KRITIKA. Dantza

Zorutik hatz batera

Agus Perez.
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun

'Golden Days'

Konpainia: Aterballetto. Koreografia: Johan Inger. Jantziak: J. Inger, Francesca Messori, Carolina Armenta. Argiak: Peter Lundin. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 15.

Kurioski bada ere, bigarren aldiz Maitaldia honetan etorri da koreografo nagusi bat gaztetan entzundako musikak dantza bihurtu nahian. Oraingo honetan Johan Inger suediarraren Golden Days ekarri du Italiako Aterballetto konpainiak, eta nik esango nuke Pompea Santoro zuzendari artistikoaren eraginez benetako handitasunera heldu dela konpainia.

Berriki Benoit sari prestigioduna eskuratu duen koreografoaren esanetan, «[Tom Waits, Patti Smith eta Keith Jarretten musikekin] Historiaren eta nostalgiaren sentipen bat berreskuratzen dugu, leku bat iraganean, non dena xaloa eta dohainikakoa iruditzen zitzaigun (behintzat gaurko ikuspegitik ikusita)». Hortik emanaldiaren izenburua, beraz: Urrezko egunak alegia.

Ikusten denez, Ingerrek hiru izen baino ez ditu aukeratu gaualdi musikal honetarako. Tom Waitsen zenbait kantarekin hornitu da Rain Dogs pieza eta Keith Jarretten piano infinituak osatu du Bliss izeneko amaiera sublimea. Biak ala biak aurretiaz eginiko piezak dira, eta argi dago Atterballettoren esku edertasunaren gailurrera heldu direla, baina bi atalak elkartzeko pieza laburtxo bat behar zen, eta hor etorri da Patti Smithen kanta baten gainean eraikitako interludio eredugarria. Birdland izeneko tarte horretan emakumezko batek solo bat dantzatu du, bi teknikarik lehen ataleko errauts itxurako gaia kendu, linoleo beltza altxatu eta zuria agerian uzten zuten bitartean. Bakarlariak umorez eta maltzur jokatu du teknikariekin, baina haiek gero eta gehiago mugatu diote dantzarako eremu beltza eta azkenik haiek atera dira garaile. Gogoangarria, benetan: bi pieza nagusi lotu behar zituen ataltxoak entitate zentrala hartu du Ingerren eskuetan.

Rain Dogs izenekoan —harekin zabaldu da gaualdia— garai bateko Italiako zoriontasunera eraman gaitu koreografoak, bizitza arrunteko keinuak eta dantza garaikide gorena maisuki eta finezia handiz elkartuta, emozioak urrunetik bideratuz eta edozein narratibotasunetik ihes eginez. Tom Waitsen ahots lakarrak girotu dituen koadroetan argi geratu da dantzarien teknika bikaina —Aterballettok orain arte izandako hoztasunetik aldenduta— eta ebokazio erromantiko bikain hori txantxa eszeniko txiki ugaritan etorri da bilduta.

Hala ere, Bliss izeneko hirugarren zatian heldu da gara gailurrera, Keith Jarretten piano distiratsuaren eraginpean, jantzien kolore suabeek lagunduta eta koreografiaren izaera jostagarrian bermatuta. The Köln Concert-en zati batek girotu ditu dantzarien eboluzioak, eta berez intelektualegia izan zitekeen musika erromantizismo abstraktuaren paradigma bihurtu da dantzarien erakustaldi beroaren kontrastean. Dantzariak erabateko konplizitatean ikusi ditugu eta, batez ere, dantzaz gozatzen, beren teknika bikainaren jabe eta italiarren gorputz-estilo paregabearen erakustaldi betean. Aingeruak bezala ibili dira haiek guztiak, eta gu zorutik hatz batera, gure izpiritu arina gorputz astunetik askatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.