Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena (III). Idazletza.

Literaturan ere lorratza

Jakintza zabalez, hainbat esparrutan egin zuen ekarpen nabaria Txillardegik; besteak beste, literaturan. 'Leturiaren egunkari ezkutua'-k «euskal nobelagintzako lehen autore modernoa» bihurtu zuen, baina ugariagoa da haren ekarria.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«Nik uste dut literatura beti gauza marjinal gisa hartu dudala neure egitekoen artean. [...]. Literatura gustatu zaidan gauza bat izan da, baina ez diot denborarik eman. Barne deiaz, uste dut, hizkuntzalaria izan nintekeen, agian. Baina gaztetandik hasi banintz. Edo pianista, ausaz. Literaturgile ote? Gutxiago. Errealitatean mugitzea nahiago».

1996an argitaratu zuen Joxean Agirrek Hitza hitz. Txillardegirekin solasean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin izandako hizketalditik ondu liburua. 67 urte zituen orduan Txillardegik, eta oihartzun handia ordurako haren izenak. Politika, hizkuntzalaritza, literatura eta beste. Hainbat esparrutan utzi zuen marka Antiguan sortuak, eta jokamolde horren erakusle da Agirreri esandako hura ere. Ez zen akaso haren lanaren zutabe sendoena izan literaturarena, baina sekula ez zuen utzi —76 urterekin eman zuen azken nobela—. Inportantea baina «marjinala». Marjinala baina «inportantea». Bi adjektibo horien artean mugi daiteke akaso Txillardegiren idazletza.

Lehen liburuak berak egin zuen inportante haren lana. 1957an argitaratu zuen Leturiaren egunkari ezkutua, eta, lehen aldiz euskal letretan, krisi existentzial batek jotako pertsonaia bat jarri zuen ardatzean (Joseba Leturia), ordura arte ohikoa zen gertakarien kontaketa hutsetik edo pertsonaia arketipikoetatik urrun. Iratxe Retolaza literatur ikerlariaren arabera, ezaugarri hauek egin zuten garrantzitsu argitalpena: «Europako korronte filosofikoen altzoan kokatu zuen nobela; zehazki, Frantziako existentzialismoaren arrastoan. Eta protagonista baten barne mundu kontraesankorra irudikatu zuen lehen aldiz euskal nobelan, fikzioaren bitartez, pentsamendu jario bat. Funtsezko ekintza bat ekarri zuen hala: euskara bihurtu zuen gatazka existentzialak gorpuzteko gune».

27 urterekin, ingeniaritza ikasketak amaitu berritan, soldaduskako azken takada Ferrolen (Galizia) egiten ari zela idatzi zuen hura Txillardegik. Joan aurretik, Koldo Mitxelenari esan zion lanen bat euskaratzeko baliatuko zuela egonaldia, Knut Hamsunen Pan, baina, horren ordez, idazteko eskatu zion Mitxelenak, eta hala ondu zuen aurreneko nobela.

Koldo Izagirre idazleak galdera: «Eman dezagun Txillardegik ez zuela idatzi nobela inportante hura. Ez zen modernotasunaren bideratzaile? Nire ustez, bai».

1965eko Huntaz eta hartaz (Goiztiri) artikulu bilduma azpimarratu du idazleak Txillardegiren sen berritzailearen erakusle, literaturaren historiografia egitean «galdutzat» jo den lana, haren ustez. «Hor azaltzen dira haren kezka politikoak, existentzialak, egunerokoak... Eta azaltzen da bere prosa, artikulista on eta handi batena». Gabriel Arestiren Harri eta herri-rekin (1964) duen lotura iradoki du, gainera: «Tituluak ez dira kasualitatea».

Hain zuzen, literaturaren historia egiterakoan aurrez ezarritako ideiak auzitan jarri beharra aipatu du Izagirrek: «Historia guztia dago errebisatzeko». Esaterako, nobelarengan jarritako pisua: «Euskal literatura modernoaren hasiera ez zen izan nobelarekin, izan zen poesiarekin, kantagintzarekin... Gero etorri ziren, pixkanaka, zenbait nobela, eta bazirudien, literatura hegemonikoetan hala zenez, ordutik aurrera euskal literatura lotsarik gabe presentatu zitekeela mundura, nobela zeukalako».

Gai zailak pasatzeko gai

Zazpi eleberri eta ipuin bilduma batek (Komodromo, 1984) osatutako obraren lehen titulua izan zen Leturiaren egunkari ezkutua —ahantzi gabe dozenatik gora saio eta bestelako argitalpen—.Haren ondotik, Peru Leartzako (Itxaropena, 1960) eta Elsa Scheelen (Lur, 1969) kaleratu zituen Txillardegik, eta azken horrek inflexio puntu bat ekarri zuelakoan da Xabier Mendiguren idazle eta editorea: «Leturia eta Peru Leartzako-ren berrikuntzak asko komentatu ziren. Elsa Scheelen, aldiz, klasikoagoa zen moldez, eta gutxietsi egin zioten, 1960ko hamarkadan berrikuntza nahi nabarmena ere bazegoelako. Orduan esan zuen: 'Nobelaren abangoardia ez da nire lekua'».

Mendiguren Elkar argitaletxearen editore lanetan hasi eta gutxira bidali zuen Exkixu-ren eskuizkribua hara Txillardegik. «Nire lehen lanetako bat izan zen», oroitu du. «Ordurako, ia 60 urte zituen, eta ez zuen buruan holako edo halako literatura egitea, barrutik kontatu nahi zuena kontatzea baizik. Apustu handiak bere lehen liburuekin egin zituen, anbizioak zituen orduan, eta bere ekarpena egin zion euskal literaturaren berrikuntzari».

1988an eman zuen Exkixu eta 1999an, berriz, Putzu, Mendigurenek editatua hura ere. Abenturazko nobelak biak, protagonistatzat «Euskal Herriaren historiak mugiarazitako gazte bat» daukatenak. Lehenengoaren kasuan, Burgosko Prozesuaren garaian ETAn sartuko den gazte baten «bizitza ekintzaz betea» kontatu zuen, aire klasikoz. «Baionako katedralean, errefuxiatuek antolatutako gose greba batean, aldamenean zeukan batek kontatu zizkion bere bizikizunak, eta hortik idatzi zuen. Aldameneko hori Salbador Zapirain Ezeiza Ataño idazlearen iloba bat zen, Txistu, ETAn ibilitakoa. Ez zen letra gizona; alderantziz, mespretxua ere bazien intelektualei, eta Txillardegiri begikoa zitzaion». Putzu-ren kasuan, mendea atzera egin eta II. Karlistaldian jarri zuen pertsonaia nagusia.

Beste ekintzaile baten inguruan ari da Labartzari agur ere (Elkar, 2005), idatzi zuen azken eleberria. Kartzelatik atera berri, herrira itzuliko da protagonista, baita bizitza zer den eta gisako galdera existentzialistetara ere. «Bere lehen nobeletara itzuli balitz bezala», Mendigurenen esanetan. Bera arduratu zen 1979ko Haizeaz bestalde-ren berrargitalpenaz ere. Jatorrizkoa bere kasa argitaratu zuen Txillardegik; Mendigurenen ustez, ingurukoekin izan zituen gorabeheren ondorioz ziurrenik: «Une batzuetan oso bakarrik ikusten zuen bere burua; beste batzuetan, taldean integratuago, arlo politikoan bezala».

Estiloari begiratuta, erritmoan jarri du azpimarra Mendigurenek: «Izugarrizko erritmoa jartzen zion kontatzen zuenari; esaldi laburrak gustatzen zitzaizkion, ahozkotik hurbil egotea». Izagirrek, berriz, sintaxiari zion «errespetua» nabarmendu du: «Gai zen gai zailak erraz pasarazteko, eta horretarako sintaxian, hitzetan, irisgarria izan behar da, eta bazen. Meritu handia da».

Irakurketa berriak

Txillardegiren bestelako testuak aztertzen aritu da berriki Izagirre. Hark apailatu du, Juan Luis Zabalarekin batera, Kronikak liburua, Txillardegik 1968-1986 bitartean hainbat agerkaritarako (Punto y Hora de Euskal Herria, Zeruko Argia...) idatzitako kronikekin osatua. Susaren narratiba sailean kaleratu dute, eta testuen atzean idazle bat dagoela eta kronika ere genero literario bat dela aldarrikatzeko era izan dela dio Izagirrek: «Haren kategoria erakusten dute, intelektuala zein humanoa. Ez zen biblia bakarreko pertsona, ez eta intelektual hotza ere».

Eleberrietara bueltan, Elsa Scheelen nabarmendu du Izagirrek, eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako-ri lotu. Euskal eleberrigintzako lehen emakumezko protagonistak dituzte biek (Elsa eta Gisele), eta biak girotzen dira Euskal Herritik kanpo. Urrats handia Izagirreren begietara: «Narrazioaren denbora berean gertatzen da atzerria bietan. Lizardiren 'hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa' praktikatu zuten».

Hura eta Leturiaren egunkari ezkutua ageri dira letra larriz Txillardegiren obran, eta halako lan «mugarrien» kasuetan aurrez esan direnak «astintzea eta gaurkotzea» are beharrezkoagoa dela irizten dio Retolazak. Azken urteetan, genero ikasketek zabaldu dute horretarako aukera. Leturiaren egunkari ezkutua du hark ikuspuntu horretatik aztertua: «Leturiaren askatasun egarria eta aukeratzearen larrimina ezkontzarekin lotzen dira; klase ertaineko gizon heterosexual mendebaldarraren bizi hautu bat nobelaren ardatz bilakatzearekin batera, genero hitzarmen bat du nobelak ardatz». Halaber, protagonistaren ezkongaiarekiko (Miren) tratuak «erotismotik bortxara» egiten duela ere seinalatu du: «Baina badago horren salaketa ere. Hala, frankismoko ezkontza instituzioaren bortxa ere azaleratu zuen».

Elsa Scheelen ere genero ikuspegitik aztertu du berriki Ibai Atutxa EHUko irakasleak. Dioenez, «1960-1970eko urteetako maskulinitate berriek zapalkuntza harreman zaharrak» errepikatzen zituztela kritikatzen du lanak, «emakumearen eraikuntza narratibo askatzaile bat» osatzera heldu gabe. Plazaratu zen garaian, besteak beste, neoliberalismo goiztiarra, pornografia normatiboa baina baita feminismoa eta antikapitalismoa ere hedatzen ari zirela oroitu du, eta garai hartako nahi eta ezinei emandako «erantzun estetikotzat» kokatu lana.

Frantsesezko toucher à tous esapidearekin oroitu du Izagirrek: «Orojolea zen». Eta berretsi Mendigurenek: «Aritu zitekeen filosofiaz, zientziaz, hainbat hizkuntzatan, pianoa jo... Normal mugitzen zen besteon artean, baina aparta zen gaitasunetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.