Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Sasi-bizitza

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Soldatii. Poveste din Ferentari'



Zuzendaria: Ivana Mladenovic. Aktoreak: Adrian Schiop, Vasile Pavel-Digudai, Stefan Iancu, Nicolae Marin-Spaniolul, Kana Hashimoto, Dan Bursuc. Herrialdea: Errumania-Serbia-Belgika. Iraupena: 119 min.

Zinema errumaniarra poztasun handiak ematen ari da azken urteotan, bai zinemaldietan, bai hauetatik kanpo. Atzo emakume batek zuzendutako beste errealitate errumaniar naturalista bat ezagutu genuen, herenegun Pororoca film bikainakSail Ofizialeko maila igo ondoren.

Ivana Mladenovic zinemagilearen fikziozko lehen film luzea dugu hau, baina badirudi ez diela bere aurreko lan dokumentalei uko egin nahi, eta sasi-dokumentalean aritu da; eleberri sasi-autobiografiko batean oinarritutako sasi-fikzio sasi-inprobisatua dugu hau.

Dena delako erdi istorio honetan, Bukaresteko auzo pobreenera bizitzera joan da Adi antropologo sasi-txiroa, manele musika pop romaniari buruzko bere tesia idaztera. Sasi-maitasun istorio bat hasiko du sasi-homosexuala den Alberto preso ohiarekin. Beraien maitasun harremana sasi-interesatua da: batak ijitoen komunitatea barrutik ezagutzeko interesa du, eta bestea diru pixkat bat lortu nahian dabil. Biek elkarri lagunduko diote, uste dutena baino gehiago, gosea dagoenean edozein pintxo lagungarria delako. Baina norberaren beharrak asetzen ez direnean, harremana erraz bihur daiteke toxiko.

Sasi-aktoreak erabili ditu zuzendariak bere pertsonaiei bizia emateko, eta ezin hobeto zuzendu ditu, naturaltasuna eta egiatasun tonua primeran landuz. Albertoren pertsonaia —eta antzezpena— memorian txertatuta geratzen diren horietakoa da, filmaren onena izanik; baliteke ezinbesteko osagaia izatea filmak porrot egin ez dezan.

Tamalez, istorioa noraezean ibilko da, bere iraupena premiarik gabe luzatuz. Berez, metrajea gehiago luzatu zezakeen, eta filmaren balioa berdin-berdina izango zen. Miseriatik xehetasun koloretsuak atera arren, indar narratibo baten gabezia dela eta, filmak hasieran erakutsitako kemena txikituz joango da.

Halere, ariketa benetan ausarta egin du Mladenovicek,LGTBren inguruko filmen subgeneroaren topikoetatik harago joanez, beste eremu batzuetara eramanez, rolak aldatuz, ghettoaren itsuskeria txikiagotu gabe.

Sasi-saiakera txalogarria, azken finean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.