Osakidetzako oposizioak

Osakidetzak ez du etsamina gehiago errepikatuko, ez eta epaimahairik aldatuko ere

Traumatologiako hautaproba behin-behinean eten du, eta txosten informatibo bat zabaldu die sei epaimahaikideri. Sindikatuek «ulertezintzat» jo dute azalpena

Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusia, atzo, Gasteizen, oposizioen gaineko barne ikerketaren berri emateko garaian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Osakidetzak amaitu du lan eskaintza publikoetako ustezko filtrazioen inguruko barne ikerketa. Zortzi diziplina ikertu ditu guztira Eusko Jaurlaritzak, eta soilik lau kategoriatan onartu ditu «akatsak»; ezin izan du frogatu filtraziorik egon zenik, halere. Hala jakinarazi zuen atzo Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak: «Gaur-gaurkoz ez dago ardura indibidualik egotz dezakeen frogarik». Uztailean jakinarazi zuten Kardiologiako, Angiologia eta Kirurgia Baskularreko eta Anestesiako azterketak errepikatuko zituztela. Atzo aditzera eman zuen, ordea, Traumatologia ez gainerako diziplinetako hautaprobek ere aurrera jarraituko dutela.

Osakidetzak ikertutako beste lau diziplinen emaitzak eman zituen jakitera Mujikak: Digestio Aparatua, Urologia, Medikuntza Intentsiboa eta Traumatologiari dagozkionak. Aurreneko hiru kategoriatan espezialisten hautaketa prozesuarekin jarraitzea ebatzi dute, iruzurrik egon ez dela argudiatuta, eta, beraz, ez dituzte azterketak berriz egingo.

Traumatologiari dagokiona, aldiz, behin-behinean geldiarazi dute, eta txosten informatibo bat zabaldu diete sei epaimahaikideri, bilera bat egiteagatik deialdi formalik egin gabe —zortzi kidek osatzen dute epaimahaia—. Hautaketa prozesua martxan zela egin zuten batzarra, Mujikak azaldu duenez, eta gainerako kideei jakinarazi gabe. Hala eta guztiz ere, bilera horrek hautaproben emaitzetan eraginik izan zuenik frogatzea «ezinezkoa» dela azpimarratu du Osakidetzako zuzendari nagusiak. Haren esanetan, «prozedura akatsa» baino ez zen izan. Aurrez, Pediatriako epaimahaikide bati ere zabaldu zioten txosten informatibo bat.

Mujikak adierazi duenez, lan eskaintza publikoaren jarraipen batzordeari, Arartekoari eta Fiskaltzari bidaliko diete bildutako informazio guztia, «orain arte egin moduan», eta Jaurlaritza prest dago kasua argitzen laguntzeko: «Gure lehentasuna da LEP hau berme eta gardentasun osoz amaitzea, eta hautagai guztiei baldintza berberetan parte hartzeko aukera bermatzea».

Neurri berriak

Horiek hala, 86 hautaprobatatik soilik hiru azterketa errepikatuko dituzte —Traumatologiarekin zer egin ebatzi bitartean—; gainerako guztiek «normaltasunez» egingo dute aurrera. Eta, Mujikak berak uztailean jakinarazi bezala, urte amaieran egingo lirateke hiru espezialitate horietako bost azterketak. Oraindik ez dago datarik zehaztuta, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hainbat neurri hartu ditu dagoeneko: alde batetik, HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea bera arduratuko da azterketa guztiak prestatzeaz, eta, bestetik, bigarren azterketa ere, arlo praktikoari dagokiona, test gisakoa izango da. Azkenik, proba horien zuzenketak «automatikoak eta anonimoak» izango dira, Mujikak argitu duenez.

Lan eskaintza publikoek behar dituzten «etengabeko hobekuntzen» baitan kokatu ditu neurri berriok Osakidetzako zuzendari nagusiak, eta erantzi du lanean ari direla oposizioen «egungo eredua hobetzeko». Hain zuzen, Jon Darpon Osasun sailburuak jakinaraziko ditu Eusko Legebiltzarrean kanpoko adituen laguntzarekin adostutako behin betiko neurriak datozen egunotan.

Epaimahaikideei dagokionez, ordea, ez dute aldaketarik egingo, nahiz eta sindikatuek ustezko filtrazioen erantzuletzat jo horietako batzuk. Jaurlaritzak ez du horren beharrik ikusten: are, epaimahaikideen «errugabetasun printzipioa» errespetatu behar dela azpimarratu du Mujikak: «Osakidetzak konfiantza osoa du bere profesionalengan; egun Osakidetza zerbait bada, haiei esker da».

Mujikak nabarmendu du, halaber, azterketak ez errepikatzeko 116 lagunek jarritako errekurtsoak aztertzen ari dela Osakidetza. Ildo horretan, gogorarazi du probak errepikatzea epaimahaien erabakia izan zela.

Sindikatuak, haserre

Sindikatuek «ulertezin» jo dute Osakidetzak oposizioetako ustezko irregulartasun kasuen inguruan eginiko barne ikerketa. Auzia argitzeko «borondate falta» egotzi diote Jaurlaritzari, eta «ahalik eta azkarren eta inor zipriztindu gabe» kasua itxi nahi izatea. Izan ere, sindikatuen arabera, hemeretzi dira susmopean dauden espezialitatetako hautaprobak, eta horien gaineko salaketak jarrita dituzte fiskaltzan.

LABek ohar bidez gogorarazi duenez, Osakidetzako oposizioetan gertatutakoa «oso larria» da, eta «kudeaketa ausarta» eskatzen du. Gertatu denari «garrantzia kendu eta ondorioak mugatu» nahi izana leporatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. ESK-k ere «desadostasun osoa» azaldu du Maria Jesus Mujikak emandako azalpenekin: «auzo lotsa» sentitu duela adierazi du. «Ez da zilegi gardentasunik eta bermerik gabe egindako txostenen atzean ezkutatzea», adierazi du sindikatuak ohar bidez. «Harridura» azaldu du Traumatologiako epaimahaiko sei kideri irekitako txostenaren harira, eta errealitatea onartu nahi ez izatea egotzi dio, «ebidentziak mahai gainean egonda ere».

CCOOk, bestalde, Osakidetzako arduradunak jarri ditu miran. «Egoerak eskatzen duen mailan» ez daudela uste du sindikatuak. Iritzi berekoa da Elkarrekin Podemos ere: gertatutakoa argitzeko «ikerketa serio bat» eskatu dio Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.