Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Minutu gutxi batzuez

Miyamatsu to Yamashita filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Miyamatsu to Yamashita/Roleless'

Zuzendariak: Masahiko Sato , Yutaro Sekieta Kentaro Hirase. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 85 minutu.

Samurai batzuk korrika dabiltza. Norbait dute jarraika. Ezpatekin borrokan hasiko dira, eta hainbat gizon lurrera eroriko dira, larriki zauriturik edo hilik. Erasotzaileek alde egingo dute, eta lurrean dauden gizon horiekin geldituko gara. Horietako bat altxa, eta korrika hasiko da. Haren atzetik goaz. Kaletxo batean sartzean samuraien garaiarekin zerikusirik ez duen emakume bat ikusiko dugu, atrezzoz beteriko mahai baten aurrean. Gure gizon ustez zaurituak bere izena eta rola esango dizkio emakumeari, eta honek jantzi berri bat emango dio. Myamatsu zinemako estra da, pertsonaiatik pertsonaiara salto egiten du, buruhauste handirik gabe. Horrek ez dio bizitzeko diru nahikoa ematen; beraz, teleferiko batean ere lan egiten du. Topatuko duen aspaldiko ezagun batek ahaztuta zuen bere bizitza gogoratzen lagunduko dio.

Masahiko Sato, Yutaro Seki eta Kentaro Hirase japoniarrek hainbat labur zuzendu dituzte elkarrekin, baina Miyamatsu to Yamashita haien lehen film luzea da. Hiru gizonak izan dira filmaren zuzendari, gidoigile eta muntatzaileak.

Lehen eszenatik badu zerbait berezia. Myamatsuk antzezten dituen pertsonaien bidez, bizitzen ari den errealitate desberdinak ikusiko ditugu, eta eszena amaiera arte ez dugu jakingo zeintzuk diren errealak eta zeintzuk fikzio. Protagonistak berak ere ez dirudi argi duenik. Izan ere, minutu gutxi batzuetan bada ere, beste batzuen bizitza aritu da bizitzen, eta berea propioa ahaztu du. Zuzendariek errealitatearen eta fikzioaren arteko eszena horiekin jolastuko dute, Myamatsuren iragana ulertzeko piezak estra gisa egindako lanekin tartekatuz, eta filmaren amaiera arte ez dugu lortuko puzzle osoa eratzea.

Filmak planteamendu oso interesgarria duela iruditzen zait: errealitatean bizi ordez, fikzioa bizi nahi duen gizonaren istorioa. Gainera, fikzio hori minutu gutxi irauten duten estren rolean izateak are indar handiagoa ematen dio premisari, eta momentu kurioso eta barregarriak utziko ditu kontakizunean. Zuzendariek ondo jakin dute islatzen pertsonaiaren hustasun hori, cut entzuten den bakoitzean existitzeari uzten dion gizonarena; baina haren errealitatea eta iragana ezagutzera egiten duen bidaiak azalekoegia dirudi, are gehiago tratatzen den gaiaren gordintasuna ikusita. Istoriotik atera egiten zaituzten eszenak dira, eta Miyamatsu estraren bizitzara itzultzea espero duzu; baina beharbada hori da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.