Ama lurra, klimari beha

Abiatu da Lurrama, eta bihar arte iraunen du. Merkatu, abere, ostatu eta hitzaldietatik mezu bera sumatzen da: klimaren larrialdi egoera. Alta, aterabidearen adibide da: laborantza herrikoia eta iraunkorra baita bide bakarra.

Eskoletako ikasleek ikusi dute tokiko sagarretatik ura ilkitzen, eta dastatzeko parada ere ukan dute. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Miarritze
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Klima bizia da aurtengo Lurramako leloa Miarritzeko Irati aretoko protagonista izan da. «Urte bakoitzak balio du, zeren eta klima aldaketa gas isurien ondorio da. Klimaren etorkizuneko hazkundea egonkortu nahi badugu, munduko karbono dioxido emisioak —deforestazioagatik eta petrolio eta gasa erretzeetatik— behar dira lehenbailehen zerora ekarri. Horretan ez gareno, klimak segituko du lerratzen», erran du aurtengo gozama Valerie Masson Delmottek, fisika doktore, klimatologo eta GIEC klima aldaketari buruzko gobernu arteko taldeko lehendakariak.

Goizean eman duen hitzaldian nabarmendu ditu klima eta lurren erabilpena. «Lurren erabilpen sistema ez da inondik ere jasangarria. Bada demografiaren eta kontsumoaren garapena: 1960an baino bi aldiz haragi edo olio begetal gehiago ekoizten dugu pertsonako. Lurren hiru laurden baliatzen dugu, eta laurden bat funditua da. Laborantza teknikoak hobetu badira ere, 800 milioi lagunek gosetea pairatzen dute. Eta bi miliar jende obesitateak joa bizi da. Ikustekoa da egoera horrek bioaniztasuna nola desegiten duen. Ezagun da lurrak presiopean direla. Baina bada zer egin», dio Masson Delmottek.

Alarmari deiadarra

Iñaki Berhokoirigoin Lurramako lehendakariak ere norabide bereko solasa ekarri du irekiera ekitaldira: «Nola aldatu 200 urte eraikitzeko denbora hartu duen sistema bat 30 urtez? Arazoa da bizi garela bizi garen bezala, baina manera horren aitzinarazteko energia fosilak erabiltzen ditugula, zeinak emisio horiek eragiten baitituzte. Epeak motzak dira. Kulturalki ere iraultza behar da. Desafioa alimalekoa da denbora laburrean. Nahi dugu baikor izan, baina partida zaila da».

Kanpoko euri hitsaren ilunak ez du kausitu murruen zeharkatzen: barneko giroa beroa baita, arina. Massonek pozez goraipatu du ikusi duen gazteen kopurua, belaunaldi guzien parte hartzea. Berhokoirigoienen eleek ere baikortasuna daramate: «Aldaketak kudeatzeko eta kontrolatzeko ordu deno, ez dezagun astirik gal. Aukerak eta aterabideak badira».

Donibane Garaziko ostalaritza eskolako ikasleen apairuak oro partitu dira, eta, dagoeneko, afarien txartel guziak salduak dira. Beharrik hor daudela herrikoak prestatu taloak, bai eta, hortik ez urrun, hanburgesak ere. Arrakastak kolera gorrian ezarri du Biarnoko Morencsetik jin den emaztea: ez baitu igurikatzeko inolako gutiziarik. Alta, barraz bertzaldekoak ez dira lanetik baratzen. Evelyne Mainhaguiet arduradunak bazterrak ederki kontrolatzen ditu, ibilmoldearen hobe beharrez: «Hau norentzat da?». Behin eskatutakoa eskuraturik, aldiz, denak isilik eta gozatzen ikusten dira.

Askotariko bisitariak daude. «Semea Arantzan [Nafarroa] bizi da, eta beregana joan naiz bisitan. Erran dit hona etorri beharrak ginela. Etortzeko, etortzeko, oso polita dela hau. Ikustera etorri gara, eta oso polita da!», esan du, irriz, Azpeitiko (Gipuzkoa) Felipe Ugartek.

15:00etan, EHNE Euskal Herriko nekazarien elkartasunak eta ELB Euskal Herriko laborarien batasuna sindikatuek prentsaurrekoa eskaini dute. Maritxu Lopepek helarazi du mezua: «Iraunkortasuna ardatz duten nekazaritza eta abeltzaintza ereduak oinarri dituzten neurri politikoak garatu behar dira, ez ingurumenaren aldetik bakarrik, baita sozialki ere». Horregatik, dei egiten diote kontsumitzaileari: «Jango dituen produktuak hautatzerakoan, kontzientzia duen kontsumitzailea behar da».

Hari horretatik doa Massonek xahuketaz ohartarazi duena ere: «Munduan ekoizten denaren %25-30 galtzen da; hor ere bada egiteko anitz, denok irabazle ateratzeko gisan: lurretan, dirua galdu gabe, eta berotegi efektua eragiten duten gasak ez ekoiztuz».

Horietako bat da Bernadette Oillarburu. Jutsitik (Nafarroa Beherea) etorri da, baina oso argi du: «Nihaur bainaiz, Donapaleuko [Nafarroa Beherea] autobusa hartzen dut autoa hutsik ekartzeko partez». Merkatuaren itzulia egin du, eta bere lan txandan aritu da.

Laguntzaileen txokoan «brigada berdekoak» ari dira buru-belarri. «Hondakin guztiak sailkatzen ditugu, den-denak», erran du Christiane Maguregi laguntzaileak. Urrunago, mahai luzeetan, jendea ari da solasean, lan artean, une goxoez gozatzen. «Izugarri laketzen naiz hemen: niretzat, lana ez, gozamena da», aitortu du Annie Muthular laguntzaile arduradunak.

Haurrek ez dute huts egin; izan ere, bihar arte irautekoa den saloiak ortzirala begiratu baitu bereziki eskolentzat. «Hiru txerrikume ikusi ditut, eta horietako bat ferekatu dut», kontatu die haur beltzaranak bere lagunei.

Erlea, miraria

Ikasle zaharragoak ere badira, hala nola laborantza eskolakoak. Goizean Nicole Etxamendi erlezain eta ikerlearen hitzaldiaz gozatu dute: «Azaldu diet erle beltzak zein garrantzi handia duen; izan ere, bere burua erregulatzen baitaki: jatekoa badela? Errunen du. Ez dela? Ez du eginen. Kanpotik jinikoek, ordea, errun eta errun, eta jatekorik ez badu, hilen da. Beraz, jaten eman behar zaie, dependenteak dira, eta eztia elikaduraren araberakoa da: azukrez betea». Erbel elkartean sartua da, zeinean Euskal Herri osoko erle beltzaren erlezainak biltzen baitira. Arlo horretan ere, Lurramak garraiatzen duen mezuarekin bat egiten du Etxamendik: tokikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.