Nerea Mujika. Gerediagako lehendakaria

«Agian azokaren esperientzia molda daiteke beste eskualde eta epe batera»

Inigo Astiz
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gerediaga elkarteak eta Siadeco ikerketa etxeak xehe aztertu dute Durangoko Azokak duen eragin ekonomikoa, eta , ondorioztatu dutenez, sei milioi euro mugitzen ditu euskal kulturaren plazak. Dena dela, Gerediaga elkartearentzat azterketak diru kopuru hori baino gehiago ere kontatzen du. Ikerketan ondorioztatzen denez, azoka garrantzitsua baita bisitarientzat eta eragileentzat. Bisitariek liburuak eta diskoak erosteko erreferentziazko lekutzat daukate, eta eragileentzat erakusleiho handi bat da. Aurrera egiteko beharra nabarmendu dute orain Gerediaga elkarteko ordezkariek. Siadeco ikerketa etxeari enkargatutako ikerketak datu bilakatu ditu orain arte sentsazio baino ez zirenak, eta pozik dago horregatik Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria (Durango, Bizkaia, 1960). Dioenez, ona izan da Durangoko Azokaren aurtengo edizioa, baina beharrezkotzat du azoka egunez harago helduko diren proposamenak sortzea.

Iaz baino egun bat gutxiago izan du aurtengo edizioak, eta, halere, 5.000 bisitari gehiago zenbatu dituzue Landako gunean: 120.000, guztira.

Agendaren arabera erabakitzen dira azokaren egunak. Ikasle Eguna nahitaez mantendu behar dela argi daukagu, eta horren arabera moldatzen ditugu egunak; horregatik tokatu dira lau aurten. Landako guneko datuez gainera, aurten San Agustin Kultur Gunea beteta egoteak poz itzela eman digu. Pertzepzioa da, ez daukagulako horren datu zehatzik, baina uste dut bisitariak gero eta gehiago barneratzen dituela jada guneak azokaren errutinaren barruan.

Musika eskolan jende gorabeherak izan dira. Eutsiko diozue hemendik aurrera ere?

Bai. Programarekin ahalegina egin behar dugu, baina beharrezko dugu espazio hori. Oso ongi dago eremu hori proiektuak lasai aurkeztu ahal izateko, eta oso ongi funtzionatu du musikako profesionalentzako antolatutako DA Pro proiektuak, esaterako.

Egin duzuen ikerketaren arabera, azokak duen aurrekontuaren halako bederatzi da haren eragin ekonomikoa. Pozik?

Oso garrantzitsua zen jakitea Landako gunean zenbat diru ateratzen den, ze batzuetan uste dugu dena dela inbertsioa euskal kulturan, baina etekina ere egoten da. Pozik gelditu naiz hori jakinda, baina datu hori ez da inportanteena. Ez ditugu bakarrik euroak kontatu, bisitariaren prola ere aztertu dugu.

Puntu beltz bat bada balorazioetan: garraio publikoa. Erakunde publikoei dei egin diezue arazoa konpontzeko.

Saltzen badugu garraio publikoa erabili behar dela azoka egunetan, eta halaxe uste dut, hori igarri egin behar da beste modu batera. Nire obsesioa hori izango da. Ate joka arituko gara urte osoan, datorren ediziorako. Garraio publikoa hobetzeak mesede handia egingo lioke.

Azoka egunez harago, euskal kultur ekosistemari urte osoan bizia eman behar zaiola esan duzu balorazio prentsaurrekoan. Durangoko Azoka egonkortu dela ikusirik, eta eman dezakeenaren mugan dabilela sumatuta, Gerediaga elkarteak asmoa du urtean zeharrerako beste proiekturen bat lantzeko?

Ez. Durangoko Azoka osorik da. Hori dio gure leloak, hau ekosistema bat delako, eta horrek esan nahi du urte osoan hari bizia ematea ez dela bakarrik Gerediagaren lana. Denok beharrezkoak gara. Guk egin dezakegun ekarpena da gure esperientziaren berri ematea, eta, beharbada, esperientzia hori molda daiteke beste eskualde batera eta beste epe batera. Baina gauza bat da parte hartzea, eta beste bat koordinatzea.

Baina beharrezkoa da?

Bai. Ondo egongo litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.