Iñigo Ramirez de Okariz. Irakaslea

«Klaustroan adostu behar dira irizpideak eta estrategia»

Huhezin eskolak ematen dizkie Ramirez de Okarizek irakaslegaiei; eskolek kultur ondarea taxuz transmititzeko hezkuntza komunitatean txertatuta jardun behar dutela defendatzen du.

BERRIA.
arantxa iraola
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Doktore tesian propio landu zuen Iñigo Ramirez de Okarizek zer eginkizun duten ikastetxeek kultur ondarearen transmisioan. Huhezin ematen dituen eskoletan jorratzen duen gaietako bat da. Bere herrian ere —Antzuolakoa da (Gipuzkoa)— ikusi du kasu praktiko bat: izan ere, mairuaren alardea deitutakoa aski usadio errotua dute bertan, eta hori eraberritzeko eta biziberritzeko prozesuan parte hartu zuen.

Kultur ondarearen transmisioa nola landu behar da eskoletan?

Berariaz landu beharreko material gisa, ez: zeharka. Sarri eskoletara iristen dira makina bat gai monografiko apalategietan geratzen direnak. Hori saihesteko, aproposena horrelako gaiak zeharka sartzea da; klaustroak ikusi beharko du curriculum barruan non gertatzen den ondoen, baina inoiz ez dira halakoak berariaz landu behar, baizik eta testuinguruak aginduta.

Baina landu behar dira...

Bai, LH Lehen Hezkuntzan, adibidez, ingurune hurbila izaten da erreferentzia; hortik abiatzen gara mundura. Herriko edozein gai hartzen dugula ere, edozein materia edo gairekin lot dezakegu. Adibidez, usadio eta ohiturak lantzen baditut, eremua zabaldu, eta nazioartekoak ere landu ditzaket: aukera paregabeak ematen ditu. Hor dagoen gaietako bat da irakasleek zenbateko ezagutza duten gai zenbaitekin; gaur egun, gure eskoletan herrikoa bertakoa ez den kanpoko jende asko dabil, eta gai zenbaitek eskatzen dute sentiberatasun bat, jakituria bat.

Usadio bat herrian gatazka iturri bada, ez ukitzea hobe?

Heldu behar zaio buru-belarri, baina, aurrena, ikastetxeak duen curriculumean integratu behar da, eta aurretik klaustro barruan adostu behar dira irizpideak eta estrategiak, eta, hori guztia egin aurretik, adostu behar lirateke hezkuntza komunitatearekin gutxieneko batzuk: denok errespetatzeko. Hor dago hezkuntza eragileen arteko elkarrekintza, eta hori elkarrizketaren bidez gauzatzen da. Elkarrizketarik ez badago, ezingo da horrelako programa bat egin, edo izango dituen emaitzak izango dira iskanbilatsuak. Baina, dudarik gabe, gaia ezin da ezkutatu.

Baina eskolak bakarrik ezin du...

Prozesu hau ez dute irakasleek bakarrik egin behar; elkarrekintzaren beharra ikusten dut. Jende sentiberarekin harremanetan jarri behar da, pertsona sentibera horiek gai izango dira egiten ari diren hori transmititzeko. Poliki-poliki, aliatuak bilatu behar dira.

Ahots denak entzun behar dira?

Aniztasunak prestatu behar gaitu nahi ez duguna ere entzutera.

Ezin arbelean idatzi: 'Alardea'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.