azurki igo zuten hurrena, eta tontorrera lau minuturen aldearekin iritsi ziren Formolo, Oliveira eta Gallopin. Bidean gelditu zen Rodriguez, mendiko liderra. Tropelean, berriz, Ineos taldeak hartu zuen agintea. Lasterketa gogortu nahi zuten, liderren geroko erasoak prestatzeko, eta Evenepoel makaltzeko. Endoian Geraint Thomas aritu zen tiraka, eta Azurkin, lekukoa hartu zion Omar Frailek.

Krabelin izan da mugarria

Gorlan ere jo eta ke aritu ziren Ineoseko ezkutariak. Goian, 2.30eko errenta zuten lasterketa buruko hirurek. Formoloren esku utzi zuten erantzukizuna, hura baitzen hiruretan igotzailerik onena. Tropeleko eskalatzaileak, ordea, babesean zeuden oraindik.

Iaz Gorlako jaitsieran egin zuen eztanda lasterketak, Astanaren ekimenez. Atzo, ordea, geroago piztu zuten txinparta, Krabelinen. Maldarik gogorrenetara heldu orduko jo zuen Roglicek. Aztoratu egin zen oilategia, eta mokoka hasi ziren oilarrak. Jada ez zegoen atzera-bueltarik. Gandorra tente zuten Izagirrek, Martinezek, Vlasovek, Vingegaardek eta Enric Masek (Movistar); Evenepoelek eta Bilbaok, ordea, segundo batzuk galduak zituzten Arrateko helmugatik pasatu ziren lehen aldian. Ordurako, lasterketa buruan bakarrik geratua zen Formolo. Minuturen aldea zuen.

Oliveirak jada ez zuen irabazteko aukerarik, baina lan itzela egin ziezaiokeen Masi. Movistarrek bikain jokatu zituen kartak. Alabaina, liderra lurrera joan zen jaitsieran, Bilbaori jarraitu nahian. Ezerezetik agertu zen gernikarra, Itzulia maldan behera irabazteko asmoz. Apustua ederki atera zitzaion, atzean gelditu baitzen Martinez. Harekin bat egin zuen Evenepoelek. Jaitsiera bukatuta, 30 segundo zituzten galduta lehen bi sailkatuek. Urkaregin sokatira ikusgarria izan zuten aurrekoekin, aldapan gora eta behera, eta helmugatik 14 kilometrora harrapatu zituzten. Batera ziren lehen sei sailkatuak. Erasoka aritu ziren Arratera bidean, baina Formolok egin zuen ihes.

Ez zen urrun iritsi. Etapa onenen arteko kontua zen. Izagirre oldartu zen lehenik Arraten, eta ezinean gelditu Evenepoel. Gero Vlasov eta Vingegaard saiatu ziren. Metroak galtzen hasi zen Bilbao. Eta goraino kilometro eta erdi falta zela, erori egin zen Izagirre, Vingegaarden atzeko gurpila ukituta. Ez zuen amore eman, ordea. Tontorrera iristerako itzuli zen irabazlegaien artera. Hori gutxi ez, eta nagusitu egin zen esprintean, bukaera azkarrean egin beharrekoak eginda. Txapelik gabe, baina irribarrez bukatu zuen Itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.