Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Euskal Zinemaren Gala

Aspaldiko, eta gero arte

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Agur, Etxebeste!'

Zuzendariak: Asier Altuna eta Telmo Esnal. Aktoreak: Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu, Iban Garate. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 100 minutu.

Patrizio Etxebestek alkatea izateari utzi behar dio denboraldi baterako. Bihotzekoak eman diola jarri du aitzakia gisa, baina egia beste bat da: inguruko herrietako udaletxeetan ustelkeria kasuak atera dira argitara, eta hainbat atxiloketa egon dira. Patriziok eskuak garbi ez dituenez, bolada baterako bizitza publikotik irteteko erabakia hartu du. Alkate karguan konfiantzazko norbait behar du, eta haren seme IƱakik, atzean dituen azpijokoez jakitun, ezezkoa ematen dionean, emaztea izendatuko du alkate. Baina Maria Luisa, udaleko funtzionamenduaz nazkatuta, gauzak aldatzen hasten denean, erabaki ona hartu ote duen planteatzen hasiko da Patrizio.

Etxebestetarren abentura berria dugu Asier Altuna eta Telmo Esnalen azken lana. Hamalau urte igaro dira ikusleen maitasuna irabazi zuen familia hau ezagutu genuenetik, eta, gauzak aldatu direla badirudi ere, denak berdin jarraitzen du. Patrizioren saltsek familia guztiari eragiten diote, eta oraingo honetan baita herriari ere. Lehen filmean familiak zuen sekretua bizilagunei ezkutatzen saiatzen baziren, Agur Etxebeste-n emazteari ezkutatu beharko dizkio bere negozioak Patriziok. Eta horrek era guztietako egoera barregarrietara eramango du gure protagonista.

Cameo eta pertsonaia ezagun asko espero ditzake ikusleak, baita lehen filmeko umorea eta egoera aldrebesak ere. Eta, agur esateko bada ere, aspaldi ikusi ez dugun familiarekin elkartzeko aukera eman digute Altunak eta Esnalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.