ATZEKOZ AURRERA

Loditasuna harro erakusteko

Ezin Kabitu taldeak antolatuta, lodifobiaren aurkako eguna ospatu zuten atzo Gasteizen. Jaia eta aldarrikapena elkartuz, lodiaktibismoa sustatzeko eta mugimendua saretzeko baliatu zuten.

Zapi horiak jantzita egin zuten kalejira atzo goizean Gasteizko Alde Zaharrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Lodiok harro irakur zitekeen zapi hori bat soinean zeramatela, kalejiran abiatu ziren dozena bat lagun Gasteizko Burulleria —edo Bolleria, haien hitzetan— plazatik Haiztogile kalerantz. Supermerkatuko orga gorri bat buru, ekitaldiaren hasieran ia gainera bota zitzaizkien telebistako kameren aurrean azalpenak eman ostean, ekin zioten bideari. Festa eta aldarrikapen eguna baitzen atzokoa batzuentzat, baina ez zenbait erakunderen egutegi ofizialak jasotzen duen efemeridea ospatzeko. «Martxoaren 4a loditasunaren aurkako eguna izan da orain arte, baina guk buelta eman nahi diogu horri: hori apurtu nahi dugu», azaldu zuen Laura Galar Ezin Kabitu taldeko kideak. «Gure loditasuna, gure gorputzak, gure alozak aldarrikatzera gatoz».

Lodifobiaren aurkako eguna ospatu baitzuten atzo, Ezin Kabitu taldeak berak antolatuta, gizentasunak sortzen duen aurkakotasuna arbuiatu eta pertsona lodiek urteetan jasan dituzten zapalkuntzei «planto» egiteko asmoz. Iaz ekin zioten lodifobiaren aurkako aktibismoa sustatu eta saretzeari, eta orduan proposatu zuten eguna antolatzea.

Euskal Herriko I. Jatunaldiak antolatu zituzten Gernika-Lumon (Bizkaia), sistemak sustatzen dituen jarrera eta prozedura lodifoboez ohartarazteko, eta gaiaz modu kolektiboan hitz egiten hasteko. Izan ere, «loditasuna politizatzeko premia» dagoela uste dute; hau da, zama guztia norbanakoengan jarri ordez, sistemaren eta gizartearen gain jarri behar dela iritzi diote. Horretarako antolatu zuten atzoko eguna, bide horretan urratsak egiteko.

Kolektibizatzeko beharra

Txapelarri tabernan egin zuten aurreneko geldialdia. Jendetza zebilen ordurako Alde Zaharrean, eta kalejirako musikak are gehiago berotu zuen kaleko giroa. Tabernaz taberna igaro zuten goiza, eta, bidean aurrera egin ahala, pixkanaka batu zitzaien jendea ospakizunera. Edonola ere, egun osoko egitaraua antolatu zuten. Eguerdiko kalejiraz gain, Warras Bizarras taldearen performance ekintza, trago hartzeak eta Bad Sound Sister taldearen kontzertua ere izan baitzuten arratsaldean.

Baita Asanblada Lodia ere; izan ere, argi dute ezinbestekoa dela kolektiborako jauzia ematea, ez soilik minak edota zaintza kolektibizatzeko, baita aktibismoa saretzeko ere. «Egia da jatunaldiez geroztik ez dugula ezer antolatu; digestioa egiten aritu gara, nolabait esateko. Euskal Herriko hainbat txokotako jendea gara, eta horrek ere zaildu egiten du saretzea. Beraz, eguna eta asanblada bera erabili nahi izan ditugu», azaldu zuen Galarrek.

Argi dute, halere, «borroka» hasi baino ez dutela egin; orain arte ez baita lodifobiari aurre egiteko mugimendu antolaturik izan Euskal Herrian. Bada, nabarmendu zutenez, aktibismoa indartzen den heinean, mugimendua ere are nabarmenagoa izango da. Horregatik, atzoko eguna «inflexio puntu» bat izango dela adierazi zuten.

Izan ere, bertaratu zirenek ohartarazi zuten ez dutela amore emango loditasuna gaixotasunarekin lotzen den bitartean. «Ez gara terapia talde bat: subjektu politikoak gara. Lodiok moralki ez gaude ongi ikusiak, ez osasunaren ikuspuntutik, ez hezkuntzaren ikuspuntutik. Eta, hori aldatzen ez den bitartean, ez gara geldituko», adierazi zuten. «Nahikoa kaka jan dugu jada: gehiago ez zaigu kabitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.