ATZEKOZ AURRERA

Joandako horiei, lore gutxiago

Domu Santu eguna da gaur; loreekin hilerrira joatea da ohitura. Hala ere, loradendetako jabeek azaldu dute gutxitu egin direla salmentak, jendea hilerrira joateko «beldur» delako.

Pilar Ostolaza Gasteizko Eguzkilore lore dendako jabea, bezero batekin, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Lore gorri bat hartu du eskuetan dendariak. Beste bizpahirurekin nahastu, eta lore sorta bat sortu du minutu azkar batean. Erosleari erakutsi, eta emaitza gustukoa bada, haren eskuetan utziko du. Berdin egingo du etorriko diren gainontzekoekin ere. Horiak, zuriak, laranjak eta moreak dira loradendan dauden landareak, eta guztiak, berde ukitu batekin. Zainduta daudela nabaria da; orbain bat bera ere ez dute. Badaude urre liliak, krabelinak, bitxiloreak, arrosak eta ekiloreak ere. Eguerdiko eguzki izpiekin, gainera, are distiratsuagoak dira lore horien kolore biziak.

Domu Santu eguna da gaur, eta hainbat dira joandako horiei loreak erosteko ohitura dutenak, hilerrietan eta leku sakratuetan jartzeko, eta era batera edo bestera gogoan dituztela adierazteko. Hala ere, loradendetako jabeek aitortu dutenez, ohi baino gutxiago saltzen ari dira aurten, iazko urtearekin alderatuz gero. Izurritearen bilakaera saihesteko hartu diren neurriak eta horiek sortu duten beldurra jarri dituzte erdigunean; baina espero dute datozen asteetan salmentak areagotzea, herritarrak hilerrira geroago joango direla iritzita.

Irribarre batekin agurtzen ditu Pilar Ostolaza Gasteizko Eguzkilore loradendako jabeak bertara sartzen direnak. Loreak gustuko zituelako erabaki zuen negozioa zabaltzea, eta dagoeneko bederatzi urte daramatza haren gidari. Lorez beteta dauka denda aurrea, kolore eta mota guztietako landarez. Hala ere, adierazi du lore horiek bezeroak behar dituztela, eta salmentetan beherakada nabaritu duela: «Domu Santu eguna gerturatu ahala, loreak erostera etorri ohi da jendea, baina orain beldurra da nagusi». Haren arabera, herritarrek gaurko egunean hilerrira ez joatea erabaki dute, segurtasun neurriengatik hala eskatu zutelako osasun agintariek. Uste du jendeak datozen asteetara atzeratu duela hildakoekin zuen hitzordua, eta, beraz, loreen salmenta ere orduan izango dela nabarmenagoa.

Eguzkiloretik atera berri da Nadia Esteban. Krabelin sorta bat du eskuetan, baina adierazi du ez duela hildako inorentzako erosi, baizik eta bere amari «sorpresa» bat emateko. Ez du hilerrira joateko ohiturarik, eta egun honetan inguruan hil direnak gogoratzekoa ere ez. Nolanahi ere, nabarmendu du loreak hilerrian uzteko ohitura egokia iruditzen zaiola: «Lore bat da egon daitekeen oparirik edo omenaldirik hoberena, eta, gainera, alaitasuna transmititzen dute». Esate baterako, erantsi du familian ohitura dutela urtebetetzeetan loreak oparitzeko.

Handik metro gutxi batzuetara beste loradenda bat dago: Margarita Me Llaman. Ana Muñoz da bertako arduraduna, eta azaldu du urre liliak dauzkala jarrita hildakoen egunerako, baina berak ere aitortu du oraingoz salmentak ez direla nabarmenak. «Jendeak luze irauten duten loreak eraman ohi ditu halakoetan, eta horregatik ditut urre liliak». Hala ere, erantsi du gainontzean salmentetan ez duela arazorik izan, eta, besteak beste, konfinamenduak on ere egin diola, herritarrak bertako komertzioa babesten hasi direlako. «Urre liliz beteta daukat loradenda, eta saldu ezean, ez dakit zer egingo dudan hainbesterekin, baina ezin naiteke hainbeste kexatu».

Hilerriak, beraz, agian, ez dira lorez beteko gaur, baina baliteke herritarrek beste egun edo era batzuk hautatzea hildakoak gogorarazteko eta omentzeko. Bien bitartean, Ostolazak nabarmendu du izurriteak sortu duen egoerari «era batera edo bestera» egin behar zaiola aurre, eta horretarako funtsezkoa dela loreak alboan izatea: «Loreak naturalak dira, eta, ondorioz, alaitasuna sentitzen da horiek zainduz edo edukiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.