ATZEKOZ AURRERA

Txokolateak bahitu zuen hiria

Bisita gidatu batek Baionan barrena txokolateari esker urtzeko parada ematen du, bederatzi txokolategiek josten baitute hiria. Lau mendeko historiak eraiki dion fama ona elikatzen dute.

Isabelle Dupont Baionako txokolatearen bisita gidaria, atzo, txokolate harria nola erabiltzen zen azaltzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Txokolatea Baionan urtu zen, eta, geroztik, ezin da hiria txokolate gabe aipatu.

Herriko etxe aitzineko Askatasunaren plazatik bildu ditu bisitariak Isabelle Dupont gidak, bart. Pandemiak bortzera mugatuak ditu turismo bulegoak antolatu bisita taldeak. Amatxi, gurasoak eta 9 urteko haurra elkartu dira Baionako txokolatearen bisita gidatuan barrena urtzeko.

Port Neuf karrikan taldeak ez du barreiatu behar, osagarri krisia ahanzterainoko jende andana baitago: braderiak baitira. Arkupeetako hemeretzigarrenean, Cazenave txokolate dendaren parean luzaz egin du geldialdia gidak. «Hiriko txokolate egilerik zaharrena da, eta haren egiteko manera zaharra ere mantendu du: eskuz hagunduriko edateko txokolatea». Edateko txokolate hori karrikan zerbitzatzen dute, kartoizko edalontzi eramangarrietan, pandemia dela kausa. Duponten azalpenen artetik, ez dira bakanak xerka jin diren bezeroak: esne edo urarekikoa hautan dute. Ezin uka: krematsu eta mamitsua da.

Baina horren kausitzeko, planetaren buruak lotzen dituen lan kate luzea dago. Kasurako, Ekuadortik eta Perutik zuzenki ekarritako kakao baba nahasketa darabilte. Babetatik kikararaino, urratsak ugari dira: torrefakzioa, birrintzea, ehotzea, nahastea, finketa eta tenplaketa. Badira 150 urte baino haboro «zinezko» Baionako txokolatea egiten duela etxeak: eskuz eta zuzenki kakao babekin, nola osagai naturalekin.

Osagarri krisiak zerratu dizkio txokolategietara sartzeko bortak bisita taldeari. Baina kanpotik ageri da te saloia XIX. mendeko art nouveau arkitekturaren moldeetatik iragan dela, iraganean utzi gabe; hor segitzen baitute Maumejeanen beirateak eta portzelanazko kikarek.

Karrika berean, bertze bi txokolate egile ere badira: Darranatz eta Puyodebat. Erakusleihoko txokolate harri gotorra deigarria da, ahoz gora jarritako xixtera bat iduri du, eta gainean, metro erdiko makila pausatua du: «Nola erabiltzen da hori?», galdetu du taldeko haurrak. Dupontek eszenifikatu du xehatzea bera, azalpena mimatuz: «Brasa kobrezko ontzian sartzen da harriaren pean ezartzeko. Gisa horretan, harria berotzen da. Harriaren gainazalean kokaturiko kakao haziak xehatzen dira makilak harriaren kontra tinkaturik biribilkatuz. Hala da kausitzen pasta lodi bat». Produkzioa biderkatu zelarik harriak aise handiagotu ziren, mekanizatu ziren arte. Baina horrek abantaila zuen: etxez etxe garraia zezaketela Baionan barrena, bere tamaina eramangarriari esker.

'Xocolatl'-etik txokolatera

Kolonizazioaren garratzetik dator txokolatearen gozoa. Azteken eskutik dastatu bide zuen lehenik Kristobal Kolonek xocolatl edari sakratua. Baina Hernan Cortes izan zen kakaoa Atlantikoaren bestalderat garraiatu zuena, Espainiako Karlos V.aren gorteraino, XVI. mendean. Alta, jatorrizko errezeta aldatu zioten: «Jengibrea eta arto irinaren ordez, kakaoa eta urari azukrea, kanela eta banilla nahasi baitzizkioten», erantsi du Dupontek.

Hala ziren Europarat heldu kakao babak. «XVII. mendearen bigarren zatian heldu zen txokolatearen kultura Baionarat, Espainiatik eta Portugaldik Inkisizioak uxatu juduen bidez». Agramont jaunak aterpetu zituen juduetako batzuk Baionako San Izpiritu auzoan kokatuta ziren. Hala ziren hasi hiriko artisauendako txokolatea prestatzen.

Herrikoi egin aitzin, goi klasearen edaria bide zen, baina haurrei debekatua zitzaiela nabarmendu du gidak: «Droga bat bezala kontsideratua baitzen bere bertuteengatik: melankolia eta akiduraren kontrako pizgarri gisa».

50.000 biztanleko hiriak bederatzi txokolate ekoizle ditu orain.

Baiona Ttipiko Laffitte karrikako txokolate urrinak laster salatzen du M. Txokola txokolategirat heltzeko bidea. Berriena da, eta beirazko trenkadek berezi egiten dute, prozesu osoa erakusten baitute. Cyril Pouilek gogotik azaldu du bi laborategien mugimendua: «Hemen transformatzen dugu, eta hor moldeetan ezartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.