Irene Larraza. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria

«Euskal eragileek ez dute arazorik izaten kalitate estandarrak betetzeko»

Hamar urte bete ditu institutuak, eta hamaika dira urteotan aurrera eramandako egitasmoak. Halere, beste horrenbeste dira aurrera begira egin beharrekoak: hala nola pandemiak izandako ondorioak kudeatu, eta euskal sorkuntzen itzulpenak hauspotu.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko urtarrilak 10

Munduko hainbat bazterretako plazetara jalgi da euskara. Horren erantzule nabarmenetariko bat da Etxepare Euskal Institutua. Hamar urte bete zituen iaz, eta ubera luzea du atzean dagoeneko: besteak beste, Euskal Herritik kanpoko 4.000 ikasle izaten ditu euskarak urtero haren unibertsitate eta euskal etxeen sareari esker, eta euskal sortzaileak ohiko bihurtu dira jada nazioarteko kultur jaialdi eta azoketan. Are, jaialdion zutabeetako bat ere izatera heldu dira, iazko Euskal Herria Eskozian egitasmoan, kasurako. Irene Larraza zuzendariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1970) institutuak egitasmo horietan egin duen «zubi lana» nabarmendu du: «Kulturgileen zerbitzura gaude».

Etxepare Euskal Institutua sortu zen euskal munduan zegoen gabezia bat konpontzeko. Nolakoa zen orduko egoera?

Bazeuden egitasmo batzuk euskal kultura eta hizkuntza kanpora eramateko. Etxeparek, sortu zenean, horiek denak jaso egin zituen, eta urteen poderioz jasotzen jarraitu du betebeharren arabera, bai irakaskuntzan, baita sustapenean ere. Gainera, ildo berri batzuk gehitu dizkie egitasmoei.

Zein da urte hauen balorazioa?

Batez ere garrantzitsua dela gurea bezalako hizkuntza eta kultura batek horrelako institutu bat izatea. Ez da hain ohikoa hizkuntza gutxitu batek halako tresna bat edukitzea, katalanak ere badu, baina ez da ohikoa izaten; normalki, hizkuntza hegemonikoak eta estatu mailakoak izaten dira kanpoan aritzeko gaitasuna daukatenak, baina gu ere Europako gainontzeko institutuekin gabiltza harremanetan eta elkarlanean Etxepareren bitartez. Alde horretatik, bide luzea du egiteko, eta milaka aukera ditu, eta dituen baliabideekin egiten ari den urratsak sendoak dira.

Etxepareren lan egiteko eredua gainontzeko institutuen antzekoa da, edo ez datoz bat?

Gure ereduak, besteekin alderatuta, badu alde nagusi bat. Normalki, kultura eta hizkuntza institutuek egoitzak izaten dituzte kanpoan; beraz, hizkuntzaren irakaskuntza eta kultur proiektu nagusiak horietan egiten dira. Gure eredua beste bat da: ez dauka kanpoko presentziarik, ezta kanpoko egoitzarik ere; beste modu batean egituratzen da. Batetik, irakaskuntzaren sarea osatzen dute unibertsitateek, eta, bestetik, euskal etxeek. Munduan 35 unibertsitatetan irakasten dute euskara eta euskal kultura, bederatzi katedra daude goi mailako ikerketak sustatzeko, eta 80 pasatxo euskal etxe daude Etxeparek koordinatuta euskara eskolak eskaintzen dituztenak. Sare hori malguagoa da, baina eraginkorra, nahiko esparru zabala hartzen duelako.

Eta euskal kulturaren sustapenari dagokionez?

Hainbat gauza egiten dira. Jakina da kanpoan dabiltzan sortzaile eta eragileak ez daudela bakarrik, Etxeparerekin batera doazela baizik. Zorionez, euskaldunak oso kultur ekintzaile indartsuak gara, eta asko aspalditik ari dira kanpoan ere; horiek dira enbaxadorerik onenak. Alde batetik, Etxeparek mugikortasuna laguntzen du, eta kanpoko egitasmoak diruz laguntzeko aukera dago, baita itzulpengintza edo beste ildo batzuk bultzatzekoa ere. Beste alde batetik, badira egitasmo batzuk zuzenean Etxeparek antolatzen dituenak. Euskal leiho deitzen diegu, hemen herri bat eta hizkuntza bat dagoela ezagutarazteko egiten ditugu, lagin horiek ikusita hona begira jar daitezen.

Mugak aukera bihurtu dituzue.

Nahiko genuke. Leihoak nahitaezkoak dira. Batzuk urtetik urtera errepikatzen dira azoketan, jaialdietan... Era berean, 2019an Eskozian egindako egitasmoak leiho bat irekitzea izan zuen helburu, leiho zabalago eta iraunkorrago bat sortzea. Beste urrats bat ere egin daiteke, joan-etorriko bidaiak planteatu, kulturaren bidez elkar ulertzeko erabiliz. Askotan, hizkuntza gaitasuna bereizten duen ezaugarri bat bezala interpretatzen da, eta kontrakoa da: zubi berriak eraikitzen dira, beste diplomazia batzuk gainditzen dira, izan politikoa, izan ekonomikoa. Horiek beren indarra dute, baina kulturaren bitartez haien mugak ere gaindi daitezke.

Nola moldatu dituzue lan ildoak gaur egungo egoerara?

Esaterako, mugikortasuna sustatzen dugun alorretako bat da, eta osasun larrialdi honetan, oso mugatua gelditu da. Bestalde, eragile askok martxorako lotuak zituzten emanaldiak. Hitzartuta zeuden, baina egin ezin izan ziren egitasmo horiek denak beste modu batean hartu ditugu aintzat diru laguntzetarako, horiek lotzen egindako lana konpentsatzeko. Datorren urteko eredua zehaztu gabe dugu, baina argi dugu diru laguntzek automatikoagoak izan beharko dutela ahal den neurrian, eragileei likidezia eskaintzeko, eta kopuruetan ere malguago jokatu beharko dugula, administrazioaren burokraziak uzten digun neurrian. Inkesta bat egin dugu sortzaileekin, diagnostiko bat egiteko helburuarekin, eta hori eskuetan dugula ari gara plangintza egiten.

Zer irudi dauka egun euskarak nazioartean?

Uste dut euskarak baduela erreferentzialtasun bat bere izaera bereziagatik. Euskara ezaguna da —testuinguru batzuetan gehiago— sailkaezina, zaharra eta jatorri misteriotsuduna delako, eta horrek erakargarri bihurtzen du, normala denez eta merezi duenez. Erakargarri bihurtzen du ere bai erabilgarritasunak: euskarak alor guztietarako balio du, eta gure sortzaileek hori erakusten dute azkenean.

Eta Etxeparek nola eragin du ezagutza horretan, zure ustez?

Etxeparek egiten duen zubi lana ezinbestekoa iruditzen zait. Besteekin buruz buru egiten dugu lan, lotsarik gabe, eta hala hartzen gaituzte, ikusten dutelako gogoa dugula eta badakigula zer egiten ari garen. Baina, harreman horiek egon arren, programatzaileek ez lukete ezer programatuko sorkuntzek haien kalitate estandarrak bete ezean, eta ez dugu arazorik izaten maila horietara heltzeko. Kanpoko aitortza horrek, gainera, hemen ezagunagoak izateko balio du.

Kalitate estandarrak aipatu dituzu. Nolakoak izaten dira?

Normalean, jaialdi batek badaki zer nahi duen, ildo zehatz bat izaten dute, eta horrekin lotutako lan zehatzak aukeratzen dituzte. Gure egitekoa izaten da informazioa ematea beraiek bilatzen duten hori aurki dezaten. Horregatik, institutu guztiek lantzen ditugu katalogoak, eskaintza erakusteko. Baina eurek aukeratzen dute. Ez daude bi jaialdi berdin, ezta bi diziplina berdin ere, baina oinarrian hori da egiteko modua: lanak ezagutu ditzatela, horiekiko jakin-mina izan dezatela eta, hurrengo batean, beste egile baten bila etor daitezela.

Euskal kultura sustatzeko erabiltzen duzuen bideetako bat literatur lanak izaten dira. Hori hala izanda, itzulpengintzak zer- nolako garrantzia du Etxeparek egiten duen lanean?

Gure lana hemen gertatzen dena ezagutaraztea da, kanpokoen arreta piztea hemen egiten denarekiko, eta hori lortzeko itzulpengintza oso tresna indartsu bat da, ez bakarrik euskararentzat, hizkuntza guztietan gertatzen baita hori. Indartu behar ditugun arloetako bat da hau: gehiago itzul dadin lortu behar dugu, irismen gehiago izan nahi badugu nazioarteko azoketan eta jaialdietan. Nahiko gauza oinarrizkoa da, baina gure sortzaileek euren lana kanpoan erakutsi dezaten, honek itzulia egon behar du. Aurten, lanak itzultzeaz gain, laginak ere itzultzen hasi gara. Eta gure asmoa zen beste egitasmo bat ere abian jartzea, baina bertan behera utzi behar izan dugu, momentuz.

Zertan datza atzeratu behar izan duzuen egitasmo hori?

Iruditzen zaigu gure zubigintza horretan modu ekintzaileagoan edo zuzenagoan eragin behar dugula. Orain aztertzen ari gara zer lan mota itzuli dituzten munduan euskal literaturarekiko interesa duten argitaletxeek. Haiengana zuzenean jo nahiko genuke, ezagutzen dutena eta oraindik ezagutzen ez dutena eskura jartzeko. Lan horretan, aipatutako laginena oso baliagarria izango da. Baina gure lana zubigintza egitea da, ez inoren saltzaileak edo managerrak izatea; merkatuarena beste eremu bat da, askotan gurearekin bat egin arren.

Zertan ezberdintzen zarete saltzaileengandik?

Azken urteetan, lan oso zehatza egin dugu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin bi eremuetako ardurak garbi bereizteko. Ez da erreza bata eta bestea definitzea. Modu grafikoan aipatzearren, demagun liburu azoka batean saltzailea editorea dela. Argitaletxeek salmenta egingo dute, baina liburu azoketan —edo musika edo arte eszenikoen azoketan— autoreak egoten dira beti, paraleloki. Autoreenak lotura du saltokietan egiten den horrekin, baina aparteko jaialdi bat bezala funtzionatzen du. Erakusleihoak dira, baina ez soilik egile zehatz baten lana sustatzeko. Nahiko genuke horren bitartez interesa piztea, katalogoa har dezatela, eta euskal kultura existitzen dela jakin dezatela. Egiteko osagarriak dira, baina ezberdinak: gure lana programatzaileak animatzea izaten da, urteen poderioz ikus dezaten euskal kulturak eskaintza koloretsu bat duela.

Nazioartean, hainbat kultur sistema harremanetan egoten zarete, eta, elkarlanik baden arren, ez dago, era berean, kulturen arteko lehiarako arriskurik ere?

Nik ez dut lehiarik ikusten. Eremu desberdinetan gaude. Eragile asko egoten dira, eta gure funtzioa osagarria da, hau da, gure lana ez da ordezkatzea beste institutuek edo eragileek egiten dutena. Adibidez, nahiz eta hizkuntza gutxituen eremuan ere egitasmoak antolatzen ditugun, maila orokorrean aritzen gara gehienbat, eta hor ez dago lehiarik jatorriagatik. Gakoa da ea kultur ekarpenik egiten den edo ez, eta gure sortzaileek ekarpen hori egiten dute edo egin dezakete. Kasu gehienetan, egileak horra heltzen dira maila dutelako, ez sistema batzuetako eragileak gehiago babesten dituztelako, ez baitago trataera berezirik. Ez da bereizi behar euskal kultura eta gainontzeko kultura, baina hori gertatzen da, adibidez, komunikabide batzuetan.

Iaz Eskozian egindakoa Quebecen nahi zenuten errepikatu aurten. Egoerak ez du horretarako bidea eman, baina halakoak urtero antolatzeko joera egonkortu nahi duzue etorkizunean?

Hori izan zen hasierako asmoa: urtero-urtero jomuga berri bat izatea. Egia da halako egitasmoak antolatzeko bizpahiru urteko lana behar izaten dela; beraz, zer-nolako gaitasuna dugun ikusi beharko dugu. Quebecekoa ez dakit noiz eta nola egin ahal izango dugun, baina egingo dugu. Uste dut udatik aurrera aurrez aurreko batzuk edo gehienak egiteko moduan egongo garela, hori lortu ahal izateko ari gara lanean. Eskoziakoari ere 2020an jarraipena ematekotan geunden.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Hau deserosotasun baten kronika da»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Barruan sentitzen zuen ekaitza aztertzeari ekin, eta 'Galerna'-z erditu da artista. Bere identitateari eta gizarteari buruz galdezka hasi, eta hamaika galdera berri sortu zaizkio. Tabakaleran ditu ikusgai; liburuan ere eman ditu. Erantzun bila segitzen du.
Mary Shelley idazlea, John Opie artistak ondutako erretratuan. ©BERRIA

Azken gizakia gizakiaren azkenean

Joannes Jauregi

Otsailean 170 urte izango dira Mary Shelley hil zela. 'Frankenstein' du lanik ezagunena, baina, 2021 honetan, merezi du haren beste lan bati ere erreparatzea, lotura garbia baitu 2020tik mundua hartua daukan pandemiarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Igartua Aristondo

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna