Sahatsa Jauregi Azkarate. Artista

«Arte izateko sortu ez diren objektuen estetika interesatzen zait»

Sahatsa Jauregi artistak objektuak ikusten ditu, eta ez haien esangurak. Gai da torlojuari torlojuaren funtzioa kendu eta forma soil gisa ulertzeko. Torlojuarekin nola, eguneroko edozein objekturekin hala. Pieza berrerabiliekin eskulturak ontzen ditu, eta albumetan gordetzen du prozesu guztia. Gure Artea saria eman berri dio Eusko Jaurlaritzak.
MARI SOL RAMIREZ / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko uztailak 7
Burdindegiak eta azoka txikiak paradisu dira Sahatsa Jauregi Azkarate eskultorearentzat (Itaparica, Brasil, 1984). Irriz aitortu du Stendhal sindromeak jota ibiltzen dela Norauto gisako autoak konpontzeko lantegietan: «Zoratu egiten naiz». Objektuak modu abstraktuan ulertzen ditu: pieza baten formari begiratzen dio, duen funtzioa baztertuz. Bildumagilea dela dio, eta ez da soilik objektuak eskuratzeko beharraz ari. Sorkuntza prozesua argazki albumaren itxurako artxibo batekin hasten du: arte izateko jaio ez diren piezen irudiak bildu, eredu gisa hartu, eta eskultura osatzen du horietatik abiatuta. Koadernoak eta eskulturak, biak bihurtzen ditu artelan. Jauregi estuki lotuta dago Bilboko San Frantzisko auzoari: bertan du estudioa, eta auzoan egiten du lan, Okela Sormen Lantegian. Artistak azaldu du testuinguruak bere lana baldintzatzen duela, eta, hain zuzen, ezaugarri hori azpimarratu diote Gure Artea sarietako epaimahaikideek. Sorkuntza lanagatik jaso du Jauregik Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen hiru sarietako bat.

Nola jaso duzu Gure Artea saria?

Poztasun handia ematen du sari batek, lasaitasun ekonomikoa emateaz gain ezagutzera ematen zaituelako, eta, beraz, pentsa dezakezulako horrek lan gehiago emango dizula. Edonola ere, artean aritzen garenok diru laguntza bat jasotzeko erabiltzen dugun prozedura oso bestelako da: desira edo nahi batetik abiatuta, txostena prestatzen duzu, proiektua, eta hori aurkeztu eta denbora pixka batera ematen dizute laguntza edo ez. Oraingoa ez da hala etorri, ez da desira horretatik jaio, baina, bestalde, ekonomikoki sari izugarria da. Ezberdina da horregatik: ezustean bezala harrapatzen zaitu.

Epaimahaikideek nabarmendu dute zure belaunaldiko artista «azpimarragarrienetako» bat zarela.

Ez diot garrantzirik eman horri, ez dudalako hala sentitzen. Saria indibiduala da, baina ez zait iruditzen esaldi horren indibidualtasuna niri dagokidanik. Nire belaunaldiko asko ari da oso lan indartsuak egiten: adin eta ibilbide antzekoa dugu, baina biografia ezberdineko jende multzo bat gara, maila berean gaudenak.

Nola iritsi zara eskulturara?

Egia da ikasketak egin nituenetik hona eskulturan eta espazioaren ulermenean zentratuz joan naizela, baina ez da hasieratik hala izan. Arte Ederren fakultatean gehiago landu nuen irudia. Unibertsitatean izan nintzen garaian eskultura zen adarrik indartsuena, tradizionalki pisu handia izan duelako Euskal Herrian. Baina ez nintzen identifikatuta sentitu lengoaia horrekin. Beti izan dut interesa artearen ertzetan dauden objektuekin. Arte izateko sortu ez diren objektuen estetikan, eguneroko errealitatean aurkitzen nituen objektu horiengan: izan liteke banku bat edo eguneroko edozein tresna. Horiek artxibatzen hasi nintzen argazkigintzaren bidez, eta modu horretan iritsi nintzen eskulturara: argazkietan agertzen ziren konposizio eta joko formal horiek nireganatzeko asmoarekin.

Bildumagilea zarela diozu.

Eginda zeuden objektuekin hasi nintzen lanean, lapurtzearen ideiarekin. Uste dut nire jardunak logika hori duela: objektuak eskuratu, argazkiak atera, eta artxiboa bete. Esango nuke hor teknika bat bilatu dudala lanerako, nire desirari erantzuten diona, batetik, eta erraza egiten zaidana, bestetik. Bildumagiletik asko du nire lanak. [Irudiz beteta dauden album batzuk atera ditu, eta horien artetik bat ireki du]. Aitaren lehengusu batek, adibidez, aizkorak egiten ditu Urnietan [Gipuzkoa], eta aizkorak artxibatzen hasi nintzen, pixkanaka. Orain asko ari naiz horiek pilatzen. Lan egiteko erreferentziak biltzen ditut nire sorkuntza prozesuan. Batzuetan eskultura egiteko modua argazkietatik abiatzen dut, baina, eskultura egindakoan, jarraitzen dut artxiboa betetzen eta eskulturarekin zerikusia duten argazkiak biltzen.

Gustua ere ikertu duzu. Enkarguz jaso zenituen bi garaikur egin zenituen, eta ez zizkizuten onartu.

Gauzak artxibatzen hasi nintzenean, gustu onaren eta txarraren arteko mugaz gogoetatzen nuen, eta baita gustu txarreko objektuekiko sentitzen nuen erakargarritasunari buruz ere. Lehen, akaso, kontzientzia gehiago nuen horrekin, baina horren nire egin dut, ezen erreferentzia bera galdu baitut. Hori gertatu zitzaidan garaikurrekin. Txirrindularitza proba baterako garaikur bat eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldirako beste bat egiteko enkargua jaso nuen nahiko garai berdintsuan, eta berrerabilitako objektuekin egin nituen bi-biak. Ez zitzaizkien gustatu, eta estandarragoak egin nituen gero.

Bide bat markatu zizun orduko horrek?

Eskala eta mugimendu aldetik gauzak eraiki eta deseraikitzeko modu azkar bat aurkitu nuen; lan egiteko era bat edo estrategia bat definitu nuen. Modu naturalean eskulturan zentratzeko erabakia hartu nuela esango nuke. Baztertu zituzten garaikur horietatik hasi nintzen eskala txikian lanean. Asko ekoiztu nuen orduan, eta niretzat oso garrantzitsua izan zen pieza horiekin guztiekin Carreras Mugica galerian egin nuen Su tu tumba [2016] erakusketa.

Objektu berrerabiliekin ondu zenituen eskultura horiek, eta elkarri itsatsi gabe muntatu zenituen.

Hainbat jatorritako objektuen artean gerta daitekeen biolentzia edo talka txiki horiekin lan egitea interesatzen zitzaidan: auto azeleragailuaren pedala, maska potea eta garaikur baten zati bat itsatsi gabe nola elkartu daitezkeen aztertzea. Egiten oso erraza da, eta baita biltzen ere. Tuperretan jasotzen ditut egiten ditudan eskulturak, eta erakutsi behar ditudan lekuan muntatzen ditut gero. Erosoa da. Azkenaldian, balio berezia ematen ari naiz oparitzen dizkidaten eta balio sentimentala duten piezei. Edonola ere, ez ezazu pentsa nirekin gogoratu direlako opariak egiten dizkidatenik [irriz]. Jendeak etxean nahi ez dituenak ematen dizkidate.

Aurrez badakizu zer aterako den pieza multzotik?

Inoiz ez da aurrez pentsatzen piezetatik zer aterako den. Gainera, aldarrikatu ere egiten dut lan egiteko era intuitibo hori. Nik ez dut pieza bat egiten ikusleak zerbait pentsa dezan, hori ez baitago nire esku. Areago, iruditzen zait horrek mugatuko lukeela nire sorkuntza prozesua. Eskultura egitea da nire esku dagoena, eta horrek nik kontrolatu ezin ditudan ondorioak dauzka ikusleengan. Erakusketetan eta piezetan testua edo azalpena jartzea, adibidez, gehiago izaten da ikuslearen beharra artistarena baino. Eskultura baten inguruan hitzak bil daitezke, baina ez esanahi gisa: azalpena eta pieza ez dira gauza bera, piezek eta hitzek ez dute gauza bera esaten.

Zer bilatzen duzu biltzen dituzun objektuetan?

Estetika oso zabala hartzen dute, baina esango nuke zerbait konpartitzen dutela. Askotan nortasun asko duten objektuen eta forma geometrikoen arteko konbinazio bat bilatzen dut. Asko interesatzen zaizkit formaz sinpleak diren objektuak; geometrikoki bereziak, baina, era berean, sinpleak direnak. Azkenaldian bereziki nago interesatuta ingeniaritza eta mekanika piezekin edo industriak ekoiztutakoekin. Burdindegiak oso iturri aberatsa dira niretzat, oso gustuko ditut.

Objektuak modu abstraktuan ulertzea gustatzen zait, duten funtziotik urrunduz. Azoka txikietan, adibidez, dekoraziozkoak izaten dira objektu gehienak, eta burdindegietan aurkitu ditzakegunak objektu erabilgarriak dira. Abstraitu, eta dauzkadan objektuak forma bezala ikusi: horixe da egiten dudan ariketa.

Ideiak ala objektuak daude zure sorkuntza prozesuaren abiaburuan?

Objektuak. Kontsumismoak gugan duen eragina oso presente daukat, ni asko estimulatzen bainau erosteak [irriz]. Azoka txikietara noanetan gauzak bururatzen zaizkit etengabe. Nik onartu behar dut hor badudala adikzio bat: sortzen ari naizenean, etengabe ari naiz gauza berriak erosten, eta desblokeatu ere egiten nau horrek. Norauto-ra joatea ere izugarria da niretzat, Stendhal sindromeak jota egoten naiz [irriz]. Txinatar dendetan ere asko erosi izan dut, baina azkenaldian kontzientzia hartzen ari naiz non erosten dudan zer horrekiko. Bigarren eskuko tresnak izaten dira gehienetan, jendeak baztertutakoak; beraz, lasaiago egoten da nire kontzientzia.

Komunitatearekin hainbat egitasmo ondu dituzu.

Modurik argienean, San Frantzisko auzoarekin dudan harremana bi egitasmorekin lotuta doa: Consonnin [Bilboko arte ekoiztetxean] egin nuen egonaldia, batetik; eta Okelan lan egitea, bestetik. Auzo hau oso aberatsa da, kultura asko nahasten direlako eta identitate partikular horiek aldarrikatzeko ariketa estetiko bat ere badagoelako. Tabernetara joan nintzen, eta eskatu nien bertan zituzten objektuak manipulatzeko baimena, asteburu batean erakusketa bana jartzeko taberna bakoitzean. Asko gustatu zitzaidan, baina gerora inbasio sentipen bat geratu zait; gehiegi sartu izanaren sentsazio bat. Okelarekin ere asko lantzen dugu komunitatea, eta unibertsitatetik atera berri diren artisten sarearekin ere egiten dugu lan. Elkarlana bultzatzen dugu gure inguru hurbilean.

Aipatu izan da arte belaunaldi berri bat dagoela, mugimendu feministatik ere elikatu dena, eta saretzen ari dena.

Ez nuke esango egiteko moduetan aldaketa handirik izan denik. Akaso bai materialetan, errealitatea aldatu den aldetik beti baitago egokitze bat. Baina ez zait iruditzen gaur egungo egoera adierazgarria denik, orain gertatzen dena lehen ere gertatzen baitzen. Egia da emakumeek askoz espazio gehiago dauzkagula gaur egun, eta Bilboko testuinguruan nahiko azpimarragarria dela: Consonni, Okela, La Taller... Arte egituren kudeaketan zabaldu da gure jarduna, eta akaso hor egon da aldaketa.

Erakundeen aldetik nahikoa babes duzue artistek?

Iruditzen zait beste toki batzuekin konparatuz gero nahikoa babes ekonomiko dagoela hemen. Diru laguntza asko daude. Baina kontua da dinamika paternalista bat garatzen dela, batek ezin duelako bizitza guztia eman diru laguntzetatik bizitzen. Sare pribatua apenas existitzen den hemen. Beraz, badago hor arraroa den menpekotasun bat, ona dena, eta beharrezkoa dena, baina zuloak ere badituena.

Sorkuntza bizibide gisa onartzea aldarrikatu egiten da oraindik.

Denbora askoan konplexua izan dut, ikusi dudalako euskal gizartean hizkuntzarekin zerikusia duten diziplinek badutela askoz oihartzun sozial gehiago, eta baita onarpen gehiago ere: hizkuntza gutxituaren defentsaren ideia horretan gehiago balioesten zirela, eta, artearen lehengaia euskara ez izanda, zentzugabekeriaren leku zail horretan kokatzen zela. Nolanahi ere, hori balioesten hasi naiz orain, uste baitut askeagoa zarela horrela.

Zeintzuk dira zure hurrengo geltokiak?

Bartzelonan egonaldi bat dut orain. Batzuetan testuinguruaren oporrak ere behar izaten ditut, bai. Oso errotuta nago auzora eta bertako artista sareetara, eta beste eremu batzuetako artisten lanak ikusteko gogoa dut. Bartzelona bada testuinguru bat erakarri egiten nauena, oso bestelakoa baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna