Zuzendaria: Ivan Fischer. Baritonoa: Roman Trekel. Lekua: Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Abuztuak 31.
Budapest hiriko orkestra izan da aurtengo Musika Hamabostaldiko talderik hoberena. Ivan Fischerrek aurkeztu digun orkestrak musikari bikainak ditu bakarlari postuetan, eta talde lanean soinu garatua azaltzen dute hungariarrek. Bezperan Johannes Brahmsen bi sinfonia lodi era zitalean interpretatu eta gero, Musika Hamabostaldiak, zeinak diamantezko ezteiak ospatu dituen, azken kontzertu ezohikoa prestatu digu, orkestrari musika egitarau konkretu bat eskatuz. Omenaldi honetan 1939an jaialdiko lehen interpretazioetako bat berreskuratu nahi izan dute: Franz Schuberten Sinfonia amaitugabea. Horretaz gain planteatutako musikak ez zuen inongo zentzurik eduki; ezaugarri arraro eta bitxia antolatzaileetan, esparru horiek ondo zaintzen dituztelako.
Gustav Mahlerren bi lieder, Roman Trekelek abes zitzan. Maila dotorean aritu da, baina haren partaidetza horretara mugatu da, musika entsalada ero horretarako gutxiegi izanik. Johannes Brahmsen hiru Dantza hungariarrek lotura handiagoa zuten atzoko egitarauko janaurreko gisa. Schubertekin batera emanaldiaren lehen zatia arraroa izan da musika nahasketan. Orkestra, zoragarri; karisma handiko zuzendaria, dotorezia apartekoz, eta interpretatutakoa, gustagarri, baina zentzua guztiz galduta. Jai giroa nahi zuten, eta horretan emankorrena den Johann Straussen balsak eta galopak falta zitzaizkigun. Baina laster asko azaldu ziren, urtean behin entzuteko sobera nahikoak diren musika obra bakunak. Fischer axolagabekerian murgildu zen; orkestra, irribarretsu; zuzendaria, musikak eskatzen dituen tontakerietan lanpetuta, eta entzumenarentzat opari diren musika hauek txalogarri entzuleriarentzat. Perfekzio ikusgarrian zebilen bateratasunak porrot egin zuen Danubio urdina famatuan; beharbada, jolasgura horren ondorio errugabea izan zen. Musika Hamabostaldiaren hala-holako amaiera. Joaldia paregabea izan zen, baina gehiago espero nuen diamantezko eztei hauen azken platerkadan. Zorionakgoranzko bidean sustatu diren75 urte hauengatik!
KRITIKA. Kursaal auditoriuma
Festa giroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu