Koronabirusa

COVID-19ak gripeak baino gaixo gehiago hil ditu erietxeetan

Goiz da azterketak egiteko, baina gripeagatik sei hilabetez erietxeetan hildakoak halako bi hil ditu koronabirusak hiru astean. 3.310 eri atzeman dituzte; herenak, hiru egunean

COVID-19ak gripeak baino gaixo gehiago hil ditu erietxeetan.
mikel p ansa
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Ostiralean hilabete izango da koronabirusak kutsatutako aurreneko bi gaixoak agertu zirenetik Euskal Herrian: Araban atzeman zuten bat, eta Gipuzkoan bestea. Otsailak 28 zituen, eta harrezkero bizimodua goitik behera aldarazi du birusak, oso azkar zabaldu baita: handik astebetera, martxoaren 6an, 48 ziren kutsatutako gaixoak; martxoaren 13an, 553 ziren; martxoaren 20an, 2.067. Atzokoa da azkeneko datua: 3.310 pertsona kutsatuta —azkeneko hiru egunetan agertu dira diagnostikatu dietenen heren bat—. COVID-19ak hildakoen kopurua ere erritmo berean hazi da: martxoaren 6an, aurreneko aldiz agertu zenetik astebetera, pertsona bat hila zuen gaitzak; martxoaren 13an, hamalau ziren hildakoak; martxoaren 20an, 81; atzo, 145. Gripeak azkeneko bospasei hilabeteetan hil dituen gaixoen doblea baino gehiago hil ditu koronabirusak: hiru aste eta erdian.

Bi birusak eta haiek sortutako bi gaitzak konparatzeko elementuak falta dira, hala aitortu du Elena Eraso EHUko mikrobiologia irakasleak. Batetik, osasun sistema prestatua dagoelako gripea hartzeko, txertoak eta baliabideak badirelako, eta gaitzaren bilakaera ezaguna delako. COVID-19aren birusaren portaera, ordea, ezezaguna da; ez dago txertorik, eta kontu handiagoz ibili behar da gaixoekin, ez kutsatzeko.

Horregatik, bi gaitzak konparatzea ez da ariketa erraza oraindik, baina, hala ere, nabarmena da bortitzagoa izaten ari dela koronabirusa. Gripearen denboraldia hasi zenetik, 2019ko urri-azaroetatik, 1.750 bat pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian gripearengatik; alegia, bospasei hilabetean, guztira. Une honetan, 1.344 gaixo daude koronabirusagatik ospitalean; alegia, hilabeteko epean, koronabirusak ospitaleetara eraman ditu gripeak bezainbeste gaixo ia-ia.

Erietxeetan sortzen ari den kargaren erakusle da beste datu hau ere: gripeagatik ospitaleratuak nekez izaten dira 150 baino gehiago aldi berean, Hegoaldean; atzo 1.344 gaixo zeuden koronabirusagatik ospitaleratuta. Horrek esan nahi du gripea goreneko puntura iristen denean baino bederatzi aldiz pertsona gehiago daudela oraintxe bertan erietxeetan. Eta hori da, hain justu, agintarien eta herritarren kezka: osasun sistema prestatua ote dagoen koronabirusak kolpetik ekar ditzakeen eri kopuruak hartzeko.

Gripeagatik, bestalde, 62 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian azkeneko bospasei hilabeteetan; koronabirusak hilabete bakarrean hil ditu doblea baino gehiago: 144 pertsona Hego Euskal Herrian. Halere, kontuan hartu behar da datu bat: Nafarroan, iaz, 42 pertsona hil ziren ospitaleetan gripeagatik. Gero egin zuten kalkulua, gripeak egiaz hildakoen kopurua estimatzeko; 174 izan zirela ondorioztatu zuten. Baina, estimazioak alde batera utzita, ospitalean gripeagatik hilak eta ospitalean koronabirusagatik hilak alderatuz gero, birus berriaren oldarkortasuna agerikoa da.

Ezin gaixo kopurua zehaztu

Konfinamenduak hamargarren eguna du gaur Hego Euskal Herrian, eta zazpigarrena Ipar Euskal Herrian. Orain arteko ikerketen arabera, pentsatzen da birusa egun bat eta hamalau artean egon litekeela pertsonen gorputzean inkubatzen, sintomak agertu arte —batezbestekoa bospasei egun da—. Horrek esan nahi du konfinamendua ezarri aurretik kutsatutako jendearen kasuak agertzen ari direla egunotan argitara ateratzen ari diren koronabirusaren datuetan. Hazkundea etengabekoa da, eta, gainera, bizkortu egin da aurreko astean: gaixo gehiago, hildako gehiago eta ospitaleratze gehiago metatuz doaz egunez egun, eta ez dago argi noiz iritsiko den gailurrera.

Zenbat jende dagoen kutsatuta, hori da etxean itxita dagoen herritar askok bere buruari egiten dion galdera. Baina ez du erantzunik. Argitaratzen ari diren datuetan ez dira agertzen gaixo dauden pertsona guztiak. Administrazioek, aurreneko egunetan, ahalegina egin zuten gaixotzen ari ziren pertsona guztiak identifikatzeko, haiei probak egiteko, eta haiekin harremana izan zutenei itxialdia agindu eta probak egiteko. Baina ahalegin horrek azkar gainditu ditu administrazioen ahalak. Testak egiteko materiala falta zen, laborategietara igorri behar ziren, 24 bat ordu itxaron emaitzak jasotzeko...

Martxoaren 15aren bueltan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen protokoloa aldatuko zuela, eta Eusko Jaurlaritzak gauza bera egin zuen handik egun pare batera. Handik aurrera, ospitaleetan dauden gaixoei eta arriskuan dauden funtzio publikoko langileei egiten ari dira testak —erizainei, medikuei, poliziei...—. Bestalde, sintoma arinak dituztenei etxean gelditzeko aholkatzen ari dira, eta ez zaizkie testak egiten ari. Konfinamenduarekin bateratsu etorri da erabaki hori, eta horrek esan nahi du grafikoetan ageri direnak baino gaixo gehiago daudela koronabirusak kutsatuta. Ipar Euskal Herrian ere antzera gertatzen ari dela ohartarazi du sendagile batek BERRIAn: ez dira testak egiten ari gaixo guztiei.

Arriskuan dauden eta funtzio publikokoak ez diren beste langile batzuei ere ez zaizkie probak egiten ari, nahiz eta babes neurri eskasekin dabiltzala salatu duten. Garbitzaileak, anbulantzia batzuetako gidariak, zahar etxeetako langileak... egoera horretan daude. Gaitza agertu denean egin dizkiete probak batzuei. OME Osasunaren Mundu Erakundeak esana du gaixo guztiak detektatzeko eta haien kontaktu guztiak aurkitzeko ahalegina egin behar dela, baina baliabideak falta dira. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak joan den larunbatean iragarri zuen test azkarrak egiteko tresna gehiago eskuratuko dituztela aurki; atzo iritsi ziren horietako batzuk Nafarroara.

Datuak emateko moduan ere izan dira gorabeherak. Nafarroako Gobernuak Espainiakoaren aginduei jarraitu die; hasieran, eguerdian eta iluntzean ematen zituen datuak. Eusko Jaurlaritzak eguerdian soilik ematen zituen. Martxoaren 17tik aurrera bateratu dituzte datuak emateko irizpideak: 12:30ak aldera eguneratzen dituzte, egun oroz —tarteka datu solte batzuk ere ematen ditu Nafarroak iluntzean, halere—. Bezperako 20:00ak arte antzemandako kasuen berri ematen dute. Bilakaeraren grafikoetan gorabehera batzuk eragiten dituzte metodologia aldaketa horiek, baina joera argia da: egunez egun ugarituz doaz gaixoak. Bizkaian atzo 172 gaixo berri diagnostikatu zituzten, eta herenegun, 208; Araban, atzo 97, eta herenegun 112; Nafarroan, atzo 92, eta herenegun 130; Gipuzkoan, atzo 55, eta herenegun 56. Orain arteko datu okerrenetakoak dira. Ikusteko dago kurba apalduko ote den, edo noiz apalduko den.

Arabatik Bizkaira

Infekzio foku handiena Araban dago. 1.009 pertsona gaixotu eta 70 hil dira han. Intzidentzia tasak erakusten du zenbateko eragina duen: Arabako 10.000 biztanleko, 30,43 kutsatu dira, atzoko datuen arabera, eta 2,1 hil dira. Arabaren atzetik Nafarroan hedatu da gaitza bizkorren. 886 pertsona gaixotu eta 24 hil dira han, atzoko datuen arabera. Intzidentzia tasa Araban baino txikiagoa dute oraindik, hala ere: Nafarroako 10.000 biztanleko, 12,24 kutsatu dira, eta 0,4 hil.

Bizkaian gaitza motelago zabaldu da hasieran, baina martxoaren 17-18tik aurrera ziztu batean hasi dira ugaritzen gaixoak, eta atzo, aurreneko aldiz, Araban baino gaixo gehiago kontatu zituzten Bizkaian. Arabak baino intzidentzia tasa txikiagoa du, halere: Bizkaiko 10.000 biztanleko, 8,95 gaixotu dira, eta 0,3 hil. Gipuzkoan, berriz, joera apalagoa izan du gaitzak orain arte, baina modu konstantean ari da igotzen han ere. Hegoaldeko intzidentzia tasarik txikiena du oraindik ere, ordea, aurreneko gaixoetako bat han agertu bazen ere: atzoko datuen arabera, Gipuzkoako 10.000 biztanleko, 5,81 gaixotu dira, eta 0,2 hil.

Ipar Euskal Herrian are datu apalagoak eman ditu gaitzak orain arte. Martxoaren 11 arte ez zen jakin Lapurdiko lehen eriaren berri, eta Zuberoako lehenaren berri martxoaren 19an izan zen —martxoaren 20an hil zen, Paueko ospitale batean, Okzitanian—. Hiru probintzietako datuak biltzea gaitzagoa da: ARS Frantziako osasunaren agentziak ematen ditu datuak, eskualde administratiboen arabera. Ezagun da Pirinio Atlantikoetan 41 gaixo direla, baina horietatik Ipar Euskal Herrikoak zenbat diren ez dute azaldu. Baionako erietxeak BERRIAri esan dio ez dutela baimenik hango datuak emateko. Halere, jakin da gutxienez zazpi eri egon direla Baionako ospitalean, eta Atharratzeko (Zuberoa) beste bi Pauen — zuberotarrak han ari dira artatzen—.

COVID-19a gaitz berria da, eta haren bilakabidea ez da ezagutzen oraindik. Horregatik, eta ikusita zabaltzen ari diren datuak hurbilpen bat baizik ez direla, hildakoen eta ospitaleratuen datuak dira datu ziur bakarrak. Eta biak gora doaz azkeneko egunetan; are, azeleratu egin dira. Aurreko astelehenetik atzo bitarte, hirukoiztu egin da ospitaleratuen kopurua —371 ziren orduan; 1.344 atzo—. Hegoaldeko probintzia guztietan hirukoiztu da kopurua, baina batez ere Bizkaian nabaritu da eragina. Atzo 541 gaixo zeuden ospitaleratuak han, eta gaixo gehien erietxean dituen herrialdea da orain, Arabaren aurretik.

Gasteiz eta Bilbo

Martxoaren 19tik aurrera, Eusko Jaurlaritza datuak xeheago ematen hasi zen. Orduz geroztik, egunero dokumentu batean aletzen ari da zenbat test egiten ari diren —atzokoa da azken datua: 7.939 proba, 7.047 pazienteri eginak—. Datuek egiaztatzen dute aurretik espero zena, adinean aurrera egin ahala eragina handiagoa duela gaitzak. Herriz herriko datuak ere ematen hasi zen Osakidetza, eta igandekoa da azken datua. Horren arabera, herri hauetan dago gaixo gehien: Gasteiz (815 gaixo), Bilbo (289), Basauri (123), Getxo (90), Donostia (75), Barakaldo (69), Leioa (58), Erandio (35), Tolosa (33), Irun (33), Santurtzi (31) eta Galdakao (30). 30 eri baino gutxiago daude besteetan, baina kopuruak egunero doaz gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.