Txile. Plebiszitoa

Txile aro berri baten atarian dago plebiszitua egiteko itunarekin

Gobernuak eta oposizioak adostasuna lortu dute, eta herritarrek 2020ko apirilean erabakiko dute ea konstituzio berria nahi duten; egungo konstituzioa 1980koa da, Pinocheten diktadura garaikoa

Poliziak duela urtebete hil zuen Camilo Catrillanca maputxea, eta, gogoratzeko, protesta ekintza egin zuten herenegun Santiagon. 22 pertsona hil dituzte duela hilabete protestak hasi zirenetik. O. BARRIA / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Txilek urrats garrantzitsua egin du Augusto Pinocheten diktadurako konstituzioa atzean uzteko, gobernuak eta oposizioak formalki adostu baitzuten atzo konstituzio berri bat aukeratzeko plebiszitua egitea.

Herrialdea azken hamarkadetako krisi politikorik eta sozialik larrienetako batean dago egun. Greba orokorra egin zuten asteartean, eta erantzun zabala izan zuen; istilu larriak egon ziren gero. 22 pertsona hil dituzte protestetan, eta 2.000 baino gehiago zauritu. Azkenean, egoerari irtenbide bat emateko asmoz, Jaime Quintana Senatuko presidenteak adierazi du galdeketa egingo dutela 2020ko apirilean. Egungo konstituzioa 1980. urtekoa da, diktadura garaikoa.

Plebiszituan bi galdera egingo dituzte: lehenengoan, txiletarrek erabaki beharko dute ea konstituzio berri bat nahi duten —inkesten arabera, %80k nahi dute—; bigarrenean, konstituzio berri hori sortzeko mekanismoa hautatu beharko dute herritarrek. Bi aukera daude horretarako ere: «batzar mistoa» eta «batzar konstituzionala». Hau da, konstituzioa idazteko ardura izango duen batzar hori ea ordezkari politikoz eta kide berriz osatuta egongo den pareko kopuruan, ala soilik lan horretarako aukeratutako kide berriek idatziko duten. Batzar horretako kideak, egitura bata zein bestea izan, 2020ko urriko hauteskundeetan aukeratuko dituzte, eskualde eta udal hauteskundeekin batera. Konstituzioa idazten dutenean —bederatzi hilabeteko epea izango dute—, beste plebiszitu bat egingo dute hura berresteko, eta botoa derrigorrezkoa izango da han. Hutsetik idatziko dute, eta ez du 1980koa izango oinarrian; Batasun Demokrata Independentea alderdi eskuindarrak eskatzen zuen egungotik abiatzea berria egiteko orduan.

«%100 demokratikoa»

Txileko Gobernuak eta oposizioak atzo goizaldean adostu zuten akordioari Bakerako eta Konstituzio berrirako ituna izena jarri diote. Haien esanetan, herrialdeko egungo «krisi sozial eta politiko larriari» eta «herritarren mobilizazioei» erantzun diete.

Astearteko istiluen ondoren, Sebastian Piñera presidenteak batasunerako deia egin zuen, eta egunotako negoziazioaren ondorioa da atzo aurkeztu zuten ituna. «Historikoa da hau: konstituzio %100 demokratikoa aurkeztuko dugu», ospatu zuen Quintanak.

Azken hilabeteko mobilizazioak baretzeko helburua du akordioak. Urriaren 18an hasi ziren protestak, metroko txartelaren prezioa igo zutelako, laugarrenez hilabete gutxian. Orduan, salbuespen egoera ezarri zuen Piñerak, eta astebeteren buruan kendu zuen. Presidenteak bere gobernuko zortzi ministro aldatu zituen, eta «agenda sozial» bat aurkeztu zuen, giroa lasaitu nahian, baina mobilizazioek ez dute etenik izan gaur arte. Karabineroek eta armadak euren aurkako ehunka salaketa jaso dituzte, giza eskubideak urratzeagatik.

Herrialdeko egoera ekonomikoak okerrera egin du gatazkaren ondorioz, eta Txileko pesoa balioa galtzen ari da etengabe; azken hilabetean, %12 txikitu da balioa, %1,6 atzo bertan.

Urteurrena eta protestak

Gainera, iaz, atzoko egunez, Txileko Poliziak Camilo Catrillanca gazte maputxea hil zuen, Araucanian egindako operazio batean, bizkarrean tiro eginda. Karabineroen buruaren dimisioa ekarri zuen horrek, eta Piñerak erreforma bat egin zuen segurtasun indarretan. Atzoko mobilizazioetan, Catrillanca gogoan izan zuten manifestariek. Cooperativa Irratiari eginiko adierazpenetan, bakea eta segurtasuna eskatu zituen Marcelo Catrillancak, hildakoaren aitak: «Jendeari kontuz eta lasaitasunez manifestatzeko eskatu nahiko nioke; protestetan hildakoren bat balego, gure semearen hilketa biziberritzea bezala litzateke».

Mon Laferte abeslariak Latin Grammyen ekitaldian eginiko protesta ekintzak ere Zeresana eman du. Artistak Txilerentzat justizia eskatu zuen, eta babestu egin zituen bere herrialdean protestan ari direnak. «Musika alternatiboko diskorik onenaren saria» jaso du Las Vegasko ekitaldian.

Karina Nohales: «Langile klaseak bere burua eraikitzeko aukera dira Lurralde Batzarrak »

Leherketa baten kronika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.