Miren Narbaiza, 'Mice'. Musikaria

«Nik lekua badut, kantuak ere izango du»

Gitarrarik gabe arituko da 'Lautada' disko berriko kantuak aurkezten; hatzak soketatik askatu, eta agertokietan hara-hona arinago mugitzeko gogoz dago. Arabako paisaiari eta han begi-bistan gelditu zaizkionei estu lotuta ondu du lana.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Dura
2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gasteiztik gertu, baina hiria ia antzemanezin den parajean. Han jaio eta han hazi da Miren Narbaiza Mice-ren (Eibar, Gipuzkoa, 1986) lan berria. Ez alferrik, Lautada du izenburu, eta Gakobeltz estudioaren atzeko atetik sartzen da paisaia hori gitarraz, pedalez, nahasketa mahaiz eta hamaika tresnaz betetako aterpera. Narbaizak eta Joseba Baleztena musikari eta ekoizleak jarri dute martxan, eta eman nahi dioten bizitzaren erakusgarri da diskorako hara bildu duten lagun saldoa.

Esangura berezia du kokapen geografikoak lan berrian.

Bai, espazioak asko eragin duen disko bat izan da. Behin hemen kokatu nintzenean hasi nintzen berriz kantuak idazten, hausnarketak apuntatzen... eta uste dut espazioari esker egin dudala hori. Espazio guztiek eragiten dute guztiongan, eta hemengo zabaltasunean askatasuna sentitu dut nik, nire izateak trabarik izango ez balu bezala. Dena begi bistan laga didala sentitzen dut; gauza pila bat ikusarazi dizkidala, aspalditik buruan nituenak, agian.

Arabako lautadak, zehazki?

Lautadak bai, baina baita Arabako mendialdeak ere. Ez nuen ezagutzen, eta oso sorpresa ona izan da. Oso laguntzailea diskoaren prozesu guztian. Baina baita Gasteiz bere ere. Niretzat kontraste handia izan zen ikustea halako zeru demasa. Gasteiztarrek esaten duten moduan, egun berean hiriko leku batean elurra egin dezake, eta beste batean ez. Denentzako lekua egongo balitz bezala.

Duela bost urte hasi zenuen bakarkako bidea Mice-rekin, eta 2019an atera Zilar printzak lan laburragoa. Azken horretatik honainoko bidea nola joan da?

Erritmo diferente pila bat eduki ditu. Hasieran, uste nuen 2020an bertan aterako nuela diskoa; banituen hainbat zirriborro eta hasia nintzen diskoa ikusten. Baina ez zen posible izan. Arrankatzeak eta pausak egon dira, eta bide horretan kantu batzuk iritsi dira bukaerara arte, eta beste batzuk ez. Margotu paretak eta Lautada nahiko zaharrak dira, adibidez; Negua udaberrituko da-ren hitzak aspalditik nituen, baina musika ez; Inor begira izan gabe azken unean sortu genuen... Bakoitzak bere erritmoa eraman du.

Denborarekin aldatu zaizu kantuak bilatzeko modua?

Disko honetan, zorionerako zein zoritxarrerako, denbora asko eduki dut. Lehen, musikatik abiatzen nintzen, eta hori aldatu da pixka bat: hemen hitzetatik tiratu dut gehiago. Saiatzen ari naiz gitarratik ere ez sortzen, ze bizio pila bat ditut. Beti jotzen dut antzeko akordeetara, jotzeko moduetara... eta instintua despistatzen saiatu naiz. Pianoan edo ordenagailuan jarri, eta belarrira ondo egiten zidan horretatik tira egin. Aberasgarriagoa da jolas hori.

Zuzen-zuzen hasten da diskoa Ernaltzen-ekin, eta erritmo biziz datoz ondoko abestiak ere. Tempo azkarragoko kantuak nahi zenituen?

Azken urteetan eduki dut inbidia handia, talde askok eszenatokian duten jaia ikusita. Ez dut esan nahi giro introspektiboago batekin ez duzunik ondo pasatzen, baina eremuz aldatzeko gogoa neukan, kantu dantzagarriagoak eta arinagoak lantzeko; ez horregatik sakontasunik gabeak. Askotan, baditugu beldur batzuk ez digutenak uzten tempo geldoen eta akorde minorren arrasto hori alde batera uzten. Iluntasun horrek berez dakar aura bat, baina, hori alboratu barik, gogoa nuen disko zuzenekoago bat egiteko. Pare bat gauza zuzen esan, metaforetan hainbeste galdu barik.

Giro konkretu batera mugatua ez izateagatik ere bai, agian?

Ez dakit hainbeste den hori. Beharra neukan jendearekin ondo pasatzeko, ospakizunetik hurbilago egongo zen disko bat egiteko.

Agertokia beste modu batera hartzeko gogoa ere aipatu duzu.

Bai. Gitarrarekin lotzen dut hori. Niri gitarrak sekulako indarra ematen dit, power-a, beti aitortuko diot hori. Baina esaten nuen: «Gai izango naiz hori gabe agertzeko?». Ze nahi, nahi dut, nahi dut kantatu eta eszenatokian mugitu. Uste dut indarrak askotan teknikari begira galdu izan ditudala, eta nahi nuen nire ardura bakarra kantatzea izatea.

Gitarrarik gabe arituko zara zuzenekoetan orduan?

Bai. Diskoan jo dut, baina zuzenekoetan ez. Hainbeste urtetan horrela jotzetik nator [gitarra leun jotzeko keinua egin du], gitarra akustikoarekin, eserita... Hasi behar nintzen ja askatzen [besoak mugitu ditu airean]. Hasiberria naiz rol honetan, zutik bakarrik mikrofonoarekin, baina gozatzen ari naiz, eta taldea ere bai.

Aldaketa inportantea izan da Gakobeltz estudio propioan lan egin ahal izatea ere?

Bai. Gakobeltzengatik ere izan du espazioak hainbesteko eragina diskoan. Espaziorik ez baduzu, lekua egin behar duzu, eta denok behar dugu leku bat non hazi izateko. Kantuak ere behar du hori. Nik lekua badut, kantuak ere izango du, ze zurekin doa. Hainbeste urte lokala konpartitzen egon eta gero, behar genuen guretzako txoko bat, gure lana ganoraz egin ahal izateko baliabide minimo batzuekin. Hortik sortu da Gakobeltz, eta harekin lortu dugu leku bat non egon gaitezkeen nahi beste denbora, jendea nahi dugunean gonbidatu grabatzera... Ordu asko igaro ditugu prepodukzio lanean, eta, batzuetan luze egin bada ere, uste dut azkenean onerako izan dela. Jolastu gara pila bat, eta entrenatuago iritsi gara grabaziora.

Nola joan da grabazioa?

Zoragarria izan da. Egunpasak egin ditugu; goizean hasi, bazkaldu, iluntzean segitu... Eta hori gozatu dut pila bat. Josebak [Baleztena] etengabe esaten zuen: «Hemen egon den giroa diskoan egon behar da, saiatu behar naiz hau ez izorratzen». Ahal izan dugun guztia aldi berean grabatu dugu, gainera, eta horregatik ere izan da ederra. Base erritmikoak, gitarrak, ahotsa... Entseatzen egotea bezala baina grabatzen, denbora guztian.

Jende pila bat gonbidatu duzue: Ibai Gogortza, Mikel Txopeitia, Iñigo Telletxea, Aitor Garcia de Vicuña, Mikel Santxez, Iñaki Urbizu Pela, Julen Postigo, Felix Buff, Ilargi Agirre, Jon Basaguren eta Libe Garcia de Kortazar.

Bai, bai. Maketak Joseba, Ibai eta hirurok landu eta gero, inguruko musikari eta lagunen artetik zeinek zer jotzea gustatuko litzaigukeen pentsatzen hasi ginen, eta azkenean oso korala izan da. Bakoitzak badauka bere ttak-a, badakizu? Banekien, adibidez, Ernaltzen-eko bateria Mikel Txopeitia izan behar zela, bere kadentzia hori perfektua zen kanturako. Gasteizko musikari pila bat ere egon dira; Pela —pila bat gustatzen zait bere ahotsa, bere elegantzia—, Julen Victimas Clubekoa eta Josebarekin ere jotzen duena, Aitor gurekin zuzenekoetan dabilena eta sinteak eta katxarrerismoa asko gustatzen zaiona...

Deigarriak dira soinu horiek diskoaren geruza ugarien artean.

Bai, pila bat dira, eta egia esan ja ez naiz akordatu ere egiten asko nondik datozen. Igual da gitarra baten zera bat, zaratatxo bat, beste batek ematen du bozina bat eta da sintetizadore modular bat... Leku bat eta nahi beste denbora izanda, soinuak sortzen joan dira, eta hor geratu dira gero asko.

Zuzenago izan nahia bistan da hitzetan ere: «Emadazue jaten, bazka nazazue», «Inor begira izanda ere, berdin egin nahi nuke»...

Bai, laga diot neure buruari lengoaia hori erabiltzen. Ez dela hain poetikoa? Tira, ez da ezer pasatzen. Zer dugu irentsi da botaka totala, adibidez, ez dakit zenbat Miren aldi berean hitz egiten ariko balira bezala. Badira pausatuagoak ere, baina inoiz egin ditudan hitzik gordinenak dira, akaso.

Aurreko kantuetako energia horrek denak Lautada pausatuan hartzen du lur amaieran, ordea.

Bai. Egia da Ernaltzen-en aireratzea dela bat-batekoa, eta hor doa leherketan dena, beherantz hasten naizen arte. Aurrekoan esan zuen Josebak [diskoaren] B aldea bastante behealdea geratu dela [barreak], eta egia da. Hala ere, nire sentsazioa da kantuek ihes egiten didatela. Dira oso gauza basatiak, ezin ditut dominatu. Margotu paretak, adibidez, lekualdaketa baten inguruan zen hasieran, baina egunerokotasunean dauden gauza politen zerrenda bat bihurtu da azkenean, eta, era berean, nahiko kinkia.

«Kontzientzia aldiro aldatzea baino, nahiago baretasunean sendo», diozu Mintzaira-n.

Guk askotan itsu-itsuan egiten dugu lan, gustatzen zaigulako. Eta inoiz ez dakigu gero zelan jasoko den, jasoko ote den. Egiten dakiguna ahalik eta ondoen egin, jende onaz inguratu eta prozesuaz disfrutatu; hori, bai, ikasi dut. Inportantea da gauzak trankil egitea, eta saiatzen naiz baretasuna ahalik eta presenteena izaten. Baina, egia esan, gero eta gehiago kostatzen zait kontzentratzea, lan bat hasi eta bukatzea. Horregatik «lehertu pantailak» ere [Margotu paretak kantuko hitzak].

Soilik biniloan atera duzue lana fisikoan. Garbi zenuen hori?

Ez, nahiko galduta ibili gara. Ikus-entzuleei galdetuta, bakoitzak gauza bat nahi du, eta ez dago asmatzerik. Nik biniloa nahi nuen, eta espero dut jendeak ulertuko eta lagunduko duela erabakia. Dena dela, bai, uste dut inoiz baino gehiago behar dugula musika esku artean izatea. Gure produkzioak txikiak dira, mimoz egindakoak, eta, niretzat, nire lanaren osotasuna hau da [eskuetan hartu du biniloa]; entzun, hitzak irakurri, patxadaz hartu, egon. Egia da diskoetxe baten babesari esker egin ahal izan dudala hala.

Lehen aldiz?

Bai. Hasieratik egon dira hor, eta itxaron didate azkenera arte. Diskoak ni ez nau salbatuko, baina ezta zuzenekoak ere. Musikari batek kobratuko ahal ditu inoiz sartzen dituen ordu guztiak? Hor dago niretzat kontu funtsezkoena.

Urte batzuk dira jada musikan. Nola daramazu alde hori?

[Hasperen egin du]. Lehen esaten nuen pribilegiatua nintzela nahi nuena egiten nuelako.

Dagoeneko ez.

Ez. Uste dut oso ahaztuak sentitzen garela, oro har. Eta ez dauka aldatzeko itxura handirik. Bitartean, batzuetan konpentsatzen dizu, eta besteetan ez. Egoera oso-oso prekarioa da. Amorru handien ematen duena da batzuetan baliabide falta dugula egunerokoa ganoraz egiteko. Langile bat gehiago naizela ikusiko balitz, ez genituzke izango ditugun zailtasunak.

Gasteiz aldean, bestalde, musikari sare bizi samarra sumatzen da. Hala da?

Bai, baina Araba nahiko ezezaguna da oraindik ere, oro har. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria baino gehiago esango nuke. Ahotsenean ere [koordinazioan aritzen da], aurten Arabako talde bakarra geratu dela uste dut. Inguruan ditugu Pasadena, Benizze, Konpost, Victimas Club, baina baita estudiora ekarri ditugun gehiago ere. Hori ere nahi genuen, inguruko eszenan eragin eta jendearentzat gauzak egiteko beste etxe bat izan. Gasteizko beste mugimendu interesgarri bat gazteriarena da. Hala Bediko Autotune o barbarie saiotik antolatzen dituzten pintxadak, harcdcore kontzertuak... Joaten zara euren kontzertuetara, eta bete egiten dute aretoa. Dena da diferentea.

Ahotsenean zer sumatzen duzu bestela?

Aniztasun handia. Igartzen da garaiak aldatzen ari direla ere. Asko kanpoan gelditzen dira ele bitan kantatzeagatik, euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez... 1990eko hamarkadan, zenbatek grabatzen zuten euskaraz gero erabili ez arren? Ez dago kontzientzia hori. Nik jaso dudan tradizioa beste bat da, eta ez dakit ez dugun jakin transmititzen edo ez duen inporta. Gustatzen zaizkit ele bitan kantatzen duten talde asko, baina hori beste gauza bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.