urtzi urkizu
ANALISIA

Herria (des)egiten duten lehiaketak II

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Duela bederatzi hilabete, testu honen izenburu bereko batean oroitu genuen: 2017ko ekainaren amaieran eman zuen ETB1ek azken lehiaketa —kultura orokorreko galderena, ez abesbatzena—. Artikulu hark kritikatzen zuen, funtsean, ETB2ko lehiaketek ikusleei transmititzen diena: «Gaztelaniazko lehiaketan, 900 kilometrora dagoena —Espainian— gurea da, eta Miramondik 50 kilometrora dagoena [Lapurdin] ez da existitzen». Denboraldi honetan, arrakala zabaldu egin da: ETBk euskarazko lehiaketarik gabe jarraitzen du, eta ETB2n beste lehiaketa bat sortu dute —baten faltan, bi daude, beraz—. Yo sé más que tú lehiaketa berriko probetan ageri diren musika taldeak eta pertsonaiak Espainiako irrati-telebistetako erreferenteak izaten dira —euskarazko talderen bat sartzen dute, salbuespen exotiko gisa—. ETB2ko lehiaketa hori ETB4n ere ematen dute berriro, ordutegi onean. Herria egiteko modu bat zabaltzen du telebista publikoak modu horretan: Espainiako erreferenteak direla ezagutu beharrekoak, eta ez beste batzuk.

Errioxako edo Kantabriako herritarrek aukera dute Atrápame si puedes eta Yo sé más que tú lehiaketetan parte hartzeko, eta berdintasunean, sariak irabazteko. Duela bi aste, lehiaketa berrian 12.500 euroko zakua eraman zuen talde batek. Lehiakideetako bat Malagakoa (Espainia) zen. Kontua da Miguel Cervantesek baino hobeto gaztelania menperatuta ere, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lehiakide batek ezingo lukeela inoiz halako saririk jaso. Ez dituelako Espainiako kultura popularraren erreferente finak zein zakarrak menperatzen.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako telebista publikoa modu horretan ari da, eta ez bakarrik lehiaketen arloan. Elixabete Garmendia kazetariak berriki hala esan zuen: «Garrantzia eta sosak ETB2k eramaten ditu; bitartekoak beti ETB2ri eman zaizkio. ETB1 beti pobre, beti morroi. Harreman diglosikoa da». Asteburuetan eta jai egunetan, gaueko Teleberri-k Gaur Egun-ek baino hiru aldiz gehiago irauten du, hiru aldiz informazio gehiago. Baina Edu Barinaga ETBko zuzendariak gaiari honela erantzun zion iazko otsailean: «Ez dut uste hainbesteko aldea dagoenik, baina begiratuko dut». 21 hilabete pasatu dira, eta egoerak okerrera egin du.

ETBko zuzendaritzak zer begiratzen duen edo zer begiratzen ez duen, Euskal Herrian hutsuneak herri ekimenetik bete izan dira kasu askotan. ETBn euskarazko lehiaketarik ez dago, kultura orokorreko galderen inguruko jokoekin ezin dute euskaraz gozatu familia euskaldunek. Aldiz, Eibarko (Gipuzkoa) Codesyntax enpresak Egunean behin aplikazioa sortu du. Erabiltzaile bakoitzak egunero hamar galdera erantzun behar ditu. Galdera batzuk mundu mailako erreferenteei lotuak dira, eta beste askok Euskal Herriari —zazpi lurraldeei— egiten diete erreferentzia, baita euskal kulturari ere. Jokoak ez du telebistaren indar biderkatzailea; ez du telebista saio batek izan dezakeen aurrekontua. Baina aplikazioak eskuratu dituen datuak ez dira nolanahikoak: martxoan martxan jarri zutenetik, 43.000 deskarga baino gehiago izan ditu; erabiltzaile aktiboak 33.800 inguru dira, hau da, azken astean partidaren bat jokatu dutenak; eta, astez aste, %10eko gorakada izaten ari da. Aplikazioak taldeka jokatzeko aukera ematen du. Horrenbestez, kuadrilla, familia edo lagun talde batek lehia sanoa izan dezake jokoarekin, egunero zerbait berria ikasten duen bitartean. Sariak ere banatzen dituzte, gainera.

«Gurea saiakera txiki bat da euskarazko ikono bat jendearen telefonoetan sartzeko», esan zuen BERRIAn irailean Josu Azpillaga Codesyntaxeko kideak. Gehiegi al da esatea euskaldunen artean EITBren sakelako aplikazioak baino zale gehiago dituela? Nabaria da Egunean behin ahoz aho ari dela erruz zabaltzen, marketin kanpaina garestirik gabe.

Erantzunik izango ez duen beste proposamen horietako bat izan daiteke ondorengo hau: ETBk ez baldin badu euskarazko lehiaketarik ekoitzi behar, gaztelaniazko bi lehiaketetako sarien erdiak Codesyntax enpresakoei eman diezazkietela, Egunean behin-en jokatzen duten euskaldunen artean banatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.