Emakumeen Nazioarteko Eguna. ARANTZA BASAGOITI

Hitz ikusezinak

Hamaika bide urratu ditu garapenerako lankidetzaren eta berdintasunaren alde, eta hainbatetan sumatu du emakumeen ahotsa gizonezkoena baino ahulagoa dela.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sentitu nuen nire hitzak ez zuela gizonezkoen hitzaren pisua». Arantza Basagoitik (Bilbo, 1968) Ekuadorren misiolari laiko egon zenean nabaritu zuen lehenengoz gizon eta emakumeen arteko berdintasunik eza. Emakume izateagatik haren ahotsak pisu apalagoa zuela sentitu zuen 25 urterekin. «Orduan hartu nuen emakume izatearen desabantailaren kontzientzia».

Gizartean parte hartzeko hamaika bide urratu ditu Basagoitik. Azaldu duenez, bide horietako batzuetan 25 urterekin bizi izan zuen hura antzeman du. Ezker Batuko kidea zenean, besteak beste: «Nire bizipen subjektiboan, nik sinesten nuen ez nekiela jakin behar nuen bezain beste». Sentipen hori, nolabait, «konplexu pertsonala» zela gaineratu du; nolanahi ere, alderdiko eta erakundeko emakumeen artean «oso konpartitua» zegoela uste du. «Orokorrean gehiago kostatzen zitzaigun oinarriko batzarretan parte hartzea».

Arabako Biltzar Nagusietan EBko ordezkari izan zen Basagoiti, eta han ere hitzaren botere apala sentitu zuen, beste behin; bertan, beste modu batean sumatu zuen, ordea. Biltzar Nagusiak «hitzaren etxea» izan beharko liratekeen arren, beste botere batzuen azpian zegoela azaldu du. Hitza «behar eta oreka politikoen» arabera erabiltzen zela. «Horri gehitzen badiozu emakume izateak zekarren bigarren mailako tokia... pentsa».

Atzera begirako hausnarketa eginda, ez zaio arraro egiten garai horretan bizi izan zuen hura, ezkerreko alderdian gertatu bazen ere. «Hain da zeharkakoa matxismoa... Nire ustez, eztabaidaren mamia da nola zaintzen ditugun zainduak izan behar direnak, baita gure burua ere, eta horri zer balio ematen diogun; horri heldu bitartean, berdin dio ezker edo eskuin».

Diskriminazio bikoitza

Emakumea izateagatik diskriminazioa bizitzeaz gain, ohikotik ateratzen den gorputz egitura izateak diskriminazio gehigarria ekarri dio Basagoitiri. «Nekez hitz egiten baduzu, gurpil aulkian mugitzen bazara, edo mugitzeko beste baliabideak behar badituzu, eta emakumea izanda, oso erraza da besteek zure izenean hitz egitea, zure borondatea alde batera utziz».

«Bizitzan parte hartzeko gorputz mota zehatz bat behar dugulako sinesmena oso sakona da, eta logika hori apurtzen dugunok oso kokapen zaila dugu». Sinesmen horrek zailtzen du pertsonek baldintza berdinetan hitz egitea, parez-pare, diskriminazio gehigarri horiek ezagutarazteko. Ikusarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.