Hauteskundeak Mexikon. Euskal herritarrak

Hirugarrenean, agidanez

Mexikon bizi diren euskal herritarrak jakin-minez daude hauteskundeon ondoren aldaketarik izango ote den edo ez jakiteko. Bat datoz Lopez Obradorrek irabaziko dituela, baina dudak ere badituzte emaitzetan ez ote den iruzurrik izango.

AMLO Andres Manuel Lopez Obrador, kanpaina ixteko ekitaldian, joan den asteazkenean Mexiko Hiriko Azteca estadioan. MARIO GUZMAN / EFE.
Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Mexiko Hiria
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Mexikon bizi diren euskal herritarren artean badira AMLO Andres Manuel Lopez Obrador presidentegaiaren alde egiten dutenak, eta badira, noski, muturra okertzen dutenak haren izena entzundakoan. Hori bai, guztiek bat egiten dute egon daitekeen iruzurraren gainean daukatela zalantzarik handiena.

JOSEBA AGUDO Nazertek enpresako burua

«Pentsatzen dut botere faktikoek ere ontzatjoko dutela AMLOren garaipena»

Joseba Agudo 43 urteko errenteriarra ezagun egingo zaio BERRIAko irakurleari, euskal presoen abokatu legez urteak eman zituelako. Orain, sei urte daramatza Mexikon Nazertek enpresako buru, Euskal Herritik doazen enpresa txiki eta ertainei bide mexikarra egiten laguntzen. Itxaropen handiz ikusten ditu Agudok hauteskundeok. «2006 eta 2012ko frustrazioaren ostean, oraingoan espero dut ezer larririk ez dela gertatuko, eta Lopez Obradorrek irabaziko duela». Mexikarrentzat albiste ona izango litzatekeela iruditzen zaio, «behingoz ustelkeriatik kanpo dagoen pertsona batek, zuzena eta ondradua denak, hartuko duelako agintea». Inkesta guztien arabera, bigarrenari hogei puntu baino gehiago aterako dizkiola ohartarazi du, eta hori izugarria dela uste du. Itxaropentsu dago, jakinda, hori bai, «irabazi eta gero izango duela herri honek izugarrizko erronka zaila».

Halako gobernu batek enpresa munduari nola eragingo dion aurreikusteko goiz dela esan du. «Egia da eskuinak eta gainerako alderdiek Venezuela ekarri dutela gogora, eta, han bezala, monetaren debaluazioarekin egin dutela abisu; eta nazioarteko hitzarmenak kolokan egongo direla aurreratu dutela». Agudok ez du uste hala izango denik. Enpresa munduak Mexikon bere bidea duela dio, eta oso urrun ibiltzen dela politikagintzatik. «Ingeniaritza, automozioa eta aeronautika oso sektore sendoak dira herrialdean eta horiek aurrera egingo dute gobernuan edozein egonda ere. Ez diot inolako arazorik ikusten AMLOk irabazteari, eta gauza bakarra gertatuko da: tokiko ekonomia eta merkatuan, Mexikokoan, arreta handiagoa jarriko dela».

Jendea oso haserre ikusten du, eta uste du egonezina are gehiago handitu dela Enrique Peña Nieto presidentearekin. «Pentsatzen dut botere faktikoek ere AMLOren garaipena ontzat joko dutela, eta hura agintean egotean saiatuko direla egin nahi dituen aldaketa horiek guztiak baldintzatzen».

JOSU GARRITZ Eusko Jaurlaritzako langilea

«Konbentzituta nago ez duela AMLOk irabaziko, beste biek galduko dutela baizik»

Josu Garritz mexikarra da jaiotzez, gurasoek Euskal Herria utzi behar izan zutelako 1936ko gerrak hartaratuta. 74 urteko jelkide honek, baina, lotura oso estua izan du beti Euskal Herriarekin, Euskal Etxeko buru izan delako eta Eusko Jaurlaritzarentzat lan egiten duelako. Kezkatuta dago gerta daitekeenarekin. «Konbentzituta nago ez duela AMLOk irabaziko, beste biek galduko dutela baizik, agintean egon direnean gauzak horren gaizki egin dituztenekin jendeak ez duelako ezer jakin nahi».

Lopez Obradorrengan aldaketa nabarmenak sumatu ditu Garritzek aurreko bi kanpainekin alderatuta. «Baztertu ditu, bai, orain sei urteko muturreko jarrerak. Mexiko berez bada herrialde konplexua, eta ona litzateke gobernuak ez hartzea ezkerreko jarrera hertsirik, horrek anabasa ekarriko luke eta». Garritzek enpresarien ondoan nahi du presidente berria. «Enpleguak sortzen ez badira jai dauka herri honek».

Haren ustez, oso kezkagarria litzateke presidentetza eskuratzearekin batera AMLOk gehiengo osoa lortuko balu Parlamentuan zein Senatuan. «Gehiegizko botere horrekin, burua galtzeko arriskua benetakoa litzateke».

MAITE URRUTXI Artisaua eta argazkilaria

«Botereak ez ote du egingo bere esku dagoen guztia emaitzak desitxuratzeko...»

Maite Urrutxi 57 urteko emakumea Elorriokoa da, baina 35 urte luze daramatza Mexikoko iparraldean artisautza eta argazkilari lanetan. Haren «uste apalean», ona izango da mexikarrentzat AMLOk gobernua hartzea, nahiz eta onartzen duen badituela errezeloak, eta ez txikiak, Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko buruzagiak Mexikok dituenegoera larriak «benetan atzean uzteko gai izango ote den».

Etor daitekeenaren gaineko errezeloak baino larriagoak ditu, hori bai, oraingoz boterean direnei buruz. Beldur da, eta ez du ezkutatzen, «ez ote duten bere esku dagoen guztia egingo bozen emaitzak zapuzteko edo, behintzat, desitxuratzeko...». Errezelo handiak dituela aitortu du, harentzat politikagintza Mexikon kutsatuta eta oso kamustuta dagoelako.

KATU ARKONADA Ekintzailea

«AMLO da aldaketa gauzatu dezakeen bakarra»

Katu Arkonadak protagonismo txikia hartu du, ezustean, Mexikoko hauteskundeotan. 40 urteko barakaldar honek hamar urte daramatza Euskal Herritik kanpo, Latinoamerikako prozesu askatzaileen suspertzaile. Horrek izen bat eman dio, Bolivian kasu herritartasuna ere bai, baina baita horrekin batera bestelako ospea ere: Askapena erakundean ibilia izanik, eta, garai bateko denak bat hura baliatuz, AMLOren kanpainan lanean ibili den ezkutuko «etakide izatea» egotzi diote, Mexikon Venezuelako iraultza inposatzeko asmoz. Hiru bat urte daramatza Mexikon gogoko duen aldaketa politikoa sustatzen. Konbentzituta dago oraingoan baietz, AMLO presidente izango dela: «Mexikarrak suminduta daude, gogaituta eta nekatuta horrenbesteko ustelkeria, biolentzia eta pobreziarekin, eta aldaketa nahi dute. Berdin zaie zein aldaketa, baina dagoena hankaz gora nahi dute». Bigarren arrazoia subjektiboagoa da: «AMLO da aldaketa gauzatu dezakeen bakarra».

Haren esanetan, gainera, AMLO helduago dator oraingoan, eta, batez ere, prakmatikoago. «Aurreko hauteskunde bietan egindako hutsetatik asko ikasi du». Gainera, eskumako pertsonak eta eragileak bidelagun egin dituela esan du, oraingoan bai, agintea lortzeko.

Hori bai, azken agintaldietan jazotako «barrabaskeriak» kontuan hartuta, aldaketarako baldintzak inoizkorik onenak direla uste du. «Baina aldaketa mexikar erara etorriko da». Gehiago esan du, AMLO ez da ezkerreko gizona. Hori bai, Mexikok bizi izan dituenak kontuan hartuta zera azpimarratu du: aldaketa botoen bidez baino ez dela etorriko, eta, gauzak zertan diren ikusita, ustelkeria, pobrezia eta indarkeria gainditzeko egindako edozer, hutsalena izanda ere, iraultzailea dela egun.

GORKA ASPIAZU Enpresaria

«Boto emaileen %40kez dute erabaki nori bozkatu, eta edozergerta daiteke»

Gorka Aspiazu oñatiarrak 40 urte ditu, eta horietatik hamar Mexikon eman ditu Ur zerbitzu enpresako buru. «Bi gauza gerta daitezke, edo Obradorrek irabazten du puntu askorengatik, edo justu-justu galduko du».

AMLOk irabaziz gero, Aspiazuk ez du aurreikusten arazo larririk. Hasierako hilabeteak gogorrak izan daitezkeela dio, «populista» delakoan hainbat eragilek kontra egingo diotelako; baina denborarekin horri buelta emango zaiola pentsatzen du. Anayak irabazten badu, alta, «edo, hobeto esanda, Obradorrek ez badu irabazten», orduan bai arazo larri-larriak izan daitezkeela pentsatzen du, iruzurra izan delakoan Oaxacan eta Mexiko Hirian, besteak beste, hainbat eragilek kaleak hartzeko mehatxua egin dutelako.

Aspiazuk ohartarazi du, bestalde, egia izan arren botoa erabaki dutenen artean Lopez Obradorrek gehiengo handia izan dezakeela, botoa oraindik erabaki ez dutenak boto emaileen %40 direla, «eta hori asko da, eta edozer gerta daiteke».

AMLOk irabazita enpresa mundua larritu egingo dela esan du, besteak beste moneta mexikarraren gainbehera gerta daitekeelako, murrizketak egon daitezkeelako eta inbertsioak moteldu. «Beldurra badago, baina krisia gertatuta ere, ez da izango orain hogei urte Mexikon izan zena bezalakoa, herrialdea nahiko ondo dagoelako ekonomia aldetik, eta ez dakit zenbateraino Obradorren presidentetzak baldintzatu dezakeen egoera ekonomikoa».

ANE MIREN BIDAURRAZAGA Eusko Jaurlaritzako langilea

«Espero dut guztiek onartuko dituztela emaitzak»

Ane Miren Bidaurrazagak denbora gutxi darama Mexikon. 26 urteko leioarra bekadun etorri zen orain bost hilabete Jaurlaritzako delegazioan lan egitera. Hauteskundeotaz duen ikuspegia freskoagoa da, baldintzarik gabekoa. «Ingurukoak denbora guztian ari dira hauteskundeotan gerta daitekeenaz berba egiten, hori bai urduritasun puntu batekin».

«Espero dut guztiek onartuko dituztela emaitzak, eta ez dela iruzurrik izango, baina entzuna dudanagatik ez litzateke arraroa izango guztiz kontrakoa gertatzea». Halakorik gertatuz gero, berak ere uste du liskarrak saihetsezinak izango direla. Harrituta dago, aspertuta ere bai, hori bai, ikusita zein luzeak diren Mexikon hauteskunde kanpainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.