Lan merkatua

Gerraren eragina ez da gai izan lan merkatuaren hobekuntza geratzeko

Langabeziak ia puntu bat egin du behera urteko lehen hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 8.300 landun gehiago daude. Azken urtean, 19.200 gutxiago dira langabeak

Gerraren eragina ez da gai izan lan merkatuaren hobekuntza geratzeko.
xabier martin
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Orain edo gero, Ukrainako inbasioak ekonomian dituen eraginak nozituko ditu lan merkatua azken urtean izaten ari den hobekuntzak, seguruenera; baina Eustatek urteko lehen hiruhilekorako eman dituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako datuek islatu dute gerraren ondorio ekonomikoak oraindik ez direla gai izan langabeziaren jaitsiera eta okupazioaren hazkundea gelditzeko. Aztertutako epealdian gerraren hilabete bat baino gehiago sartzen da, eta, batik bat, ez dago zehatz jakiterik energiarekin lotutako krisiak zenbateraino zamatu duen lan merkatua, baina ez da asko izan; hori segurua da.

Eustaten arabera, beste 8.300 okupatu daude urteko lehen hiruhilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; gainera, 8.300 langabe gutxiago daude urte hasiera honetan. Estatistika institutuak kalkulatu du 95.200 langabe daudela hiru lurraldeotan, eta 953.800 okupatu: hau da, 2021eko laugarren hiruhilekoan baino %0,9 gehiago. Horiek horrela, azken urtean okupatuen kopuruak gora egin du, 28.600 gehiago baitira, eta langabeen kopuruak, behera(19.200 gutxiago). Hala, azken hiru hilabeteetan, batez beste 921.300 afiliatu daude Gizarte Segurantzan izena emanda, eta horietatik %98,5 okupatuak dira. Espainiako Gobernuak asteon bertan jakinarazi du 982.867 direla apirilean kotizatzen ari diren langile kontratudunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Okupazio datu on horiekin batera, langabezia tasaren jaitsiera iritsi da: %9,1era egin du behera, eta, horrenbestez, iazko laugarren hiruhilekoan baino zortzi hamarren apalagoa da. Biztanleria okupatuaren eta langabeziaren bilakaeraren emaitza gisa, jarduera tasa %56,3koa da 2022ko lehen laurdenean; iazko urte amaierako mailari eutsi dio, beraz. Azken urtean, langabezia tasak (2021eko lehenengo hiruhilekoan) %11tik %9,1era egin du behera: hau da, 1,9 puntu behera.

Lurraldeak eta generoa

Lurraldeka, Gipuzkoan okupazioak gora egin du, eta 6.200 okupatu gehiago daude; Bizkaian, berriz, 5.100 gehiago dira; eta Araban, 3.000 gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon handitu da gehien okupazioa, eta 3.500 okupatu gehiago daude; ondoren Donostia dator (+1.100), eta, azkenik, Gasteiz, okupazioak behera egin baitu han: 2.600 pertsona gutxiago daude landun gisa.

Datu horiek aintzat hartuz, okupazio tasarik handiena Gipuzkoan dago, %71,1, eta, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 1,2 puntu igo da; bigarren lekuan Araba dago, %68,5; azken hiru hilabeteetan 1,5 puntuko beherakada izan du, ordea. Bizkaian, berriz, okupazio tasak 0,7 puntu egin du gora, eta %67,9koa da.

Sexuari begira, okupazioaren gorakadarik handiena gizonen artean egon da (+5.800); emakumeen artean, berriz, 2.400 gehiago dira okupatuak.

Sektoreka aztertuz gero, zerbitzuetan (5.500 okupatu gehiago; +%0,8), lehen sektorean (1.400 gehiago; +%17,5), eraikuntzan (800 gehiago; +%1,4) eta industrian (700 gehiago; +%0,4) handitu da landunen kopurua. Hala, okupazio tasa 0,5 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, 16 eta 64 urte bitartekoen artean, eta %69koa da urteko lehen zati honetan. Tasa hori %72,4ra iritsi da gizonei dagokienez, eta %65,7koa da emakumeen artean.

Okupatuen ikasketa mailari begira, berriz, okupazio tasaren igoerarik handiena goi mailako ikasketak dituztenen artean izan da (puntu oso bat gehiago), eta %84,2koa da jadanik. Lehen mailako edo gutxiagoko ikasketak dituztenen artean, berriz, okupazio tasa 0,8 puntu igo da, eta %60,3koa da. Azkenik, bigarren mailako eta erdi mailako ikasketak dituztenen artean 0,3 puntu igo da, eta %61,3koa da okupazio maila.

Familiak, hobetoxeago

2022ko lehenengo hiruhilekoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 902.000 etxe inguru daude, Eustaten kalkuluen arabera, eta haietatik herenek ez dute pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 3.900 etxe gehiagok; hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta (600 familia gehiago); eta, gainera, etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 32.200 dira, aurreko hiruhilekoan baino 5.700 gutxiago.

Horrez gain, enplegua bilatzen ari den, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituen eta gainera lan egiteko prestasuna duen pertsona kopurua 95.200ekoa da: aurreko epean baino 8.300 pertsona gutxiago dira. Gizon langabeen kolektiboa 46.500 kidek osatzen dute, eta 4.900 gutxiago dira (-%9,5); emakume langabeak 3.400 gutxiago dira (-%6,5), eta guztira 48.700 dira urteko lehen hiruhilekoan .

Lurraldeen arabera, langabe kopuruak behera egin du Bizkaian (-7.000; -1,3), eta langabezia tasa %10ekoa da. Gipuzkoan, 24.000 pertsona daude lanik gabe, 2.400 gutxiago, eta langabezia tasa 0,7 puntu jaitsi da: %7koa da tasa. Araban, 1.000 langabe gehiago daude, eta langabezia tasa %10,4koa da, aurreko hiruhilekoan baino 0,8 puntu handiagoa. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 6.200 langabe gutxiago daude; Donostian, 400 gutxiago; eta Gasteizen, berriz, 1.400 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.