arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

Ez da normala, eta ez da ikuskizun bat

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Indar erakustaldia egin du Osakidetzak Ordizian agertu diren COVID-19 kasuek izurriaren oldarraldi bat ekarri duten argitzeko ahaleginetan, eraginkortasuna erakutsi du Ordiziako Udalak ere, eta konpromisioz jardun dute testak egitera jo duten ehunka herritarrek. Orain, egunotan. Bolo-bolo dabil herrian, ordea, positiboon atzean «erlaxazioa» dagoela: taberna guneetan igaro asteotan prebentzio neurrien inguruan —Ordizian, eta handik kanpo— egon den amnesia. Eta galdera da. Non zegoen instituzioen eraginkortasuna orduan? Non zegoen herritarren konpromisoa? Auzi zaila da tabernak berriz martxan jartzea eta prebentzio neurrietan irmo jarraitzea, baina, birusak hor jarraitzen duenez, ezinbestekoa da eremu horiei ere erreparatzea, garaiz: positiboen mamua gertuan sentitu aurretik ere. Argi gogoratu behar da tabernak ez direla oasi bat: horietan ere badabil birusa, eta toki itxietan, bereziki, transmisio arriskua handiagoa da. Liburutegietara, ikastetxeetara edota adinekoen egoitzetara sartzeko baldintzak hain zorrotzak badira, hain zorrotzak izan behar badute, aski helduleku bada hor ostatuetan ere denak libre ezin duela izan oroitarazi eta nabarmentzeko.

Jarraipen informatiboari ere adi erreparatu behar zaio. Konfinamendu ostean hondartzetan eta terrazetan eguneroko martxa zer-nolakoa izango den azaltzeko, berriz betetzen nola hasi diren kontatzeko, orriak bete dira, bideo pila bat egin dira: normaltasuna hitzarekin lotu dira, gainera, sarri askotan albiste horiek, halako lorpen sentimendu batekin. Eta hilabete askotan itxita egon ostean, ulertzekoa da bozkarioa; ulertzekoa da mugarri horiek nabarmentzeko gogoa ere. Baina ez dira ikuskizun bat. Eta, normala hitza egoera honek guztiak sorrarazitako artegatasuna baretze aldera sarri-sarri erabiltzera egin bada, kontuz ibili behar da: egoera ez da normala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.