Ainara Lasa eta Miren Aranguren. Emagin elkarteko kideak

«Amatasun praktikak uztartzeaz gain, beste zerbaiten abiapuntu izan nahiko genuke»

Amatasuna gizartean presente dagoen gai bat da, baina gutxitan izaten da eztabaidagai. Hortaz, gai horri buruzko jardunaldiak antolatu ditu Emaginek, eta izena emateko epea irekita dago.

Ainara Lasa eta Miren Aranguren. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Isabel Jaurena.
<i>Andoain</i>
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Emaginek (Ez)amatasunak Ikuspegi Feministatik jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 11rako eta 12rako. Donostiako Tabakaleran izanen dira, eta izena emateko epea irekita dago. Nondik norakoak azaldu dizkiote BERRIAri Miren Arangurenek eta Ainara Lasak, Emagineko kide eta topaketen antolatzaileek.

Zergatik erabaki duzue amatasunei buruzko gogoeta hau egitea?

MIREN ARANGUREN: Burujabetza feministaren prozesua lotzen dugu, hein handi batean, gaur egun bizi ditugun askotariko krisi eta kolapsoei aurre egiteko prozesuarekin. Tartean dago azken urteetan asko landu duguna: erreprodukzio sozialaren krisia eta zaintza krisia. Horrekin lotuta dago haurren hazkuntzaren auzia. Gure inguruko ahots batzuek salatu dute mugimendu feministak ez duela izan gai hori agenda politikoaren lehen lerroan, eta guri garai egokia iruditu zaigu horretaz hausnartzeko.

Amek eta «(ez)amek» parte hartuko dute. Zertaz erabaki duzue alderdi guztiei ahotsa ematea?

ARANGUREN: Parentesi arteko ez horren bidez, adierazi dugu gogoeta osatu nahi dugula ama, ez-ama, beste ama diren horiekin guztiekin. Ez dugula sortuko espazio bat bakarrik ama egin direnekin edo erditu diren gorputzekin.

AINARA LASA: Gehituko nuke familiaren barruan dauden amaren eta aitaren figura horiek ere kritikatu eta apurtu nahi genituela, eta erdigunean beste terminologia batzuk jartzearen beharra gailendu nahi genuela.

ARANGUREN: Asko gustatuko litzaiguke jardunaldietan eztabaidagai bihurtzea zerk egiten gaituen ama, eta zerk egiten dituen aita, izeba edo guraso.

Jardunaldiak ezin izanen dira etxetik entzun. Zergatik erabaki duzue modu presentziala lehenestea?

LASA: Bertan egoteari eta joango direnei eman nahi diegulako lehentasuna oraingoz. Iruditzen zaigulako bertan esango diren gauza eta bizipen batzuk ez direla bat-batean gaur egungo difusio kanal horietatik zabaltzeko modukoak; hori ez da gure asmoa. Horrek ez du esan nahi jardunaldi hauek hemen bukatuko direnik, edo jasoko dugun guztiarekin Emaginek ez duenik lan egiten jarraituko.

ARANGUREN: Gainera, niretzat behintzat, oihan baten modukoa da Internet: publikoaren aurrean erabat, edozeinen aurrean, eta guk ez dugu hori nahi. Espazio seguru bat sortu nahi dugu, eta momentuari garrantzia eman. Jakinda jende askok ezin izango duela etorri.

Plaza bat izan nahi dute jardunaldiek, gaur egungo askotariko praktikak, teoriak eta esperientziak uztartzeko, baina baita beste zerbaiten abiapuntua izateko ere. Ez dut uste hau hemen geldituko denik.

Maiz, zaila da amatasuna eta parte hartze soziala, militantea uztartzea, muga bat dagoelako tartean: haurra. Gogoetatuko da militantzia eredu horiez?

LASA: Muga terminoa pixka bat gogorra egiten zait. Nik ez ditut ikusten muga moduan haurrak edo atzetik datozen belaunaldiak. Uztartu beharko lirateke, baina aniztasun batean.

ARANGUREN: Emaginen urte dezente pasatu ditugu elkarteetan ikuspegi feministak txertatzeko prozesuak sustatzen. Eztabaidatunahi izan dugu gure bizitzako beste esparruak militantziekin bateragarri egin behar ditugula. Umeak kargupean edukitzea edo beste zaintza ardura batzuk izatea ez dugu ulertu inoiz muga baten moduan, baizik eta erronka bat en moduan. Egia da ez dela hala gertatzen, eta mugimendu feministan ere badaudela mugak parte hartzeko; gure ahotan dago bizitza erdigunean jarri behar dugula, baina oraindik ez dugu lortu antolaketa hori gauzatzea. Prozesuan ari gara.

Jardunaldian jarriko dira bideak?

ARANGUREN: Umeekin egoteko aukera eskaintzen dugu. Edo beste arduradun batzuekin uzteko aukera. Nire ustez, txikien edo umeen inguruko halako gutxiespen bat dago; gizartean, orokortuta dago umeek molestatu egiten dutela, eta iritzi hori sistemak berak elikatzen du, produktiboa ez den guztia bazterrean uzten baitu. Esango nuke gauza bera gertatzen zaigula adineko pertsonekin, molestatu egiten gaituztela. Uste dut hor zer pentsatu asko dugula: pertsonek edo beste izaki bizidunek ez dugula molestatzen; dauzkagun egiturek, espazioek, jarduteko momentuek, kudeaketek molestatzen dute. Eta, igual, horiek aldatu behar ditugu.

LASA: Gure ardurapean haurrak hazi ditugunontzat, mugimendu feministako espazioak, Emaginen espazioak, leku seguruak, atseginak eta gozagarriak izan dira. Eta uste dut kolektiboki ikasi dugula denok. Urte batzuetako haurrak ditugunok hori guztia ikasi dugu mugimendu feministan, eta hori oso pozgarria da.

Erika Lagomaren eta Estitxu Fernandezen Ama* Eme* Ume* liburuko ama aunitzen testigantzetan, bakardadearen sentimendua agertzen da. Uste duzue orain arte gaiari buruz ia ez hitz egin izanak eragina izan duela sentimendu horretan?

ARANGUREN: Esango nuke sistema sozialak ez dituela babesteninondik inora ama egiten diren horien erabakiak, ama izateko mandatua daukan bezalaxe eta emakume oso izateko derrigorrezko ezaugarri ezartzen duen bezalaxe. Hor konektatzen dut zaintzaren gutxiespen orokorrarekin; esango nuke bakardade sentsazio horrek lotura duela gutxiespen sentsazioarekin, eta, ziurrenik, orokorrean bizi dugun indibidualizaziorako joerarekin: ematen du zure erabakia dela, eta zuk bakarrik egin behar diozula aurre. Eta nik uste feminismoak erakutsi dizkigun gauzetako bat dela bakarrik ezin dela, eta lagunekin, bai. Beraz, mugimendu feministak egin dezake ekarpen bat ama egiten diren edo haurrak hazten ari diren horien guztien artikulaziorako, ahalduntzerako, espazio seguruak eskaintzeko eta abar.

LASA: Uste dut bakardade hori bai dela sentimendu orokor bat, baina, feminista gisa, diagnostiko bat egiten dugu: non dago gurasotasun kolektiboa edo komunitarioa? Haur hauek norenak dira? Nik hor jarriko nuke eztabaida, bakardade hori ulertzeko eta horri aurre egiteko. Komunitate bat behar dugulako, baina zama hau jartzen zaigu, ordea: izan zaitez oso gai zu, zure etxearekin, zure gorputzarekin... Jardunaldiek hori ere jarriko dute erdigunean: hainbat estrategia bizipen horiei aurre egiteko.

Ereduren bat gogoan?

LASA: Beharrezkoa iruditzen zait gurasotasun komunitario batez hitz egitea. Eta zenbat behar dugun lagunen zaintza, bizilagunak bazkaria ekartzea, inork ez epaitzea erditu eta hamabost egunera korrika egitera joan zarelako...

ARANGUREN: Ematen du ez zaizula nabaritu behar ama zarela eta beste denarekin aurrera egin behar duzula. Nik uste dut guztiz gailentzen dela sistema produktiboa. Lan egin behar duzu ama izango ez bazina bezala, eta ama izan behar duzu enplegurik izango ez bazenu bezala. Hori ezinezkoa da; pertsonak gara, eta askotariko gauzak egiten ditugu, eta horiek denak bateratzeko aukera izan behar dugu.

Gurasotasun komunitarioan sakonduko duzue, beraz?

LASA: Uste dugu orain arte ardura handia eman zaiela aitari eta amari. Eta oso gutxi hitz egin dela gure jendartean zein rol duten aitona-amonek, bizilagunek, kuadrillak...

ARANGUREN: Nik uste orokorrean odoleko senidetasunari eta familia nuklearra esaten diogun horri ematen diogula garrantzia, eta heteronormatiboari. Helburuetako bat da hitz egitea gauzen izendapenei buruz. Gero ikusiko dugu jardunaldietatik nola ateratzen garen edo zein beste izendapenekin ateratzen garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.